«Usurbilen pediatria zerbitzurik gabe gaude urte hasieratik». Hala mintzo dira Usurbilgo hainbat herritar hedabideei igorritako ohar batean. «Pediatrarenera joan behar dugunetan, Lasartera bideratzen gaituzte, eta hango langileen lan zama areagotzen da hala». Salatu dute haurrentzako osasun zerbitzua bertan behera utzi dutela herrian, eta hain zuzen ere, haurren osasunak «lehen mailako lehentasun» izan beharko lukeela.
Ez da halako zerbait gertatu zaien lehen aldia; izan ere, kontatu dute iaz bost hilabete pasatu zituztela pediatria zerbitzurik gabe. Diotenez, herrian «kalte larriak» eragin zituen egoera hark, hala nola «diagnostikoen eta tratamenduen atzerapenak, prebentzio kontrolen murrizketak, larrialdietako eta Lasarteko osasun zentroko zerbitzuen gainkarga, familietan lana eta bizitza pertsonala uztartzeko oztopoak...».
6.500 biztanle inguru ditu Usurbilek, eta herritarrek uste dute neurri horretako herri batean pediatria zerbitzurik ez izatea «eskubide galera bat» dela. «Zuzenean eragiten die herritarron ongizateari eta osasunari», diote. «Gure herrian badira autorik ez duten familiak, baita gidatu ezin dutenak ere, eta haurrak herrian bertan ezin artatzeak are gehiago zailtzen du kontziliazioa. Badirudi gure haurrek ez dutela eskubiderik egoera zaurgarrienean daudenean artatuak izateko».
Hortaz, eskatzen dute herritarren eskubideak errespetatu daitezela. «Usurbilgo osasun zentroari exijitzen diogu dagokion egiturazko pediatra postua bete dezala. Berehala artatuko gaituen profesional bat eskatzen dugu: egonkorra, hurbilekoa, euskalduna, familia guztien erreferentziazko profesionala izango dena, pazienteak ongi ezagutuko dituena... Hori guztia funtsezkoa da haurren osasun arreta kalitatezkoa izateko».