Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur jakinarazi du dermatosi nodular kutsakorraren aurkako babes neurriek ez dutela eragotziko Gipuzkoako herrietako inauteriak «ohi bezala» ospatzea, eta, hortaz, sokamuturra eta bestelako zezen ikuskizunak baimenduta egongo direla. Nolanahi ere, neurria indarrean jartzen dutenean, udal edo erakunde antolatzaile bakoitzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu beharko dio zezen ikuskizunak antolatzeko baimena, eta foru erakundeak izango du ekitaldietako baldintzak ezartzeko ardura. Eusko Jaurlaritzak bihar argitaratuko du dekretu hori, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.
Dermatosi nodular kutsakorra intsektuek transmititutako gaixotasun biriko bat da, eta behiei eragiten die. Zabaldu ez zedin, Eusko Jaurlaritzak zezen ikuskizunak egitea debekatu zuen abenduaren 19an, eta, hain zuzen ere, debeku hori indargabetuko du bihar argitaratuko duten dekretuaren bidez, eta prebentzio neurriak egoera epidemiologikoaren arabera egokituko ditu.
Tolosako Udalak, esaterako, inauterietan sokamuturra eta bestelako zezen ikuskizunak egiteko baimena eskatua zion foru aldundiari, eta hark ostiralean eman zion argi berdea eskaera horri. Azpeitiko inauterietan ere egingo dute sokamuturra, San Sebastian egunean antolatzerik lortu ez bazuten ere.