Iazko apirilaren 13an itxi zuten Bidasoa ospitaleko pediatriako larrialdi zerbitzua. Urtebete pasatu da harrezkeroztik, eta zerbitzu horren faltan daude oraindik. Pediatria Larrialdia Bidasoa elkarteak hedabideei igorritako ohar batean dio «erantzunen zain» segitzen dutela. Egoeragatik kezkatuta, eskualdeko familiek, zaintza arloko profesionalek eta gizarte eragileek hainbat mobilizazio egin dituzte iazko apiriletik hona. «Gure seme-alaben osasunak ezin du gehiago itxaron».
Familiek diote pediatriako larrialdi zerbitzuaren itxierak «arretaren kalitatea murriztu» duela, bai eta «osasun publikorako sarbidean lurraldeen arteko desberdintasunak areagotu» ere. Izan ere, «milaka» haur geratu dira larrialdietako arreta espezializatua jasotzeko aukerarik gabe, eta familiek beste udalerri batzuetara joan behar izaten dute. «Horrek arriskuan jartzen ditu adingabeen osasuna eta ongizatea, eta atzerapenak eragin osasun publikoko arretan», diote oharrean. «Ezin dugu onartu gure seme-alabentzako premiazko arreta beste zentro batzuen distantziaren edo saturazioaren araberakoa izatea».
Hortaz, zera eskatzen dute: «premiazko arreta pediatrikoa modu egonkor eta ekitatiboan bermatuko duen egiturazko plan bat», eta «gardentasuna» kudeaketari eta konponbide epeei dagokienez. «Eskualdean dugun arazoa ikusarazi nahi diegu herritarrei, eta haurren arreta lehentasun gisa bermatuko duen kalitatezko osasun sistema publiko bat defendatu».