Pailazogintza

Bea Larrañaga: «Publikoarekin sortzen da ikuskizuna, eta clowna haziz joaten da hala»

Bea Larrañagak urduri hasi zuen arte eszenikoetako ibilbidea, baina clown munduak beldurrak uxatzen lagundu dio. Gaur egun sinisten du bere buruarengan, eta, hain justu, horren adierazle da 'Bonba bat naiz' ikuskizuna.

Bea Larrañaga clowna, maiatzaren 30ean, Tolosako Leidorren. LEYRE CARRASCO
Bea Larrañaga clowna, maiatzaren 30ean, Tolosako Leidor antzokian. LEYRE CARRASCO
Tolosa
2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bea Larrañaga clowna (Errenteria, 1975) orain 21 urte hasi zen arte eszenikoetan trebatzen, Hernanin. Orain irakasle dabilen arren, esan du etengabeko prestakuntzan ari dela oraindik, egunero ikasten baitu zerbait. 2021ean egin zuen bere azken lanaren aurrestreinaldia —Bonba bat naiz—, eta horrekin dabil, oholtzaz oholtza. Zazpi emanaldi geratzen zaizkio, oraingoz: Tirapun eta Otsagabian (Nafarroa) izango da gaur, uztailaren 13an Gurendesen (Araba), uztailaren 16an Castellon (Herrialde Katalanak), abuztuaren 1ean Larraulen, abuztuaren 29an Armiñon (Araba) eta irailaren 11n Bermeon (Bizkaia). Larrañagak jakinarazi du proiektu berriak dituela.

Arte eszenikoetan irakasle zabiltza orain, baina ez zara beti horretan aritu, ezta?

Ez. Hamar urtez aritu nintzen ura aztertzen zuen enpresa txiki batean, laborategian. Orduan antzerkia denbora-pasa hutsa zen niretzat. Hernanin bizi nintzen, eta han egiten nuen lan, baina asteburuetan antzerki tailer batera joaten nintzen dantza organikoa egitera, baita abesbatzako entseguetara ere.

Zer-nolakoak izan ziren arte eszenikoetan egin zenituen lehen urteak?

Urduritasun handikoak. 2004an eman nuen arte eszenikoetara salto egiteko pausoa, eta beldurra sentitu nuen. Asvinenean jaso nuen lehen formakuntza saioa, Adunan dagoen Arte Eszenikoen Laborategian. Gauza ugari lantzen genituen han. Niretzat, egundoko altxorra izan zen Asvinenean aritzea, antzerkigintzarekin lotutako gauza asko ikusi eta ikasteko aukera izan bainuen.

Zer, adibidez?

Argiak nola jarri behar diren, soinua nola kudeatu behar den, garbiketa, muntaketa... Ana Perez ezagutu nuen orduan; Donostiako Antzerki Eskolako irakaslea zen garai hartan. Adunara etorri zen bere taldearekin, eta haren piezak aurkeztu zituen. Hala sortu zen gure arteko harremana; Perezek lagundu zidan nire lehen ikuskizuna sortzen.

«Niretzat, altxor bat izan zen Asvinenean aritzea, antzerkigintzarekin lotutako gauza asko ikusi eta ikasteko aukera izan bainuen»

Eta nolakoa izan zen sortze prozesua?

Clown ikuskizun bat egin nahi nuela esan nion, eta gauzatxo batzuk egiten lagundu zidan. Izan ere, oso pedagogo ona da, eta hasiera-hasieratik jakin zuen zertaz hitz egin nahi nuen. Beldur nintzela nabaritu zuen, eta beldur hori islatu nuen lanean. Bi urteko sortze prozesuaren ostean sortu zen Aire hemendik ikuskizuna.

Zure beldurra nola islatu zen ikuskizunean?

Oholtzan nengoen, kutxa moduko batean sartuta, eta hortik ateratzen nintzenean publikoa ikusten nuen. Orduan hasten ziren nire beldurrak azaltzen, eta publikoari esaten nion joan zedila. Goma moduko bat erabiltzen nuen ikuskizunean, eta gomak muga bat irudikatu nahi zuen: nire beldurrak, alegia. Azkenean, goma askatu egiten nuen, nire beldurrak desagertu zirela adierazteko.

Gogoan dut lehenengo ikuskizun horretan asko arriskatu nuela. Izan ere, Umore Azokara eraman nuen ikuskizuna, nahiz eta ez nekien jaialdia nolakoa zen. Aurretik, nire lagunen aurrean bakarrik egin nuen ikuskizuna, behin, eta hala joan nintzen Umore Azokara. Denborarekin zera ikasi dut, hara joan aurretik ikuskizuna, gutxienez, hamar bat aldiz egin behar dela publikoaren aurrean.

Eta horren ondotik murgildu zinen clown munduan?

Bai, Anak clownari buruzko ikastaro bat eman zigun Asvinenean, 2009an. Talde bat sortu genuen, eta astero elkartzen ginen ikastaro bat egiteko. May Gorostiaga ere aritzen zen saioak ematen, eta gaur egun neuk ere ematen ditut.

Lehen ikasle zinen, eta gero, irakasle. Aldaketa handia izan al zen?

Prozesua luzea izan da, eta faltan sumatzen dut ikastaroak jasotzea. Dena den, irakasten ere asko ikasten da. Oso aberasgarria iruditzen zait, ikasleen eboluzioa ikusten baitut. Egun Tolosako Intujai espazioan ematen ditut tailerrak, astearteetan eta asteazkenetan, eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean ere aritzen naiz halako saioak ematen.

Clownak ematen dituen tresnek balio al dute eguneroko bizitzan?

Bai; beldurra galtzeko, batez ere. Horretarako, nire ustez, oso garrantzitsua da begietara begiratzen ikastea. Tailerretan era horretako ariketak egiten ditugu, eta askotan biluzik sentitzen gara, baina sentsazio hori sentitu behar da beldurrak gainditzeko. Geure burua errespetatzen ere ikasten dugu, jolastuz eta kalean ibiliz. Leku babestu batean barregarri geratu garenez, aske eta lasai sentitzen gara hala.

(ID_17496439609005) (/EZEZAGUNA)
Bea Larrañaga clownak 2021ean egin zuen 'Bonba bat naiz' ikuskizunaren aurrestreinaldia, eta oholtza ugaritan aurkeztu du geroztik. Irudian, Larrañaga, 'Bonba bat naiz' lana antzezten, 2023an, Kantabriako (Espainia) Zirkuko Pailazo eta Artisten jaialdian. AUREO GOMEZ
Nola definituko zenuke zure artea?

Clown bat emozioen malabarista da, eta emozio guztiak ukitzen saiatzen da publikoarekin konektatzeko eta barnean zerbait sorrarazteko. Umorea erabiltzen dugu, baina emozio hori sortzeko, drama behar dugu. Dramatik umorera igarotzea da gure lana.

Terapia moduko bat dela esango zenuke?

Bada clowna terapia modura erabiltzen duenik, baina ni ez naiz terapeuta. Terapia nahi duenari gomendatzen diot gure antzeko teknikak erabiltzen dituen terapeuta espezialistaren batengana jotzea, ez clown tailer batera. Guk teknika jakin batzuk erabiltzen ditugu, baina nork bere clown bidea egin behar du, eta ikasten ditugun gauzak gure egunerokotasunean aplika ditzakegu. Nik, adibidez, honi buruzko ikasketa asko dauzkat eginak, eta oraindik gauza ugari ari naiz ikasten estilo propioa sortu ahal izateko. Izan ere, asko dugu ikasteko, eta uste dut ikasteko grina horrek lotu nauela jardun honetara.

Ikasitako teknikek laguntzen dute ikuskizun bat sortzeko garaian?

Bai, neuk hala sortu nuen nire lehen ikuskizuna. Behar batetik abiatuta sortu nuen, publikoarekin egoteko ikuskizun bat egin behar nuelako. Publikoarekin sortzen da ikuskizuna, eta clowna haziz joaten da hala. Baina, horretarako, publikoa behar du clown batek, oso zaila baita bestela. Asko du inprobisaziotik; esaterako, publikoari begiratzen diogunean, begiradek esaten dutenaren arabera gauza bat edo beste egiten dugu. Nik ikastaro ugaritan ikasi nuen hori egiten, eta hala hasi nintzen lehen ikuskizuna sortzen, baita ondoan izan ditudan maisuei esker ere. 

Orain bigarrenarekin zabiltza, ezta?

Bai, Bonba bat naiz ikuskizunarekin. Oraingoan ere nire beharrei buruz hitz egin nahi nuen. Lehenengo ikuskizunean nire beldurrez hitz egiten nuen, sekulako sentipena baita oholtzan bakarrik egotea. Bigarrenak adierazten du hemen nagoela eta nigan sinisteko beharra nuela. 2021ean egin nuen Bonba bat naiz lanaren aurrestreinaldia, eta lan horrekin ari naiz oraindik. Hirurogei emanaldi egin ditut geroztik, eta, gauza bat dela edo bestea dela, oraindik buelta pila bat ematen ari natzaio ikuskizunari, publikoarekin harreman handiagoa izateko beharra baitut. Kale ikuskizun bat ikusten ari naizenean, emanaldiaren parte sentitzea gustatzen zait, eta horixe landu dut azken bi asteotan Las Coucherseko konpainiako arduradun Elena Doncelekin. Lehengo asteburuan Nafarroan egin nuen Bonba bat naiz, eta oso gustura aritu nintzen; horregatik esan dezaket la bomba naizela.

«Uste dut emakume clownok badugula geure lekua lortzeko beharra, baina ez haserrearen bidez, umorearen bidez baizik, hori baita gure arma»

2008an Intujai espazioa sortu zenuen May Gorostiagarekin. Horretan jarraitzen duzu?

Ez. Nire bide profesionala bakarrik egiteko beharra sentitu nuen.

Zer dela eta?

Nire ikuskizunak egin nahi nituelako. Bartzelonan egiten den Circ Cricken emakume pailazoen jaialdiak eman zidan bakarkako bidea hasteko bultzada. Parte hartzaileek astebete inguru igarotzen dute han, ikastaroetan, eta asteburuan emanaldiak ikusten dituzte. Monserrat Triasek antolatzen du jaialdia, Bartzelonako emakume clown ospetsu batek. Behin Gardi Hutter clowna izan zen jaialdian, erreferente handi bat. Sekulako plazera izan zen Hutterrek gidatutako ikastaro baten parte izatea.

Zein da emakume clownen egoera Euskal Herrian?

Gero eta ikusgarritasun handiagoa dute: Virginia Imazek, Itziar Saez de Ojerrek, Lorena Arangoak, Beatriz Egizabalek, Anduriña Zurutuzak eta Maite Gebarak, besteak beste. Gero eta indar handiagoa dugu, baina eszenatokian egotea zaigu zailena. Kultur etxeetan, kalean eta herri txikietan aritzen gara gehienbat, eta lan handia egiten ari gara geure ikusgarritasuna bultzatzeko. Uste dut badugula geure lekua lortzeko beharra, baina ez haserrearen bidez, umorearen bidez baizik, hori baita gure arma.

Orain baduzu beste proiekturik esku artean?

Clownok, ikuskizun batekin ari garen bitartean, beste bat sortzen hasi ohi gara, eta horretan ari naiz ni. 2026rako kale ikuskizun bat egin nahiko nuke, baina ez da erraza. Izan ere, oso desberdina da ikuskizun bat sortzea kalerako edo areto baterako. Arte Kale elkarteak lan handia egiten du kaleko lanei dagokienez, horretan gabiltzanok horri esker baitugu indarra. Alegian umeentzako antzerki ikastaroak ematen ditut, eta orain beste ikastaro batzuk prestatzen ari naiz Arabako Munai espaziorako. Filipa Balbina izeneko proiektuarekin ere banabil; urte hauetan guztietan ezagutu ditudan emakume pailazoei buruz aritzen naiz lan horretan.

MOTZEAN

Emanaldietarako, kalea ala aretoa? Kalea.

Pertsonaia bat? Goxoa Etxezarreta, emakume gozogilea.

Obra bat?Habitaculum.

Umorea ala drama? Biak, elkarrekin doaz eta.

Clown erreferente bat? Gardi Hutter.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.