Karrikara jalgi eta pala txapelketa bat iragartzeko afixa bat begiratu, edo sare sozialetan ikastola baten bestaren egitarauari so egin, edo jatetxe berri baten menua irakurri, eta zeraz ohartu: hiru euskarriek ber ezaugarria dute, adimen artifizialaren (AA) bidez sortuak izan dira. Oharkabean bada ere, AAk sortu edukia gero eta leku gehiago hartzen ari da, kalean, sare sozialetan, webguneetan, telebistan, prentsan... Eta horrek zalantzan jartzen du artista grafiko anitzen lana.
AAren garapenak hainbat esparru kordokatu ditu azken urteetan, besteak beste artearena, eta bereziki grafismoa eta diseinua. Ez da lehen aldia teknologiak artean eragina duena eta eraldatzen duena. Teknologiak aitzina egin duen heinean, artearen eta teknologiaren arteko harremana aldatuz joan da. Horrek erabat eraldatu ditu sormenezko ekoizpenak sortzeko eta ulertzeko moduak. Adibidez, XV. mendean, inprimategien sorrerak ekoizpen artistikoen erreprodukzio masiboa ekarri zuen. Gero, XIX. mendean, kamerek berekin ekarri zuten ordura arte marrazkiaren bidez sortzen ahal zen irudia klik bakar baten bidez harrapatzeko aukera. Berantago, teknologiaren eta ordenagailuen garatzearekin, artista grafikoen sortzeko manera guztiz aldatu zen. Egun, berriz, AAren garapenak artearen mundua inarrosi du. Batzuek diote arte munduan izan den aldaketarik handiena izanen dela AAren orokortzea.
Esther Maitek diseinu grafikoko ikasketak hasi zituen orain dela bi urte, Parisen. Ainara Harotzarenek ere garai bertsuan hasi zituen grafismo ikasketak, Mont-de-Marsanen (Okzitania). Ikasketak hasi berri zituztela agertu zen AAren erabilpen «masiboa». Haien ikasketetan teknologiak leku handia duen arren, AAren erabilpenak ez du oraino leku handirik lortu, esplikatu dutenez. Halere, aspaldian erabiltzen dituzten programa batzuetan AA sartu berri da, zenbait tresna hobetzeko: «Lehen, akzio bat egiteko bi ordu behar ziren; egun, klik bakar baten bidez, minutu batez egin daiteke ber ekintza», azaldu du Maitek. Baina Harotzarenek gehitu du baliapen hori soilik «tresna» bat bezala erabiltzen dutela, lan edo detaile «aspergarriak» lasterrago egiteko, baina ez «sormenerako» edo «kontzeptuen» egiteko. Alde horretatik, AAk ekarpen «positiboa» ukan duela uste dute, baina horretatik haratago doan guziak «kezkatzen» ditu biak.
Horretaz gain, urtean zehar dituzten lanen artean, Maitek bat egin behar izan du AArekin aurten, justuki AAren erabiltzeak zer esan nahi duen ikus eta ikas dezaten, «sentsibilizazio» eta «prebentzio» gisa. Funtsean, AAk ez ditu nahasi edo inarrosi Maiteren ikasketak, baina, halere, duda du bere ikasketak ongi egokitu ote zaizkion egoerari, eta uste du bere etorkizuneko lanbidean ondorioak ukan ditzakeela horrek: «Adimen artifiziala izugarri fite iritsi zaigunez, azkenean, ez dakit ene eskola, eta eskolak orokorrean, aldaketari egokitu direnetz. Ene ustez, gerora begira, lan mundura iritsiko garelarik alimaleko saltoa ukanen dugu, lan munduan gehiago sartua izanen baita AA».
Elorri Charritonek 37 urte ditu. 2012an lortu zuen Arte Ederren diploma. Gaur egun, ilustratzaile eta grafista lanetan ari da bere kontu, hedabide, elkarte eta egiturentzat ilustrazioak eginez. Ikasketetan, teknologia doi-doia erabiltzen zutela azaldu du: «Teknologiarekin genuen harreman bakarra ordenagailua eta kamerak ziren. Baina, bestenaz, dena aiztur eta paperarekin egiten genuen. Garrantzi handiena zuen tresna geure burua zen, gure ideiak. Gauzak anitz-anitz aldatu dira: gaur egun, grafismoaren oinarria ordenagailua da, eta bertan diren programak. Ordenagailua egunero erabiltzen dut. Baina hasi nintzen garaian, dudarik gabe, ez genuen AAren garatzeaz ideia izpirik ere».
Sistemaren irudikoa
AA baliatzen du egunero Charritonek, baina ez sormen prozesuan, bai lanaren kudeaketarako, estrategia garapenerako eta administrazio lanak egiteko. «Nire lanean maite ez dudana egiteko hasi nintzen AA erabiltzen, erran nahi baita, sormenetik kanpo dena. Biziki lagungarria izan zait, beti kasu emanez, bistan da». Hark sormen lanetarako AA erabiltzen ez badu ere, bere arloan teknologia berri horren erabilera hazten ari dela ikusten du. Kontatu du komikigile batzuek, adibidez, AA baliatzen dutela marraztutako pertsonaiak mugiarazteko: «Horrek auzitan ezartzen du gure lanbidearen helburua: zertarako ari gara? Marraztea eta pentsatzea maite baitugu? Ala nahi baitugu proiektu bati pentsatu eta beste guztia makina baten esku utzi? Uste dut gure lanbidearen plazera dela pentsatzea, sortzea eta marraztea».
«Horrek auzitan ezartzen du gure lanbidearen helburua: zertarako ari gara? Marraztea eta pentsatzea maite baitugu? Ala nahi baitugu proiektu bati pentsatu eta beste guztia makina baten esku utzi? Uste dut, gure lanbidearen plazera dela pentsatzea, sortzea eta marraztea»
ELORRI CHARRITONÂ Ilustratzaile eta grafista
Erabilpen hori egungo sistemari lotzen dio, tresna horrekin proiektu gehiago eta fiteago egitea ahalbidetzen duelako: «Sistema kapitalistaren menpe gara, eta eskatzen duena beti gehiago egitea da, etekin gehiago sortzeko. Baina ez da gure lanaren errealitatea. Hain zuzen, gure lana da erakustea bezeroari ez dugula fite lan egiten». Harotzarenek gehitu du jasan dezaketen presioari aurre egiteko erabiltzen dutela batzuek: «Erraztasuna, doakotasuna eta lastertasuna ekartzen ditu AAk. Gure gizartearen problematiketan kokatzen da: dena fite egin behar da, eta gero eta diru gutiago dugu. Ez naiz horren alde, baina uler dezaket zergatik baliatzen duen jendeak. Eraginkorrak izan behar dugu, ahalmen gutirekin. AAk hori bete dezake. Baina azkenean, ez dut uste emaitza eraginkorra denik».
AA hedatzen hasi zelarik, Harotzarenek ez zuen arrakasta hori espero, bereziki AA egituratzen duten balioengatik: «AA ezagutu nuelarik, uste nuen ekologiaz edo politikaz guti arduratzen zirenek erabiltzen zutela, eta, beraz, uste nuen horretaz aski babestuak izanen ginela. Baina orain ikusten duzularik edonork, edozein estrukturak erabil dezakeela, eta denek erabiltzen dutela, ohartzen naiz ez garela batere babestuak. Adibidez, Herri Urratsen maskota berria AAren bidez egin dute. Etorkizunean, nork harraraziko gaitu lanean?».Â
Bestalde, diseinu grafikoa aski lanbide «ezezaguna» dela uste du Maitek, edo, behintzat, emaitzaren gibelean kukutua den lana ezezaguna dela, eta, AAk hartu duen lekua dela-eta, ikuspegi eskas hori emendatuko dela: «Orain arte, gure lana denen eskura zen; gertakari baten afixa bat egiteko, adibidez, badira webguneak eta programak etxetik egiteko, ikasketa edo ezagutza berezirik gabe. Orain, oraino sinpleago bilakatu da, AAri eskatzen ahal baitzaio hau, hori edo hura egitea. Horrek zalantzan ezartzen du grafista baten sinesgarritasuna. Eta gure lanbidearen etorkizuna dudan jartzen du».
«Grafismoa zera da, pentsamolde, irakurketa, emozio edo sormena paper baten gainean erakustea. Artea zure baitatik ateratzen den zerbait da. AAk egiten badu, erran nahi du ez dugula gehiago pentsatzerik, edo sentitzerik. Biziki bitxia egiten zait»
ESTHER MAITEÂ Diseinu grafismoaren arloko ikaslea
Charriton ez da arras ber iritzikoa; ikusten du AA hartzen ari den lekua, baina ez du uste hain errazki sartuko denik egiazko ohituretan, arlo profesionalean behintzat. «Uste dut eta espero dut gure lanak berezia izaten segituko duela, eta estrukturek edo elkarteek gure beharra izaten segituko dutela. Haien estrukturaren inguruko irudi ona nahi badute, araberako buxeta atxikiko dute grafistek segitu ahal izateko lan egiten. Robotek ezin dute hori ordezkatu. Grafismoaren inguruko interes guti den arloetan, aldiz, nire ustez aldaketa izanen da, bai: herriko beste egitarauen afixak egiteko, adibidez, AA baliatzen segituko dute. Betirako iraunen duen, berriz, ez dakit».
Emozio robotizatuak
AAk sortu irudiek ber ezaugarriak dituztela uste dute hiru grafistek: uniformeak, ber estilokoak, sentsibilitate eta emoziorik gabekoak. «Grafismo arloan maite dudana da bost artistari ber ezaugarriak emanez, hau da, ber kolorea, ber tipografia eta ber informazioa, bostek lan arras ezberdina eginen dutela, bakoitzak duen estiloaren eta izaeraren araberakoa. Aldiz, AAri ber informazioak emanez, ber emaitza emanen du bost aldiz», azaldu du Harotzarenek.
Emoziorik eza ere aipatu dute. «Gure lanbidea akatsez, istripuz eta ahuleziaz egina da. Zenbat aldiz tronpatu gara, baina zenbat aldiz ahulezia horrek lagundu gaitu? AAk ez du oraindik halakorik lortu, eta egiten duen guztiak ez du hunkipenik», indartu du Charritonek. «Grafismoa zera da, pentsamoldea, irakurketa, emozioa edo sormena paper baten gainean erakustea. Artea zure baitatik ateratzen den zerbait da. AAk egiten badu, erran nahi du ez dugula gehiago pentsatzerik, edo sentitzerik. Biziki bitxia egiten zait. Hori erabiltzea enetzat litzateke negar egiteko botoi bat zapaltzea bezala, malkorik ederrena atera ahal izateko, emoziorik gabe. Hori da kezkagarria: bi kasuetan malkoa aterako da, baina ez da batere berdin izanen», alderatu du Maitek.
Etorkizuna «lauso» ikusten dute; dudak eta zalantzak dituzte. «Ezin da aurreikusi nola izanen den hamar urteren buruan... Beharbada garatuko da, edo beharbada erresistentzia sortuko da eta AA ez da gehiago erabiliko. Nork daki?», zalantza egin du Charritonek. Maitek uste du tresna horren kontrako «mugimendu» bat sortzeko aukera izanen dela AAk alimaleko gorakada bat izan eta gero: «Beharbada jendea ohartuko da ez dela baitezpada egokia AA erabiltzea».