Bizi Beizama proiektua izendatu dute Europako Batasunak bultzatutako New European Bauhaus sarietako finalista, udalerri txikien kategorian. Hainbat adituk osatzen dute sariketako epaimahaia, eta Bizi Beizama proiektuari «kalitatea», «Europako ekimenaren balioekin lerrokatuta egotea», «iraunkortasuna» eta «inklusioa» sustatzeko duen ahalmena aitortu dizkiote, besteak beste. «Gure proiektua finalista izendatu dute landa inguruneko despopulazioari aurre egiteko egin duen apustu berritzaileagatik», esan du Beizamako Udalak. Gaur izango da sari banaketa, Europako Parlamentuan, Bruselan, New European Bauhaus in Regions and Cities ekitaldiaren barruan.
2018an aurkeztu zuten Bizi Beizama egitasmoa, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorlur elkarteak, Urkomek eta Beizamako Udalak, Ongi Etorri Beizamara proiektuaren barnean. Helburua da alokairurako hamabi etxebizitza sozial eraikitzea, herriaren despopulazioaren erronkari erantzuteko. Etxebizitza horiek eraikitzeko lizentzia dute dagoeneko, eta diseinua ere erabakita daukate. «Bizilekua eta jarduera ekonomikoa uztartzen dituzten etxebizitza produktiboak izatea da asmoa», esan du udalak. Hortaz, Bizi Beizamak biztanleak erakarri nahi ditu herrira, «komunitate bizitza biziberritzeko» eta landa eremu batean «aukera ekonomiko berriak» sortzeko.
Europa osoko hirurehun proiektu aurkeztu dituzte sariketara, eta 30 baino ez dituzte hautatu finalista; horien artean da Bizi Beizama. Udalak dio aitortza hori «oso bultzada garrantzitsua» dela herriarentzat, erakusten baitu udalerri txikiak «lider» izan daitezkeela Europan eragina duten proiektu eraldatzaileetan.