Tolosako inauterietan hiru herritarretik bi aritzen dira euskaraz

Tolosako Udalak iazko inauterietan egin zuen neurketa, eta atera dituzten ondorioetako bat da haurrek eta gazteek erabiltzen dutela euskara gehien.

Gazte andana bat, iaz, Tolosako inauterietan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gazte andana bat, iaz, Tolosako inauterietan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Tolosa
2026ko otsailaren 6a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tolosako Udalak lehen aldiz aztertu du euskararen erabilera zenbatekoa den herriko inauterietan, eta honako ondorioa atera du: euskara dela gehien entzuten den hizkuntza. Iazko inauterietan egin zuten neurketa, eta aztergai izan zuten kalean zebiltzan herritarrak zein hizkuntzatan ari ziren. «Ondorioa argia da: hirutik bik euskaraz egiten dute kalean Tolosako inauterietan», dio udalak hedabideei igorritako ohar batean. «Ondorio horren oinarrian badago joera oso argi bat: batez ere umeek eta gazteek ekartzen dute euskararen nagusitasun hori». Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak urtero egiten du udalarenaren gisako neurketa bat, 1985az geroztik.

Udalak bost egunetan egin zuen azterketa, Ostegun Gizenean, Ostiral Mehean, Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan, guztira 11 orduz. «Jende bolumen handieneko eremuetan» ikertu zuten, horretarako propio jarritako behatzaile batzuen bitartez. Kalean ibili ziren ikerlariak, eta elkarrizketak entzun ahala, aplikazio batean jaso zuten hiztunek zer hizkuntza zerabilten, zer adin tarterakoak ziren eta zer sexutakoak. 4.940 elkarrizketa erregistratu zituzten, eta 9.725 solaskide. 

Datuek erakusten dute hirutik bi euskaraz aritu zirela inauterietan (% 67), eta hirutik bat, gaztelaniaz (% 32). Beste hizkuntza batzuen erabilera oso mugatua izan zen, %1etik beherakoa. Tolosako Udalak dio emaitza horiek Tolosan urtean zehar egiten den behaketarekin alderatuz gero «handia» dela aldea. «Argitaratutako azken datua 2024ko neurketarena da: euskararen erabilera %50ekoa zen, inauterietan baino 17 puntu txikiagoa». Nolanahi ere, iruditzen zaie inauterietan dabiltzan herritarren ezaugarriek eragina dutela horretan. «Inauterietan, kalean behatutako herritarren erdiak 25 urte baino gutxiagokoak dira, eta horrek badu eragina emaitzetan, adin talde horiek egiten baitute euskaraz gehien». Are, bestelako neurketekin konparatuta, adin talde guztietan handitu da euskararen erabilera inauterietan. Datuetan bada kontuan hartu beharreko beste datu bat, halere: Tolosako kaleetan egindako behaketa ez dagokiela tolosarrei soilik, egun horietan Tolosan zebiltzanen elkarrizketak jaso baitira. «Nabarmena da bisitariek eragina dutela kaleko erabileran; kasu honetan, euskararen alde».

Horretaz gainera, beste datu esanguratsu bat ere badakar Tolosako Udalak egindako neurketak: hiztunak zenbat eta gazteago, orduan eta handiagoa dela euskararen erabilera. Datuek diote bi ertzen arteko aldea «oso handia» dela; izan ere, haurretan %83ko erabilera du euskarak, eta adinekoetan, %41ekoa. «Hiru multzo egin daitezke euskararen erabilerari erreparatuta: 1 eta 15 urte artekoak, %80tik gorako erabilera dutenak; bigarrenik, 15-45 urtekoak, %70en bueltan dabiltzanak; azkenik, 45 urtetik gorakoak, %45en inguruan daudenak». Esan dutenez, gazteek euskaraz gehiago egiten dutela antzematea «ohikoa» dela halako neurketetan, baina, urtean zeharreko neurketa eta inauterietakoa alderatuta, umeen eta 25 eta 44 urte bitartekoen erabilera handiagoa dela inauterietan. «Adin taldeen arteko harremanak aztertuta, nabarmena da haurren presentziak nola eragiten duen: umeak tarteko direnean, %85ekoa da euskararen erabilera; umeak tartean ez direnean, %60koa».

Emakumeak, gehiagotan euskaraz

Tolosako inauterietako behaketak berretsi du emakumeek zertxobait gehiago egiten dutela euskaraz: %68 emakumeek eta %66 gizonek. Datuek diote adin talde guztietan izan dela joera hori, eta alderik handiena 15 eta 45 urte artekoen taldean dagoela —zazpi punturena—.

Tolosako Udalak inauterietako sei egunetatik bostetan egin zuen neurketa, eta ondorioztatu du badagoela aldea batetik bestera. Datuen arabera, Astelenitan eta Ostegun Gizenean entzun zen euskara gehien, eta Ostiral Mehean eta Zaldunitan gutxixeago. «Datu horiek interpretatzean, kontuan hartu behar da, batetik, egun batetik besterako laginean zer aldaketa dauden, eta, bestetik, egun bakoitzean zer-nolako jarduerak izan diren; adibidez, astelehenean erabilera handiagoa erregistratu izanak beharbada lotura du egun horretan ardatz izaten diren jarduerekin, non haurren presentzia handiagoa den».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.