Zazpi urte eman ditu Pierre Carles zinemagileak L'Affaire Abdallah (Abdallah afera) izeneko dokumentala sortzen. Prestaketa, grabaketa eta muntaketa faseen artean, 2018tik 2025era arte segitu du Georges Ibrahim Abdallah preso politiko libanoar ohia. Tarte horretan, Lannemezango espetxean (Okzitania) bizi zuen egunerokoa filmatzeko denbora hartu du. 41 urtez Frantziako presondegietan atxiloturik egon zen Abdallah militante politikoa, iaz askatu eta Libanora kanporatu zuten arte. Donibane Garazin eta Donapaleun aurkeztuko dute filma.Â
PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteko eta Libanoko Frakzio Armatu Iraultzaileko kide izandakoa da, eta 1984an atxilotu zuten Lyonen (Frantzia), dokumentu faltsuak edukitzea leporatuta. Hiru urte geroago, ordea, bizi osoko kartzela zigorrera kondenatu zuten, AEB Ameriketako Estatu Batuetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko agente baten eta Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako beste baten hilketen konplize izatea egotzita.
RFI hedabideari martxoan emandako elkarrizketa batean, Pierre Carles zinemagileak salatu du Abdallahri terrorista izeneko etiketa «faltsua» jarri zitzaiola hainbat urtez. Abdallahri leporatu diotena «gezurra zela frogatzeko helburua» du dokumentalak, egilearen arabera. Azpimarratzekoa da Carles zinemagile frantsesa ezagutua dela komunikabide tradizional eta hegemonikoen kritika egiteagatik. Dokumental honetan, preseski, bere ildoa segitzeko konpromisoa berretsi du. Frantziako hedabideen «jarrera pasiboa eta kolaboratzailea» azpimarratu du, batez ere Abdallahren atxiloketaren garaian plantan zegoen gobernuarekiko. Bestalde, buruzagi politikoen ardura seinalatu nahi du filmean, berrogei urteko kartzelatze denboran Abdallah libratzeko eskaeren aurrean erakutsi duten jarrera argira ekarriz, hainbat aldiz ukatu baitiote baldintzapeko askatasuna.Â
Hausnarketa piztu
Dimentsio politikoak eta komunikatiboak tratatzen ditu nagusiki dokumentalean, baina ez hori bakarrik: geopolitikaren ikuspegitik gizarte gai zabalak aipatzen ditu, halaber. Abdallahren auziaren bidez, erlijioari, historiari, arrazakeriari eta justiziari interesatzen da. Horrek solastatzeko paradak irekitzen ditu. Preseski, filmari buruz hausnartzeko tarteak eskaini nahi izan dituzte Ipar Euskal Herriko hainbat zinema gelatan. Mauleko Baita zinema gelan izan zen atzo, eta Donapaleuko San Luis gelan eta Donibane Garaziko Vauban gelan eztabaidatzeko aukerak izanen dira ondoko egunetan. Maiatzaren 18an, Donapaleun, arratseko zortzi eta erdietan, eta biharamunean, hilaren 19an, Donibane Garazin, arratseko zortzi orenetan.
Maulen, LibĂ©rons Georges 33 Abdallahren sostengu kolektiboko kide batekin egin zuten solasaldia atzo. Kolektibo hori Abdallah askatu zuten bezain laster desegin zen, baina hainbat urtez jardun dute hura askatzearen alde. «Cinevasion programaren bidez, kolektiboko kideek haien testigantza eta iritzia kontatzeko gogoa erakutsi digute. Haiek dira guregana etorri, garrantzitsua zaielako Georges Abdallahri gertatu zaiona jakinaraztea», arrazoitu du Romere Prophete Mauleko zinema aretoko lehendakariak. Bestalde, Donapaleun eta Donibane Garazin, Union Juive Pour La Paix Bakearen Aldeko Batasun Judua elkarte antisionistako Andre Rosevegue kidea egonen da. Irakasle eta militante sindikalista da, elkarte munduan aritua eta politikoki engaiatua.Â
41Zenbat urte eman dituen espetxean. Europan, orain arte espetxean denbora gehien igaro duen preso politikoa izan da Georges Ibrahim Abdallah.
Frantziako aginte politikotik haratago doan afera dela erakusten du filmak, eta Carlesek adierazi du hori frogatzeko «kazetaritza ikerketa» bat balitz bezala eraman duela bere lana. Izan ere, Abdallahren atxiloaldi osoan zehar, AEBek ukan duten rola zalantzan jartzen du dokumentalean. Urtez urte, AEBetako eta Frantziako buruzagi politikoak aldatu badira ere, AEBetako botere politikoak Frantziari inposatutako «presioa mantendu» dela erakusten du. Presio diplomatiko hori manera zuzenean egin da batzuetan, adierazpen ofizialetan Abdallahren askatzea begi txarrez ikusten zutela jende aitzinean adieraziz. Adibidez, Abdallah libratzea ahalbidetu duen auzia abenduaren 19an hasi zen, eta hiru egun lehenago AEBetako Justizia Departamenduak gutun bat helarazi zion Parisi. Gutun horretan zera adierazi zuen Washingtonek: Abdallah askatzeak AEBetako diplomazialariak «arriskuan» jarri ez ezik, Ekialde Hurbilean eragin «negatiboa» izan zezakeela.
Presioa harreman informalen bidez ere mantentzen ibili dira agintariak, haien arteko trukaketa pertsonaletan. Horren ilustratzeko, Frantziako hainbat buruzagiren testigantzak edo galdeketak biltzen ditu dokumentalak, zeinetan inork ez duen osoki asumitzen Frantziako Estatuaren pasibotasuna eta subiranotasun falta AEBen presioekiko. Haien artean, Laurent Fabius (Frantziako Kanpo Arazoetako ministro ohia), Eric Dupont Moretti (Justizia ministro ohia) eta François Hollande (Frantziako lehendakari ohia) ikus daitezke.