Itsasoan hazi da Izar de la Hoz (Getaria, Gipuzkoa, 1999), bai eta hezi ere, gurasoen belaontzia izan baitu etxe eta eskola. Bi hilabete besterik ez zituela egin zuen lehen itsas irteera, etxekoekin, eta bizitza horretara ohituta, bederatzi urte eman zituen itsasoan bizitzen. Patroi izatea izan du beti amets, eta ahaleginak eta bi egin ditu hura bete zedin. Oztopoekin egin du topo, baina. Izan ere, hiru urte dira titulu hori atera zuela, eta hainbat ate jo baditu ere, ez du patroi gisa aritzerik izan. Anaiak, aldiz, ikasketak amaitu eta berehala lortu zuen lana sektore horretan. Uste du emakume izateak baduela zerikusirik, eta «frustrazioa» eragiten dio horrek. Nolanahi ere, ez du amore emango.
Zer lotura duzu itsasoarekin?
Oso estua. Nire aita arrantza munduko familia batetik dator, eta nire Bakioko aitite ere, amaren aita, merkataritzako ontzidiko kapitaina zen, nahiz eta ez zuen inoiz kapitain gisa lan egin. Gainera, ni jaiotzerako belaontzi txiki bat zuten nire gurasoek, eta irteera laburrak egiten genituen pare bat hilabete besterik ez nituela. Kamarotean jartzen ninduten, ahal zuten moduan, hamar mila kuxinez inguratuta eta manta askorekin bilduta. Handitu ahala, gurasoek ikusi zuten anaia txikia eta biok pixkanaka-pixkanaka ohitzen ari ginela itsasoko bizitza horretara, eta parkera eramateko eskatu beharrean itsasora eramateko eskatzen genuela. Belaontzi handi bat erosi zuten azkenean, eta han jarri ginen bizitzen. Nik 6 bat urte izango nituen.
«Nire gurasoak ausartu ziren itsasoan bizitzeko apustua egitera, hipoteka, etxea eta garajea utzita»
Eta hala, bederatzi bat urte egin zenituzten itsasoan, ezta?
Bai. Gurasoak ausartu ziren apustu hori egitera, hipoteka, etxea eta garajea utzita. Ontzian bizitzen jarri ginen, eta Mallorcara joan ginen aurrena, probatzeko. «Emango dugu beste pauso bat eta joango gara Kanarietara?», pentsatu zuten gurasoek, eta horixe egin genuen. Kanarietan Europatik eta Mediterraneotik datozen ontzi asko elkartzen dira normalean.
Zertarako?
Atlantikoa zeharkatzeko.
Eta zuek gurutzatu al zenuten?
Bai, eta familia asko zeuden, gu bezala, pauso hori eman zutenak. Hamazazpi bat eguneko trabesia eginda iritsi ginen Fernando de Noroñara, Brasilera. Bost urte pasatu genituen Hego Amerika eta Karibe aldean. Amak lehen sorospeneko ikastaro trinko bat egin zuen, itsas zabalean ezer gertatuz gero azkar erreakzionatzeko, eta aitak lurrean zeudenekin komunikatzeko tituluak atera zituen.
Anaiak eta zuk eskolak jasotzen zenituzten?
Bai. Nire gurasoek baimena eskatu zuten urrutiko hezkuntza jaso genezan, baina hezkuntza mota horrek Espainia barruan soilik balio zuen, handik kanpo, ez. Kontua da nire ama irakaslea zela, eta horregatik onartu ziguten klaseak amak ematea. Baldintza bakarra jarri ziguten: udaro itzuli behar ginen, anaiak eta biok bost orduko azterketa bat egin behar genuelako, ikasten ari ginela ziurtatzeko. Zegokigun mailan jarraitzen bagenuen, baimena ematen ziguten hurrengo urtean hala ikasten jarraitzeko.
Eta ez bazenuten ikasturtea gainditzen?
Akabo gure abentura.
Harrezkeroztik egin duzu halako beste trabesiarik?
Ez horren luzerik, baina egin dut, bai. Begira: anaia eta biok ontzi mekanikariak gara, eta patroi izateko ere ikasi dugu. Aldi berean bukatu genituen ikasketak, orain dela hiru bat urte, eta urte sabatiko bat-edo hartu nahi genuen. Kontua da umetan egin genuen urteetako trabesia hartan Venezuelako gizon bat ezagutu genuela, itsasoan bakarrik bidaiatzen zuena. Beti eutsi diogu harremanari. 2022an, belaontzia galdu zuen gizon horrek, arroka batzuen kontra jota, eta beste barku bat erosi behar izan zuen. «Zer iruditzen Pazifikoa gurutzatzen badugu eta ontziko maniobrekin laguntzen badidazue?», esan zigun anaiari eta bioi, eta guk baietz erantzun genion. Aita gurekin etorri zen, baina amak ezin izan zuen. Halere, amak asko lagundu zigun, bazekielako satelite bidez komunikatzen, eta ekaitzetatik nola ihes egin esaten zigun.
Lehenago esan duzu patroi izateko ikasketak egin dituzula. Egin al duzu lan patroi gisa?
Ez. Hiru bat urte dira titulua atera nuela, eta oraindik ez dut lortu.
Eta anaiak?
Anaiak bai, ikasketak bukatu eta segituan lortu zuen lana arrantzontzi batean. Inpotentzia handia ematen dit horrenbeste saiatu eta ez lortzeak.
Emakumea izateak badauka zerikusirik horretan?
Noski. Arrantza beti izan da gizonen mundua, eta, gauzak aldatzen ari badira ere, oraindik ez dira erabat aldatu. Inoiz alabarik badut, ez nuke nahi nire egoera berean egoterik, eta horretarako ere borrokatu nahi dut. Ate asko jo ditut hiru urteotan, curriculum asko bidali, eta ez dut lanik lortu. Izan dut aukeraren bat lau-bost hilabete Madagaskarren edo Ekuadorren pasatzen dituzten arrantzontzietan, baina nik ez dut hori nahi. Nik baxurako arrantzako patroi izan nahi dut, eta, ahal bada, sustraietatik gertu. Nirekin ikasi duten guztiak etxean geratzen badira, zergatik joan behar dut nik horren urrutira? Hemen dauzkat familia, bikotekidea eta lagunak. «Igual ez dut honetarako balio», pentsatzen nuen. «Igual ez da niretzat, igual, igual, igual...». Frustrazio handia eragiten dit horrek, eta antsietatea ere bai, azaleko arazoak izateraino. Halere, Pazifikoa gurutzatu genueneko bidaia hark asko lagundu zidan mentalki; biziberrituta itzuli nintzen, lasaiago, baina horrek ez du esan nahi amore eman dudanik. Nire ametsa bete nahi dut, eta hori lortzeko borrokatu behar badut, borrokatuko naiz.
LOTSABAKO
Zer dauka itsasoak lehorrak ez duenik? Askatasuna.
Itsasoan egin dituzun bidaietan bat aukeratu beharko bazenu? Amazonas.
Itsas trabesiak egiteko konpainia on bat? Ni neu.