Gipuzkoako Zainketen eta Gizarte Politiken Ebaluaziorako Agentziako zuzendaria

Joseba Zalakain: «Zaintza ere eskubide bat izatea lortu behar dugu, osasuna eta hezkuntza diren bezala»

Gipuzkoako gizarte zerbitzuen kalitatea neurtzeko Agentziaren buru da Zalakain. Adierazi du gaur egungo sistemak ez diola behar bezala erantzuten zaintzaren arloari, eta emakumeek eta migranteek betetzen dutela sistemaren hutsune hori.

Joseba Zalakain. IDOIA ZABALETA / FOKU
Joseba Zalakain. IDOIA ZABALETA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
Donostia
2026ko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako gizarte zerbitzuen kalitatea zein den neurtzeko, organismo bat sortu berri du aldundiak, eta Agentzia izena jarri dio. Agentzia horren zuzendari da Joseba Zalakain (Donostia, 1968). Haren arabera, organismoak zentroak ebaluatuko ditu, horiek lan ereduak hobetzera bultzatzeko. Erabiltzaileen egoeran eragin nahi du horrela, epe ertainean.

Gizarte zerbitzuen kalitatea neurtzeko sortu da Agentzia. Zein helbururekin?

Helburu nagusiak bi direla esango nuke. Batetik, gizarte zerbitzu guztientzako irizpide bateratu batzuk edukitzea, kalitate estandar batzuk, sektore osoari gida bat emateko eta sektoreak jakin dezan zeintzuk diren lortu beharreko emaitzak. Orain arte araudia daukagu, baina araudiak ere ezin du gehiegi zehaztu. Bestetik, zerbitzu bakoitza irizpide horien arabera ebaluatu nahi dugu: bakoitzari bere ahuleziak eta indarguneak zeintzuk diren identifikatzen lagundu, eta emaitza horiek ezagutarazi, gizarteak ere jakin dezan zerbitzuen kalitatea zein den.

Esan duzu araudi bat badagoela, baina beste urrats bat egingo dela. Horrek esan nahi du araudiak ez duela kalitatea ziurtatzen?

Beste edozein jardueratan bezala. Adibidez, harategi guztiek betetzen dituzte arauak, bestela itxita egongo lirateke, baina horrek ez du esan nahi harategi guztiak onak direnik. Araudiak batez ere oinarrizko egiturak eta prozesuak begiratzen ditu, ea betetzen diren, nahitaez bete behar baitira. Ebaluazioa, berriz, ez da nahitaezkoa, boluntarioa baizik. Irizpide batzuen arabera aztertuko da zentroek emaitzak lortzen dituzten ala ez. Hor dago aldea.

«Zerbitzu bakoitzari bere ahuleziak eta indarguneak zeintzuk diren identifikatzen lagundu nahi diogu, eta emaitza horiek ezagutarazi»

Zeintzuk izango dira kalitate irizpide horiek?

Europan nolako irizpideak dauzkaten aztertu dugu, eta horietatik ikasten saiatu gara. Batez ere Eskoziako ereduari begiratu diogu. Hainbat alorretan sailkatzen dira kalitate irizpide horiek: eskubideak, osasuna, tratu ona, intimitatea... Orokorrean hiru ideia daude gizarte zerbitzuetan kalitatea irudikatzeko; lehenik, zerbitzuak lagundu behar diola pertsonari bizi kalitatea hobetzen; bigarrenik, lagundu behar diola dituen helburuak betetzen; eta, hirugarrenik, lagundu behar diola komunitatean txertatzen.

Zahar etxeetako egoerari erreparatuz, egoera ez da ona. Esaterako, Gipuzkoako zortzi zahar etxetako langileak greba mugagabean dira, horietatik sei iazko azarotik. Agentziak badu zerbait egiterik egoera horiek hobetzeari begira?

Agentziaren eginbeharra da zerbitzua hobetzen laguntzea, baina emaitzei erreparatuta. Emaitzei emango diegu lehentasuna. Guk ez dugu araudia ordezkatzen, eta ez gara sartzen ratioetan, lan hitzarmenetan... Ez ditugu zuzenean lan baldintzak landuko, nahiz eta oso gai inportantea izango den ziurrenik; oso zaila baita baliabide kaskarrekin emaitza onak lortzea. Baina beste aldera ere, lan baldintza onekin ez dira beti bermatzen praktika profesional egokiak. Askotan bai, baina beste batzuetan ez.

«Ez ditugu zuzenean lan baldintzak landuko, nahiz eta oso gai inportantea izango den ziurrenik; oso zaila baita baliabide kaskarrekin emaitza onak lortzea»

Adierazi duzu emaitzei erreparatuko diezuela, baina sindikatuek ardura hartzea eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Zein da zuen eta aldundiaren arteko harremana? Zer eskatzen diozue?

Agentzia partzuergo bat da, aldundiak eta udalek bultzatutakoa. Ona da gizarte zerbitzuak osotasunean ikusten dituen erakunde amankomun bat sortzea; hala ikusi dugu hezkuntzan, osasunean, unibertsitateetan... Agentzia publikoa da, aldundiaren barruan dago, baina independentea da. Orain arte, zerbitzuak ematen zituen erakunde berberak ebaluatzen zituen zerbitzu horiek; orain, berriz, organismo bat egongo da hori egingo duena, independentzia maila bat duena. Hori da harremana. Aldundiari eskatzen diogu egin duen apustu hau mantentzeko.

Nola ikusten duzu etorkizunean zaintzaren sistema? Izan ere, asko handitu da erabiltzaileen kopurua azken urteetan, eta demografia ere aldatzen ari da, gizartea gero eta zaharragoa baita.

Egia da demografiarengatik laguntza beharko duten pertsona gero eta gehiago izango direla, eta familiek gero eta zailtasun gehiago dituztela zaintzeko. Gainera, esklusioarekin eta immigrazioarekin lotuta ere gero eta fenomeno gehiago daude... Beharrak handitu eta ugaritu egin dira. Aldi berean, uste dut Gipuzkoak nahiko ondo egin duela lan gizarte sistema hobetzeko. Askotan esaten da gizarte zerbitzuak atzeraka doazela, baina ez da egia. Gero eta diru gehiago gastatzen da. Beharrak ere oso azkar handitzen dira, eta hori ere kontuan izan behar da: beharrak handitzen diren neurrian, erantzunak ere sendotu eta eta indartu egin behar dira.

Hala ere, nik uste dut ez dela politikarien apustua bakarrik. Gizarteak egin behar du apustu gizarte zerbitzuen alde, eta hori zergen bitartez izan daiteke soilik. Gipuzkoako gizarteak askotan zerbitzu publiko gehiago nahi ditu, baina ez dakit aldi berean prest dagoen zerbitzu horiek ordaintzeko.

«Orain arte, gure sistemak ez die behar bezala erantzun arrisku berri horiei; hein batean, emakumeek erantzuten dietelako»

Zaintzak merezi duen garrantzia du gizartean eta gizarte politiketan? Zaharrei bizkarra emanda bizi den gizarte bat da? Baita emakumeei eta migranteei ere?

Badago teoria bat hor nahiko zentzuzkoa dena. Esaten du badaudela gizarte arrisku zaharrak eta berriak. Euskadin oso ondo babestu dira arrisku zaharrak esaten zaienak: osasuna, langabezia, eta zahartzaroan dirurik ez izatea, esaterako. Gizonak gogoan izanik pentsatutako arriskuak dira horiek, hau da, adineko gizonak kontuan hartuta.

Baina gero badaude gizarte arrisku berriak: dependentzia, esklusioa, etxerik gabe gelditzea... Eta emakumeek, migranteek eta gazteek gehiago pairatzen dituzte halakoak. Hor barruan dago zaintza. Orain arte, gure sistemak ez die behar bezala erantzun arrisku berri horiei; hein batean, emakumeek erantzuten dietelako. Zaintza ere eskubide bat izatea lortu behar dugu, osasuna eta hezkuntza diren bezala. Hor gaude, borroka horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA