Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentroko enpresa batzordeak —ELA, LAB eta CCOO— salatu du Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak zentroko langileen lan baldintzak «okertu» nahi dituela, eta hala, euren osasuna arriskuan jarriko duela. Sindikatuek azaldu dute hiru urte igaro direla enpresa batzordeak Eusko Legebiltzarrean laguntza eskatu zuenetik. «Plantillaren zahartzea eta baldintzen narriadura ikusita, laguntza eskatu genuen, baina Justizia Sailak ez die jaramonik egin proposamenei».
Hargatik, batzordeko ordezkariek mobilizazio bat egin dute gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Lakuan. Ondotik, Administrazioak deitutako negoziazio mahaian parte hartuko dute. «Geure burua ikusaraztea dugu helburu. Borrokan jarraituko dugu gure lan profesionalarekin bat datozen lan baldintzak eduki ahal izateko».
Batzordeak 2021. urtearen amaieran arrisku psikosozialen gaineko txosten bat egin zuen, eta azterketa horretan «arrisku handiko» faktore «kritikoak» identifikatu zituen, «etengabeko estres egoerak» eta «higadura psikologiko emozionala eragiten dituzten gehiegizko lan kargak», besteak beste. «Eusko Jaurlaritzak konponbiderik eman ez duenez, jatorri psikologikoa duten laneko bajen kopuruak nabarmen egin du gora, eta zentroko langileen egoera gero eta jasangaitzagoa da».