Orain laurehun urte pasatxo eraikitako Santa Ana itsasontziaren gilaren puska bat aurkitu dutelakoan daude —Pasaian topatu dute—. Felipe II.aren armadak Ingalaterra konkistatu nahi izan zuen ontzi hartan, katolizismoa berrezartzeko. Miguel Okendo itsasgizon donostiarra zen kapitain, eta 30.000 lagun hil ziren orduko gudan. Ezustean lehertu zen ontzia, 1588an, Pasaiako portuko bokalean bolbora deskargatzen ari zirela. Harrezkeroztik, Pasaiako uretan izan dira ontziaren zatiak. Portuaren ardura duten erakundeek —Gipuzkoako Foru Aldundiak, Portuko Agintaritzak, Itsas Kapitaintzak eta Itsas Komandantziak— indusketa lanak abiatu zituzten 2021ean, bokalearen hondoan. Bi ontziren arrastoak topatu zituzten lehendabiziko urteetan, eta orain, arkeologoen ustez, Santa Ana-ren arrastoak eta kanoi bolak aurkitu dituzte.
Ur azpiko indusketa lanak ez dira errazak izaten, Mertxe Urteaga aldundiko arkeologoak esan duenez. «Gizakia ez dago egina ur azpian bizitzeko. Prozesu konplexuak dira guk egiten ditugunak». Duela lau urte ekin zioten lanari, eta Santa Ana-ren hondakinak ez dira aurkitu dituzten bakarrak. «Eskura dugun dokumentazioak esaten digu Pasaiako portuan itsasontzi asko hondoratu direla, eta horregatik pentsatu genuen ikertu beharreko eremu bat zela», adierazi du Urteagak. «Karbono-14 probaren bitartez, lortu dugu baieztatzea 2021ean aurkitutako egur zatiak XVII. mendekoak direla. Halere, ez dakigu zehazki zer ontzitakoak diren». Aurkikuntza horiek eginda, lanean segitu zuten urpekariek.
«Harrigarria da egindako aurkikuntza, eremua bokalearen erdi-erdian dago eta. Handik milaka itsasontzi pasatzen dira urtero»
MERTXE URTEAGA Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologoa
Iaz, kanoi bolak aurkitu zituzten; hogei zentimetroko kalibrea dute, eta oraintsu gila aurkitu duten eremu berean zeuden urperatuta. «Harrigarria da egindako aurkikuntza, eremua bokalearen erdi-erdian dago eta. Handik milaka itsasontzi pasatzen dira urtero», azaldu du Urteagak. Eremu hori Pasai Donibaneko Santo Kristo Oparoaldikoaren elizaren parean dago, hamabi metroko sakoneran.
Blas de Lezo lanbide heziketako ikastetxeko ikasleek parte hartu dute indusketetan. Arkeologoak dio urpekarien segurtasuna bermatzea «prozesu garrantzitsua» izan dela; izan ere, egun horietan ez zen portuko zirkulazioa geldiarazi, eta itsasontzi handiak maiz pasatzen dira handik.
Erakusketa 2026an
Maiatzean topatu zuten Santa Ana itsasontziaren gila, baina joan den astean eman zuten aurkikuntzaren berri. «Indusketa lanak egiten ari ginela, lau metroko egurrezko zati bat aurkitu genuen urpean, eta, materialari karbono-14 proba eginda, esan dezakegu XVI. mendeko pieza bat dela», dio Urteagak. «Ikerketak helburu nagusi bat du orain: Santa Ana-ren gila den egiaztatzea. Guk uste dugu hala dela».
Arkeologoak esan du ikerlariek lokatzetan hondoratuta aurkitu zutela gila, eta han uzteko asmoa daukatela. «Gure ikerketa ur azpian egin dugu, eta orain, dena amaituta, gila han geldituko da. Horrelako elementu bat ur azpitik ateratzeko prozesua oso konplexua da. Oso gutxitan ikusten ditugu hondoratutako ontziak lehorrean, eta hori zerbaitegatik da». Izan ere, egur zatia lau mendean egon da urpean, eta, aterako balute, «oso zaila» izango litzateke ongi mantentzea. «Santa Ana-ren gila dela egiaztatzen bada, ikaragarrizko aurkikuntza izango da».
«Gure ikerketa ur azpian egin dugu, eta orain, dena amaituta, gila han geldituko da. Horrelako elementu bat ur azpitik ateratzeko prozesua oso konplexua da»
MERTXE URTEAGAGipuzkoako Foru Aldundiko arkeologoa
Ekainaren 27an aurkeztu zuten aurkikuntza jendaurrean, eta Mari Jose Telleria Kulturako foru zuzendariak jakinarazi zuen Gipuzkoako kostaldean aurkitutako objektuekin erakusketa bat egingo dutela datorren urtean, Donostiako Itsas Museoan. «Getarian, Hondarribian, Donostian eta Pasaian aurkitutako ia ehun pieza erakutsiko ditugu», esan zuen. «Itsasontzien estrukturak, marinelen objektu eta jantziak, sokak...; denetik izango da. Erromatarren garaitik XIX. mendera arteko gauzak izango dira. Aukera paregabea izango da gure lurraldeko itsas iraganari zorrotz begiratzeko».