Zumarragako Udalak 14 eta 30 urte bitarteko gazteei laguntza psikologiko profesionala izatea erraztuko dien diru laguntza programa bat aurkeztu du asteon. Plan horrek hogei euroko laguntza eskainiko die gazteei psikologo saio bakoitzeko —hilean lau aldiz gehienez—. Udaleko Gazteria Departamentuaren proiektu pilotu bat da, Gipuzkoako Psikologoen Elkargoak babestu duena. Urtarrilean jarriko dute martxan.
Iñaki Mendiluze Zumarragako Udaleko Gazteria zinegotziak argitu du eskaera egiten duen orok jaso ahal izango duela laguntza hori, baldin eta ondoko baldintzak betetzen baditu: eskaera egiteko unean herrian erroldatuta egotea —psikologoaren kontsulta herritik kanpo badago ere— eta 14 eta 30 urte bitartean izatea. Zinegotziak zehaztu du laguntzak sei hilabetez emango dituztela, urtarriletik ekainera. «20.000 euroko diru sail bat bideratuko dugu tarte horretarako. Nahikoa izango dela uste dugu, baina, hala ez balitz, diru gehiago jartzeko prest gaude».
Mendiluzek uste du egitasmo horri esker udalak gazteen ongizate emozionalean «jauzi kualitatiboa» egingo duela. «Osasun mentalak tabu izateari uztea nahi dugu. Egindako azken diagnostikoetan ikusi dugu gero eta estuagoa dela osasun mentalaren eta prekaritate ekonomikoaren arteko lotura, eta horri aurre egin nahi diogu». Izan ere, esan du askok eta askok ezin izaten direla psikologoarenera joan, arrazoi ekonomikoak direla medio. «Ia hamar gaztetik lau arrazoi ekonomikoengatik ez dira psikologoarenera joaten. Hilabeteko arreta psikologiko pribatua gazteen soldataren %15 izan daiteke. Gainera, ikasketen eta enplegu prekarioen nahasketak %59ra igotzen du osasun mentaleko arazoen intzidentzia». Zinegotziak uste du Zumarragako egoera ez dagoela errealitate horretatik oso urrun.
Mendiluzek dio gaur egun «ezinezkoa» dela Osakidetzaren bitartez laguntza psikologikoa jasotzea, eta, hain zuzen, horixe izan dela diru laguntzen programa hori abiatzeko arrazoi nagusietako bat. «Osakidetzak ez du psikologorik eskaintzen, eta osasun mentala artatzen duen zentroa lanez gainezka dago; nahikoa dute kasurik larrienak artatzearekin. Hortaz, gu ezin gara besoak gurutzatuta gelditu. Ekainerako jakingo dugu zein den psikologoarengana joateko beharra duten gazteen kopurua, eta horren arabera erabakiko dugu psikologo komunitarioa kontratatu edo ez. Guk Osakidetzari pasatuko diogu Zumarragako erradiografia».