Tolosako Amarotz auzoa «aldaketa estrategiko bat» gertatzear da, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuaren arabera. Izan ere, otsailean abiatuko dituzte han alokairuko babes ofizialeko 192 etxebizitza eraikitzeko lanak. Jaurlaritzak 34,76 milioi euro jarri ditu proiektu horretarako, eta Sukia Eraikuntzak enpresari eman dio etxe horiek eraikitzeko lizentzia. Itxasok esan du aurreikuspenen arabera lanak 2028ko bigarren seihilekorako amaituta izango direla.
Sailburuaren arabera, proiektu horrek «garrantzi handia» du Tolosarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat. «Tolosan eraikiko ditugun 192 etxebizitza horiek Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako hitzemandako 7.000 etxebizitzen parte dira». Itxasok esan du proiektuaren helburua dela «behar handiena dutenei etxebizitza duin eta eskuragarria eskaintzea», eta modua emango duela «historikoki degradatuta egon den industria esparru bat berreskuratzeko» eta «ibai ingurune bat birnaturalizatzeko».
Izan ere, pisuak eraikitzearekin batera, «Araxes ibaiarekiko lotura berreskuratu» nahi dute. Horretarako, ibaiertzeko pasealeku bat sortuko dute, erabilera publikorako zenbait eremu prestatu, bai eta berdegune berriak eta aparkalekuak egin ere. Hala, aparkaleku premia konponduko du horrek, Itxasok dioenez. «Hirigintza operazio integrala da honako hau, eta, hala, modua emango du fabrikako instalazio zaharrak behin betiko ezabatzeko, lurzoruaren deskontaminazioa egiteko eta udalerrian erabat integratuta egongo den auzo berri baten oinarriak ezartzeko».
Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak dio gazteen eta bakarrik bizi direnen egoera «bereziki delikatua» dela Tolosan, 1.144 familia baitaude Etxebiden babes ofizialeko pisua eskuratzeko izena emanda. «Datorren hilean abiatuko dugun proiektu horrek erantzun zuzena eta eraginkorra emango dio errealitate horri».