Eguzki izpiek mundruna erretzen zuten arratsalde hartan, izerdi torta bisaian turrustan erortzen zela, ahal bezala granadinarekin freskatzen entseatzen ari nintzela, ondoko mahaiko bikoteari entzun nion: «Eta hor, listafin ergel horrek ez du gelatik ateratzeko bidea berriz atzeman! Badute mentsetik horiek!». Besteak erantzun zion: «Bai! Xantza dugu animaliak ez izatea!».
Ez da berria gizakiok guhauren burua piramidearen gaineko partean irudikatzea. Beste bizidunen gainetik, hobeak, azkarragoak eta abilagoak. Dudak ditut ea betidanik horrela pentsatu dugun. Eta segur ondorioak dituela beste izaki bizidunekin dugun harremanean eta orokorkiago gure inguramenarekin.
Gizakiok beste bizidunez arrunt ezberdin eta gainean garela pentsatuz, beste bizidunekiko enpatia galtzen dugu arras. Gainera, animalia —eta beraz natura— munduan dugun leku hori ahazterakoan —edo ukatzerakoan—, ekosistemarekiko dugun interdependentzia nozioa galtzen dugu. Orduan, zendako ez Lurrean eta bertan diren bizidunen baliabideak ustiatu? Beldurrik gabe erabaki eta ekintza kaltegarriak egin ditzagun!
Konexio falta horrekin, gure autonomiaren eta mundua kudeatzearen gain ebaluatzea arriskatzen du. Beste bizidunez eta gure jite biologikoez arrunt independente garela sinesten badugu, gure muga naturalei ez diegu kasurik ematen —muga emozionalak, janari, ugaltze eta segurtasun beharrak, jite sozialak—. Gainera, bazterrean ematen ditugu animalien munduan ezinbestekoak diren lotura sozialak, elkartasuna eta kooperazioa. Ideologia indibidualistak, lehiakorrak eta norberaren «lorpenak» gure bizimodu bilakatzen dira, kolektiboaren kaltetan.
Ikusiz aktualitatea, zer diozue gure barneko animalia behatzen bagenu?