Ttipi-ttapa, hurbiltzen ari da 24. Korrika, eta AEK-ko langile eta laguntzaileak ekinaldiaren azken doiketetan ari dira. Aurten, Atharratzetik Bilbora eginen da hamar eguneko lasterketa, martxoaren 19tik martxoaren 29ra, Euskara gara lelopean. Margita Keheille Korrikaren abiatzearen koordinatzaile da (Barkoxe, 2001): lehen egunaren antolaketaz arduratzen da. Irailean hasi zen eguna antolatzen, Ipar Euskal Herriko AEK-ko laguntzaile batzuekin eta Atharratzeko biztanleen laguntzarekin. Zuberotarra «harro» dago, Korrika Atharratzetik abiatuko baita: «Zuberoa pixka bat argitan ezarria izanen baita, ez gara beti argitan emanak, eta Basabürüa oraino gutiago. Enbeia dugu erakusteko Zuberoa eta zuberotarrak ere Euskal Herriaren parte garela». Eguna Atharratzen pasatuko da, eta gaualdia Maulen eginen dute; Ipar Euskal Herriko hainbat taldek kontzertuak emanen dituzte: U Txaranga, Kuartz, Frigo eta Dj Huskeria Sistema.
Azken hilabeteetan ezker-eskuin korrika ari zara, 2026ko Korrikaren lehen egunaren koordinatzailea baitzara.
Bada lan anitz, baina uste dut ongi abiatuak garela. Korrikaren abiatzea antolatzeko AEK-k sortu zituen lantaldeak laguntzaile gisa ari dira Atharratzeko herritarrekin. Eta nire lana da laguntzaileek egin lan horiek biltzea, ordenatzea, eta Baionako AEK-ko taldeari jakinaraztea. Eta ondotik Hego Euskal Herrian den taldearekin dena berrikusten dut. Baionako taldearekin lan egiten dut gehienbat; lau gara orotara: Ipar Euskal Herriko AEK-ko koordinatzailea, lorpenetako langilea eta komunikaziokoa. Gure artean dugu antolatzen eta kudeatzen Ipar Euskal Herriko Korrika, baina Zuberoako gau eskolakoekin eta Atharratzeko Herriko Etxearekin ari naiz lanean.
Nola antolatzen da Korrikaren abiatzea?
Nahiz eta egingarria den, bada lan anitz, eta engaiamendua behar da. Denbora hartu behar da. Bada lan administratibo anitz: martxoaren 19an beharko den material guztia neurtu eta kudeatu behar da, guztia manatu, jendearekin harremana egin... Hainbat gauza bada egiteko. Atharratzeko laguntzaileak komisioka banatuak dira: Korrika Kulturalaz arduratzen dena, Korrika ttipiz eta haurren xokoaz okupatzen dena, janariaz, materialaz, eta segurtasun eta zirkulazioaz arduratzen direnak. Horren inguruan lan egiten dute, eta gero nik koordinatzen dut horien lana.
Korrikaren parte hartzaile zinen, eta orain Korrikaren antolakuntzan ari zara. Zertan da bien arteko desberdintasuna?
Bien artean izan da jauzi handia. Parte hartzaile garelarik, Korrikan parte hartzen dugu korrika eginez, eta ez gara baitezpada ohartzen Korrikaren gibelean nolako antolaketa baden. Ez gara ohartzen gibelean badela hilabeteetako eta urteetako alimaleko lana. Aldaketa handia izan da. Baina, halere, Korrikak dituen ber balioak ditut, izan korrikalari nintzelarik eta orain koordinatzaile gisa, eta, beraz, bortxaz, euskaldun gisa, horrelako ekitaldi batean lan egiteak zerbait ekartzen dit.
Euskal Herriko hitzordu nagusietakoa da Korrika. Abiatze egunean jende anitz espero duzue. Abiatzea zure gain izateak presiorik sortzen dizu?
Bai, nahitaez. 5.000 pertsona jitekoak dira Atharratzera, baina ez naiz batere ohartzen nola beteko den plaza, herri ttipia baita. Beraz, bortxaz estresa sortzen da; denak gara pixka bat estresatuak. Nehork ez du sekula Atharratze hain betea ikusi. Baina beti behar da lehen aldi bat, eta lortuko dugu. Baina, bai, bortxaz beldur pixka bat bada.
Estresa eragin dizuen bestelako trabarik ukan ote duzue lehen eguna antolatzerakoan?
Izan dira, bai. Halere, erran behar da elkarte mundua ezagutzen dudala, jadanik aritu izan bainaiz hainbat elkartetan. Beraz ezagutzen nituen horrelako lanetan gerta daitezken trabak. Antolaketan eta administrazio arloko lanetan azken momentuko oztopoak badira, beti. Uste duzularik bukaerara heldu zarela, beti trabak sortzen dira, beti arazoak gehitzen zaizkigu, eta horiek azken momentuan konpondu behar dira. Baina hori da jokoa. Horrez gain, Hego Euskal Herriko taldearekin komunikatzeko zaila izan da tarteka, ez genuelako beti elkar ulertzen. Baina orain, ongi doa.
«Garai hartan abiatzea egiten zen, eta kito. Uste dut garai hartako parte hartzaileentzat berezia izan dela aurtengo antolaketa, eta eguna ere berezia eginen zaiela»
Korrikaren abiatzea Zuberoatik bi aldiz baizik ez da egin: 2003an Mauletik abiatu zen, eta 1985ean, Atharratzetik. Garai hartan egin zenaz inspiratu zarete, edo arrunt beste zerbait antolatu duzue?
Aipatua genuen 1985ean Korrikaren abiatzea ezagutu zuten batzuekin. Baina kontatzen zigutelarik ez zen batere-batere ber gauza, jende askoz gutiago bazen, ez zen hain handia, ez zen ber giroa, eta Korrika ez zen gaur egun ezagutzen dugun alimaleko egitasmo hori. Gaur egun, abiatzean egun osoko egitaraua bada, kontzertuak eta abar. Garai hartan abiatzea egiten zen, eta kito. Uste dut garai hartako parte hartzaileentzat berezia izan dela aurtengo antolaketa, eta eguna ere berezia eginen zaiela.
Eta zuri, zuberotar gisa, berezia egiten zaizu?
Bai. Bada harrotasun puntu bat Zuberoa pixka bat argitan ezarria izanen baita, ez gara beti argitan emanak, eta Basabürüa oraino gutiago. Enbeia dugu erakusteko Zuberoa eta zuberotarrak ere Euskal Herriaren parte garela, euskaldunak garela, eta badirela herri ttipi horietan euskararen alde direnak. Horrez gain, Euskal Herriko ekinaldirik handienetarik bat da, inportantea dena euskaldun guztientzat, eta biziki ederra dena Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria lotzen baititu euskararen alde. Eta eni, pertsonalki, biziki ederra eta inportantea iruditzen zait hori ezagutu baitut haurdanik. Bi urtetarik behin gure hitzordua da, euskaldun guztien hitzordua, beraz, inportantea iruditzen zait Atharratzetik abiatzea.