Zahartzaroa ere «politikoa» da. Hala uste du Francis Carrierrek CNAV Zahartzaroaren Frantziako Kontseilu Autoproklamatuko kideak. «Gero eta zahar gehiago gara, eta zaharrak izatea aldarrikatu behar dugu, gure bizien jabe izan gaitezen, eta ez gaitzaten nolanahika mugitzen diren objektu batzuk bezala tratatu», azaldu du. COL bizitegi sozialen kooperatibak antolaturik, Ni, zahar etxera? Sekula! dokumentala proiektatu zuten iragan ostiralean Baionako Atalante zinema gelan: goiz hartan bertan estreinatu zuten Baionako Zubi Mayou bizitegiaren istorioa kontatzen du. Adinekoendako hamabost bizitegi izanen dira bertan: bakoitza bere apartamentuan biziko da, bikotean ala bakarrik, eta gela komunak ere izanen dituzte, bizi soziala mantentzeko helburuz. Zahartzaroan autonomo izateko eta bakardadetik ateratzeko pentsatuak dira COLek egindako etxebizitza horiek. Botere publikoei dei egin diete gizartearen zahartzeari buruzko neurriak har ditzaten, halako proiektuak orokortuz, besteak beste.
Colette Schnurrenberger da Zubi Mayou proiektuaren bultzatzaile nagusia. COLeko lehendakari izan zen erretreta hartu zuen arte. «Ez nuen bakarrik bizi nahi, baina ez nuen zahar etxe batera joan nahi ere», esplikatu zuen ostiralean egin zuten estreinaldian. Eta ez da ideia horrekin zen bakarra: 2017an elkartea sortu eta proiektua aurkezteko lehen bilkura publikoa egin zutenean, 40 pertsona agertu ziren interesatuak. Ondotik, botere publikoetara jo zuten, Miarritzeko, Angeluko eta Baionako herriko etxeetara zehazki. Batzuek errefusa eman zieten, eta beste batzuek, berriz, proposamenak egin zizkieten. Azkenean, Baionako Aturri bazterreko Bergeret kaiko proiektuak egin zuen aitzina. Hainbat gorabeheraren ondorioz, kasik hamar urte behar izan dituzte gauzatzeko. COVID-19ak eragindako pandemiak obrak atzeratzea eragin zuen, lehenik. Laneko istripu larri baten ondorioz, Mohamed Kichouhi garabi gidaria hil zen obrak egitean, 2022an. Bestalde, arazo administratibo batzuk ere izan dituzte, eta azkenekoz, iazko abenduan sartu ziren bizilagunak bertara.
Hamabost bizitegiak arta bereziarekin prestatu dituzte, bakoitzaren beharren arabera. Aurkeztu duten filmean ageri denez, bakoitzak bere altzariak ekartzeko parada ere izan du, eta, altzarien arabera, etxebizitza moldatzeko aukera. T2 eta T3 gisako bizitegiak dira, eta guziek dute Aturri ibaira ematen duen balkoi bat. «Nire goizetako plazera Aturriri so gosaria hartzea da», kontatu du Libe Goñi Garatek loriaturik. Bere kasuan, logela, garbigela eta sukalde-egongelaz gain, Reiki praktikatzeko gela bat ere badu. «Gela kolektiboan hiru minutuko iratzartzea proposatzen dut egunero», esplikatu du. Bestelako aktibitateak ere badituzte, nahieran.

Hori baita bizitegi kolektiboaren ideia, nork bere bizitegia izateaz gain espazio kolektiboak lantzea, egoiliarrak elkarren artean gurutza daitezen. Zubi Mayou proiektuan garbigela eta brikolatze gela dituzte etxabean, baita auzoko elkarteak biltzeko gela ere. Azken estaian mota guzietako aktibitateak antolatzeko gela komun bat. Eta badute ere estudio bat, egoiliarren lagunek eta familiakoek egonaldi laburrak egiteko parada izan dezaten.
«Badira adineko batzuk arta bereziak behar dituztenak, baina, zahar etxeetan ez bezala, autonomia atxikitzeko parada dute hemen. Era berean, bakardadetik ateratzeko aukera da»
REMI CHAPPAZ COLeko egoitza proiektuen arduraduna
«Adinekoen egoitza bat da, baina oraindik autonomo diren adinekoentzat», esplikatu du Remi Chappaz COLeko egoitza proiektuen arduradunak. «Espazio partekatu oro komunitate bizirako pentsatua da», azaldu du. «Badira adineko batzuk arta bereziak behar dituztenak, baina, zahar etxeetan ez bezala, autonomia atxikitzeko parada dute hemen. Era berean, bakardadetik ateratzeko aukera da», zehaztu du.
Zahartzaroa «pentsatu»
COLek Zubi Mayou bizitegiaren estreina baliatu nahi izan du adinekoen autonomiari buruzko eta etxebizitza egokituei buruzko eztabaida irekitzeko. Horregatik proiektatu zuten Julie Galeten dokumentala, eta ondotik hainbat eragile bildu zituzten gaiari buruz solastatzeko. Populazioa zahartzen ari den honetan, «zahartzaroa erabat ahantzia» dela uste du CNAVeko Carrierek: «Gero eta zahar gehiago gara. Autonomia galtzeak sekulako kostua du, eta politikoek ezikusiarena egiten dute. Bada garaia gogoeta sakonak egiteko, sistemaz aldatzeko, eta zaharrei beren baitarik erabakitzen uzteko. Ez dugu scrabble jokoan jostatzeko tailerrik nahi; bizi nahi dugu, desiratu nahi dugu eta nahi dugun bezala zahartu eta hil nahi dugu».
«Bada garaia gogoeta sakonak egiteko, sistemaz aldatzeko, eta zaharrei beren baitarik erabakitzen uzteko. Ez dugu scrabble jokoan jostatzeko tailerrik nahi; bizi nahi dugu, desiratu nahi dugu eta nahi dugun bezala zahartu eta hil nahi dugu»
FRANCIS CARRIER CNAVeko kidea
Colette Capdevielle diputatuak (PS) zahartzaroari buruzko lege orokor baten alde egin zuen. «Zaharrak ez dira kargu bat; ideia hori desmuntatu behar da. Segurtatzen dizuet zaharrik gabe ez legokeela elkarterik, edo arras guti, horiek baitira elkarte munduko laguntzaileen gehiengoa», erran zuen. Iruditzen zaio zahartzaroa «positiboki» aipatzea garrantzitsua dela, eta erran zuen gauzak aldatzeko «borondate politikoa» behar dela.
Imed Robbana COLeko zuzendariak argi utzi zuen halako bizitegi sozial gehiago garatzeko prest daudela, baina horretarako tokian-tokian «konbentzitu» behar dela. «Eta konbentzitzeko, egiten dugunak funtzionatzen duela ikustea nahikoa da», erran zuen. Hala, argi utzi zuen ez dagoela eredu bat eta bakarra, baina proiektu bakoitzean inplikatuak diren herritarren gogoak kontuan hartzea dela inportanteena: «Dibertsitatea da daukagun aberastasunik handiena. Halako proiektuak egiten dituztenen araberakoak izanda, osasuna ere hobetzeko balio dute; bertan dauden adinetakoek hala diote! Segurtasun Sozialak diruztatu beharko gintuzke!», erran zuen. Oraingoz, ordea, finantzamenduak atzematea gaitz zaie eragileei, besteak beste departamenduak dituen buxeta norabideengatik.
Garatzeko bidean
Zailtasunak zailtasun, halako xedeak garatzeko bidean dira, eta, preseski, dokumentalak Ipar Euskal Herrian diren adinekoendako beste bizitegi batzuen esperientzia ere nolakoa izan den kontatzen du. Izan ere, halako lehen egitasmoa Ahurtin dago, eta Gurekin elkarteak kudeatzen du bertako herritarren elkarbizitza errazteko lana, 2021etik. Ez da arras Zubi Mayoukoa bezalakoa, adin desberdinetako jendeak eta familiak bizi baitira bertan. Aldiz, hor ere, bakoitzak bere apartamentua du, eta gela komun batzuk dituzte, elkartzeko. COL bizitegi sozialen kooperatibak eraman du proiektu hori ere. Annabelle Pachon Trouche ari da lanean Gurekin elkartean, eta argi utzi du haiei ez dagokiela bertan bizi direnen izenean egitea gauzak, baina bai, haiekin egitea: «Hor bizi direnei lekua utzi nahi diegu proiektua beren erara egiteko».
Orain, Urketan eta Hazparnen badira halako bizitegiak plantan ezartzeko proiektuak bidean. Urketan hamar apartamentu izanen dira, eta espero dute 2027ko urte hasierarako prest izatea. Urketako Laure Aroztegi axuantak esplikatu du hastapenean herriko etxearen nahikeria haurtzaindegi bat egitea zela. «Baina ohartu ginen demografia ikusirik, galde gehiago zela adineko jendeari etxebizitza egokituak egiteko», esplikatu du. Hazparnen, azarotik goiti sartuko dira etxebizitzara, 67 urtetik 91 urtera arteko zortzi lagun. Azkenik, Hiriburun gisa bereko xede bat aipatzen hasi berri dira, eta ondoko urteetan garatuko dela espero dute.