Kax-kax. Usurbilgo Etxebeste kaleko bosgarren zenbakiko atean jo, Arenza tailerrean, eta segituan aditu dira barnetik pauso arin batzuk. Andoni Arzallusek (Usurbil, Gipuzkoa, 2001) ireki du atea: «Aurrera!». Zur usaina dario barnealdeari; izan ere, Arzallusek egurra lantzen du han, bai eta horrekin askotariko musika eta dantza tresnak sortu ere. Kax-kax. Arzallus pausu azkarrean abiatu da berriro ate aldera. Banatzailea da, eta kartoi kaxan bildutako pakete bat ekartzera etorri da. Egurra du barruan. «Hau gabe ezin dut lanik egin», esan du Arzallusek kaxa eskuetan hartuta.
Tailerrak mahai bat du erdi-erdian, eta askotariko haizezko instrumentuen hainbat pieza ditu haren gainean txukun jarrita: alboka baten zenbait atal, dultzainarenak, txirularen batenak... Pieza bat bera ere ez da bestearen iguala, baina badute batzen dituen zerbait: Arzallusek eginak dira denak. Ez da halakoak teknologia berriekin egin zalea; eskuak ditu lanabes. Tailerraren erdian duen mahaiaren alboan tornu berde bat du, 1960ko hamarkadakoa, eta horixe du lan egiteko erremintetako bat. Zizelak, brotxak, lixak... halakoak ere izaten ditu tresnak sortzeko orduan lagun.
«Zerbaitek irauteko garrantzitsua da belaunaldi erreleboa, eta horretarako beharrezkoa da transmisioa»
ANDONI ARZALLUS Artisaua
«Kaxa batean iristen zaizkit egur guztiak. Forma karratua izaten dute, eta, edozein musika tresna egiterakoan, zera da egiten dudan lehenengo gauza: borobildu». Erdiko mahaiaren ezkerraldean dagoen apal batetik dagoeneko borobildua duen instrumentu baten atal bat hartu du eskuetan, eta esplikatu, behin forma biribila emanda, zuloa egiten diola barnean. «Tresna zilindrikoa izango bada, broka normala sartzen diot, eta konikoa baldin bada, mailaz maila zulatzen dut hainbat broka erabilita». Egindakoa lehortzen uzten du gero, «egonkortzeko», nolabait. Izan ere, dio musika tresna bat ez dagoela hasitako egun berean bukatzerik. «Hori izango litzateke hanka puskatu eta hurrengo egunean maratoi bat korritzea bezala. Musika tresnak egonkortuta egon behar du, eta nik urte erdi uzten ditut hor, ukitu gabe».
Sei hilabete pasatutakoan, «hurrengo transformazioa» egiteari ekiten dio Arzallusek. «Dultzainei beste instrumentuei sartzen ez zaien hortz berezi bat sartu behar izaten zaie», azaldu du. «Gero, aurrealdeko forma ematen diet denei, eta, eraztunak baldin badauzkate, eraztunak jartzen dizkiet, beste egur batekoak, metalezkoak edo plastikozkoak. Metalezkoak, adibidez, soldatu egin behar izaten dira». Ondotik, pieza bakoitzari dagozkion detaileak eransten dizkio. «Bakoitzak bere prozesu partikularra du. Txirulei edo flautei, adibidez, alaka bat zizelkatu behar izaten zaie, putz egiteko kanala». Tresnak tornuan lantzen ditu gero, ondoren lixatu, zuloak egin eta olioak emateko. «Hori bai: hemendik ez da musika tresnarik ateratzen aurretik nik probatu gabe», esan du.
Transmisioa
Arzallus haurra zela hasi zen musika tresna tradizionalak jotzen, hala txistularien nola dultzaineroen taldeetan. 2021ean, baina, pandemia bete-betean, «beste zerbait egiten hasteko gogoa» piztu zitzaion, Manez Zabaleta eta Janitz Enparantza kideekin batera. «Ezin genuen kalean jo, eta etxean egoten ginen entseatzen. ‘Zergatik ez dugu tornu txiki bat erosten denborapasa gisa?’, esan zuen kide batek, eta azkenean, elkarrizketa txoro bat zirudiena egia bihurtu genuen. Proiektuari Arenza izena jarri genion; hiruron abizenen lehen silabarekin sortu genuen», kontatu du. Txirula bat izan zen Arzallusek eskuz egin zuen lehen tresna, eta musika taldeko kide bati eman zion opari. «Esperimentu bat izan zen. Lehenengoa zen, eta soinua ateratzen zuen, behintzat. Horrek bultzatu ninduen aurrera jarraitzera».
Orduantxe jakin zuen bide hori zela jarraitu nahi zuena, eta erretiratzear ziren artisauengana jo zuen aurrena, hala nola Jose Osesengana, Joxe Manuel Agirrerengana eta Salvador Martinezengana. Arzallusen irudiko, «asko» ikasten da eskarmentua duten artisauei begira, eta dio oso baliagarri izan zitzaiola eurekin ikasitakoa. Aurrerago, Vigoko (Galizia) Arte eta Ofizioen Eskolan aritu zen urtebetez, eta han ikasi zuen gaita galiziarrak eta flauta tradizionalak egiten.

Orain, goizean goiz joaten da tailerrera, eta arbel txiki batean klarionaz idatziak dituen enkarguak egiteari ekiten dio. «Egunero ari naiz gauza berriak ikasten, eta hala, pixkanaka hobetzen». Aurrerantzean jardun horretatik bizi nahi duela dio.
Iruditzen zaio, gainera, bazela gazteak artisautzan hasteko premia. «Pentsa: jardun honetan hasi ziren gehienak 1970eko hamarkada inguruan hasi ziren, eta denbora pasatu da ordutik. Badago eskaria, baita artisauen beharra ere. Zerbaitek irauteko garrantzitsua da belaunaldi erreleboa, eta horretarako beharrezkoa da transmisioa».
Hain zuzen ere, transmisio horri bide emateko, hainbat azokatan parte hartu du. Maiatzaren 30ean, esaterako, Barakaldon izango da 11:00etatik aurrera, Laguntasuna elkarteak antolatutako artisau azokan.