Antxeta irratiko koordinatzailea

Aitziber Zapirain: «Antxeta irratian aritzeko, komunikazio inklusiboa eta feminista baliatu behar da»

Antxeta irratiak 25 urte bete ditu aurten. Urteurrena Ficoba aretoan ospatu dute, Irunen.

Aitziber Zapirain, Antxeta irratiaren estudioan, Hendaian. NAHIA GARAT
Aitziber Zapirain, Antxeta irratiaren estudioan, Hendaian. NAHIA GARAT
Hendaia
2026ko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bidasoaren luze-zabalean uhinak euskaraz hedatzen ditu Antxeta irratiak, eta aurten 25 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko, osteguean bildu ziren Irungo Ficoba aretoan, eta han izan dira inguruko zenbait artista eta sortzaile ere. Aitziber Zapirain irratiko koordinatzaileak (Hendaia, 1987) erran du irratiaren egoera eta giroa sekula baino hobeak direla.  

25 urte beteko ditu Antxeta irratiak aurten. Zertan da zuen egoera?

Antxeta irratian inoiz izan den egoerarik politena eta egonkorrena dugu aurten. Lantalde biziki orekatua eta motibatua baitugu. Oso polita da lortu dugun fusioa, belaunaldi ezberdinak, jakintza eta askotariko kuriositatea lotuta. Lehen bost urteak gorabehera handikoak izan ziren: aipatu izan zuten irratia ez zela bideragarria. Baina, zorionez, eutsi genion. Keinu berezi bat egin nahi nioke Gure Irratiari, gure hastapenetan oso garrantzitsua izan baitzen. Frantziaren legediari begira, Antxeta irratia Gure Irratiaren ahizpa txikia da. Beraz, guretzat erreferente handi bat da.

Irratiak 25 urte bete ditu, baina ez da bakarrik hemen lanean ari garenon garaipen bat. Bidasoko euskalgintzaren garaipen bat da. Entzulerik ez balego, elkarterik, gizarte eragilerik eta norbanakorik ez balego guri informazioa bidaltzeko eta irratian emankizunak egiteko, ez ginateke hemen egongo.

Zer helbururekin sortu zen Antxeta?

Eskualde honetan hutsune bat bazen, komunikabide euskaldun herritar batena. Baziren Diario Vasco, Sud Ouest, Radio Irun... baina ez zegoen deus ere euskaraz. Antxeta izan zen lehena. Beste batzuek esparru nazionalean edo beste eskualdeetan egin duten bezala, guk, beste eragile anitzekin batera, lortu dugu euskarak legitimitatea irabaztea Bidasoko eskualdean.

Entseatzen gara esplikatzen euskara ez dela hizkuntza gutxitu bat bere horretan, gutxiarazi den hizkuntza bat dela. Balioa kentzen zaiona. Bidaso inguruko herritarrei erakusten diegu aukera dutela informazioa euskaraz jasotzeko. Kalitatezko lana egiten dugu informazio orokorra zabaltzeko: euskaraz eta ikuspuntu kritiko batekin. 

Hedabide feminista eta inklusibo gisa definitzen duzue zuen burua.

Duela sei urte, ariketa bat egin genuen Antxetan. Euskal Herria harrera herri gisa aipatzen den honetan, zer toki emango diogu euskarari? Orduan, gogoeta bat hasi, eta ohartu ginen euskara, generorik gabeko hizkuntza bat izan arren, arrazista edo sexista izaten ahal dela. 

Antxeta irratian aritzeko, komunikazio inklusiboa eta feminista baliatu behar da. Horretarako hizkuntzari lotutako formakuntzak antolatu genituen, gai horietan adituak diren pertsonekin. Ez gehiago abokatu bat legegizon deitzeko. Edota lapurreta bat iragan eta «Irunen bi magrebtar atxilotu dituzte» ez idazteko, «bi pertsona atxilotu dituzte» baizik. Anitzetan, pribilegio postu batzuetatik mintzo gara, eta gu ez gara inor migrazioaren diskriminazio guztiak jasaten dituztenen izenean mintzatzeko. Haiek mintzarazi behar ditugu. Izan daiteke webgunean haien iritzi artikulu bat itzuliz, edo guk haiei eskatuz menperatzen duten hizkuntza batean mintza daitezela, eta haien hitzak itzuliz. Hori da gaur egun gure erronka handiena.

Irratia anitz aldatu da 25 urtez. 

Kalitatearen alde egiten dugu, eta ez kantitatearen alde. Ene ustez, gure erronka hor dago; ezin gara lehiatu Sud Ouest-ekin, Ici Pays Basquerekin edo horietako beste batekin. Haiek guk baino hamar mila aldiz baliabide gehiago dituzte. Euskal komunikabide batera jotzen duenak badaki ez duela zaparrada bat jasoko kantitate aldetik, [Frantziako] medio nazionaletan bezala, eta ez duela atzemango informazio bat kopiatua eta itsatsia. Artikulu sakonagoak aurkituko ditu, gaia sakonki ulertzen lagunduko diotenak. Eta beharbada galderak pausaraziko dizkiotenak. 

Orain sare sozialetatik zabaltzen da informazioa. Adimen artifiziala ere zabalduz doa. Nola kudeatzen duzue hori?

Lehentasuna da informazioa ematea, gauden tokitik. Guk frogatu dezakegu informazioak kontrastatzen ditugula, adimen artifizialak ez duela gure erredakzioan pertsona baten lana ordezkatuko. Erabiltzen dugu adimen artifiziala; ukaezina da hori. Baina gure lana errazteko tresna bat da. Oso argi dugu ez duela lanpostu bat ordezkatu hemen. Gainera, argi dugu adimen artifizialaren inguruko formakuntzan sakondu behar dugula. 2023an egin genuen zinezko apustua, gure eskaintza ahalik eta egokien erakutsiko zuen webgune bat irekitzeko. Gaur egun multimediara begira ari gara erabat, eta bideoak ere egiten ditugu. 

Bestalde, Irunen sortu duzue estudio bat.

Irunen egiteko apustua izan da, laguntzaileen sarea are gehiago aktibatzeko. Gero, Irun Gipuzkoako hiri handienetan bigarrena izanik, euskararen presentzia gehiago sustatu nahi genuen bertan, herri erdian kokatuz. 

Nola ikusten dituzu heldu diren 25 urteak?

Espero dut ospatuko ditugula! Lehenik, datozen bost urteetan, lehentasuna da taldea eta talde izpiritu hau atxikitzea. Goizero bakoitza pozik sartzea irratiko atetik. Euskaldun bezala, euskaraz lan egitea —eta kasik askatasun osoarekin— opari bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA