Apeza

Mikel Epalza: «Apeza naiz, baina beti asumitu dut askatasun bat engaiatzeko, arriskuak hartzeko. Naturalki egin dut»

ETAk zigilatutako arma kaxetako giltzen ardura izan zuen Epalzak armagabetze prozesuan. Bakerako bidean elkarrizketa sustatu behar dela erran du, eta Elizak egindako ekarpena goraipatu.

Mikel Epalza, Zokoako apaizetxean. PATXI BELTZAIZ
Mikel Epalza, Zokoako apaizetxean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Ziburu
2025eko maiatzaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2014ko urtarrilean bideo bat grabatu zuen ETAk, armategia indargabetzeari ekin ziola egiaztatzeko. Ram Manikkalingam eta Ronald Kasrils Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak ageri ziren, ETAko bi kiderekin batera, erakundearen armak zeuzkan mahai baten aitzinean. Bideo hori haren etxean izan zela jakinarazi du berriki Mikel Epalzak (Haltsu, Lapurdi, 1946); Zokoako (Lapurdi) apaizetxean zehazki. Gerora, ETAk zigilatutako arma kaxen giltzak banan-bana eskuratu eta atxiki zituen. Elizak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean izan duen parte hartzeaz liburua idatzi du Atxik Berrituz kristau taldeak, eta bertan egin du kontakizuna Epalzak. Garai hartan «diskrezio osoa» atxiki zuen; orain, konta daiteke. «Sukaldeko lanak horrela dira: sobera mugitzen dena ikusia da. Bada agertzen den lana eta agertzen ez dena». Bere etxean, bideoa grabatu zen gelan eman du elkarrizketa, giltza guziak eman gabe.

Lehen arma entrega gela honetan egin zen.

Galdegin zidaten ea prest nengokeen urrats hori egiteko. Nik erran nien: «Nola ez!». 2011n gelditu ziren armak. Zer egin behar zen arma horiekin? Nehork ez zituen bere esku hartu nahi, ez Frantzian, eta are gutxiago Espainian. Ez zen bakarrik ez zituztela armak hartu nahi; armak biltzeko lanean ari zirenak preso sartzen zituzten. Arrisku handiko mandatua zen hori. Eta nik pentsatzen nuen nonbaitetik hasi beharko zela. Proposatu zidatenean hemen egitea, eta erran zidatelarik Matteo Zuppik eta Sant'Egidio komunitateak sostengatzen zutela urrats hori, onartzea erabaki nuen. Momentu hartan, ETAko ordezkariak erran zidan Zuppiren partez «nagusia» gurekin zela.  

Aspalditik duzu gatazka politikoarekin lotura.

Amaren esnetik abertzalea naiz, horrela sortu nintzen. Nire lau aitatxi-amatxiak Haltsuko (Lapurdi) hilerrian lurperatuak dira; sekula ez dute berriz ikusi haien herria eta familia. Bakoitzak behar du asumitu biziak eman diona, eta, ahal baldin badu, hobetu. Baina askok ihes egiten dute haien erroetatik, edo biziaren erronketatik. Guk galdua genuen gerla, Euskal Herrian galtzaileak gara historian. Errazagoa da irabazleekin joatea, Cursus honorum egiteko. Ohoreak irabazteko, Elizan eskailerak igotzeko... Zenbat aldiz erran ote didate: «Pena da, zu euskalduna zara, bestela karrera ederra egingo zenuke Elizan». Horrelakoak entzunak ditut, bai. Askotan, apez izatean, zintzilik uzten duzu zure gizontasuna sakristiako atean, eta apez zara hutsean. Zure gizatasuna asumitzeak beste harri bat ekartzen du, beste indar bat. Eta jendeak hori ulertzen du. 

Nola asumitu izan duzu zuk gizatasun hori Euskal Herriko gatazkari begira?

Euskara ikasi nuen. Eta hurbil izan naiz gatazka honetako biktima guziengandik: presoak, iheslariak, baita ETAk eta Estatuak eragin dituen biktimengandik ere. Kristauok denak behar ditugu begi onez ikusi, nahiz ez diren gure bandokoak. Ez dira batekoak edo bestekoak, biktima guziek merezi dute entzutea eta babestea. Apeza naiz, baina beti asumitu dut askatasun bat engaiatzeko: manifestazioetara joateko, laguntzeko, arriskuak hartzeko. Naturalki egin dut. Bakoitzaren biziak erraten du hitzak ez duena erraten ahal. 

Dena ezin da kontatu. 

Ez, dena ez da kontatzen. Bizi zara, eta hortik ageri da nor zaren. Gure ekintzetatik, gure engaiamenduetatik eta izatetik. 

(ID_14887994) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-04-22, Zokoa. Mikel Epalza apezetxean
PATXI BELTZAIZ
2014an ETAko kideak zuregana jin zirelarik, nola gertatu zen harreman hori?

Harremanak beti izan ditut. Nola pasatu zen? Bada, hona etorri ziren langile batzuk, armagabetzearen langileak. Bideoaren eguna igande goiz bat izan zen, meza nuen nik 9:00etan. Lehenago, jin ziren nazioarteko bi aditu, ETAkoekin egon ziren, eta armak ikuskatu zituzten. Bukatzean dena plegatu zuten. Gerora arrastatu zituzten. Ez egun horretan, gauzak biziki ongi eginak izan ziren eta. Eta hori azpimarratu behar dut: sukaldeko bakegintzan hori egiten da, jende batek bere partaidetza eskaini duelako, haiek ere arriskuak hartuz, bideetan eta beste; armak ez zituen txori batek ekarri! Hori eskertu nahi nieke; ez zen batere errana lortuko genuela, zeren Polizia denetan zen. Nazioarteko bi adituek deklaratu zuten Tolosan (Okzitania) izan zela armagabetze hori. Orain erraten ahal da Zokoan izan zela. 

 

 

Nola iragan zen prestaketa?

Gibelean den pareta hau da bideoan agertzen dena, baina zuriz; mahaia ere hau zen. Bi egunez aritu ziren ETAko kideak dena prestatzen, armak garbitzen, ahal zen diskrezio guziarekin. Ez dakit zenbat arma ziren, gauza horietan ez naiz sartu. Anartean etxean gelditu ziren, lo egiten eta jaten. 

Nolakoa izan zen prozesua?

Ahal nuen diskrezio guzia bermatu nuen, kasu emanez nor heldu zen, leihoak tapatuz. Sator lan bat da, ez duzu agertu behar. Eta sostengatu nituen hemen lanean ari ziren lagunak, haiek ere beldurra baitzuten. Eta konfiantza ere eman nien, erranez urrats eder bat egiten ari ginela. Bakea ez da arrosekin egiten. Armagabetze horrek ekartzen du konpromiso bat; konfiantza osoa behar da eta konbentzitua izan behar da. Eta ilusio batekin ere baginen: Euskal Herri berri baten alde ari ginela. Gaineko gogorkeria, azpiko gogorkeria, dena odola, dena sufrimendu; zepo horretatik atera behar zen, eta bakearen armak eskuetan hartu. Erran nahi baita elkarrizketa, giza eskubideen defentsa, norbanakoek eta herri bakoitzak dituztenak, biktimekin lan egin, presoak eta iheslariak kontuan hartuz. Euskal Herriak duen aniztasun politiko hori azpimarratzeak ez du traba izan behar, baizik eta aitzina joateko aberastasuna. 

«Beatriceri erran nion: 'Hau poliziaz betea da, huts egin du'. Ez zuen lehen armagabetzearen antzik izan»

Hortik aitzina atxiki zenuen harremana.

ETAk zigilatzen zuen kaxa bakoitzarentzako gakoa ekartzen zidaten. Bagenituen hitzordu batzuk eginak, gakoak biltzen nituen, eta atxikitzen nituen. Luhusoko operazioa izan zenean, nire misioa zera zen: hara joan eta giltzak ematea. Beatrice Mollekin elkartu nintzen Itsasun (Lapurdi), eta haren etxera joan ginen. Gero jakin genuen Polizia beha genuela, baina orduan ere sentitu genuen. Beatriceri erran nion: «Hau poliziaz betea da, huts egin du». Ez zuen lehen armagabetzearen antzik izan. Hura ez zuen nehork jakin. Zenbat eta jende gehiago izan ekintzan, askoz eta arrisku gehiago da Poliziak jakiteko. 

Giltzak han utzi zenituen.

Beroki handi batean eraman nituen giltzak. Han ziren Mixel Bergouignan, argazkilaria eta Txetx[Jean Noel Etxeberri], zainetan ziren. Sentitzen zen Polizia sartuko zela; gauza horiek sentitzen dituzu. Haiekin gelditzea proposatu nien, elkartasunezko ekintza bat egiteko; haien esku utzi nuen erabakia. Nire lana gakoak entregatzea zen, eskertu ninduten, eta joan nintzen. Hortik egun batzuetara komisariatik deitu ninduten jakiteko zertara joana nintzen. Ez dut segidarik izan. 

«Herritarrek hartu zuten pilota eskuetan, eta posible izan zen bakoitzak bere ardurak hartu zituelako. Bitxia da, urrats ilegala izan baitzen, baina prefetak, prokuradoreak eta Frantziako Gobernuak babestua, eta Elizak nolazpait benedikatua»

Giltzak biltzen aritu zinen urteetan izan zenuen Polizia inguruan zen irudipenik?

Momentu horietan ez. Beste batzuetan bai. Behar ziren iheslariak alde batetik bestera eraman, eta behin baino gehiagotan, sartzen nintzen gero etxera, eta Polizia bazen gainean fokuarekin. Uste zuten norbait gehiago bazela, ikusia izan bainintzen haiekin minutu batzuk lehenago. Hori zuten buruan: apez hau atxilotuko dugu iheslari batekin. Baina ez. Nik urratsak egin ditut kasu eginez. Baina gakoena uste dut diskrezio osoz egina izan zela. Poliziak ez zuen dena kontrolatzen. Espainolek bazuten bi zuloren berri, baina Luhusoko operazioan haiek zuten hanka sartu. 

Ondotik jin zen apirilaren 8ko armagabetzea. 

Apirilaren 8koa gauza ederra izan zen. Herritarrek hartu zuten pilota eskuetan, eta posible izan zen bakoitzak bere ardurak hartu zituelako. Bitxia da, urrats ilegala izan baitzen, baina prefetak, prokuradoreak eta Frantziako Gobernuak babestua, eta Elizak nolazpait benedikatua. 

Munduan ez da inon halakorik ikusi: halako armagabetze bat, bakean egina, deusen truke, dohainik. Nola izan zen posible hori? Hasteko, Ipar Euskal Herriko hautetsi guziek, gehienek, bat egin zuten. Izan da hemen batasun bat bakegintzarako beste aldean ez zena. Anitz lortu da, baina ikusi behar da nolako mobilizazioa behar izan zen. Sukaldeko lan izugarria egin izan da.

Zuk zeuk izan zenuen harremanik Frantziako autoritateekin.

Mintzatzen nintzelarik diputatuekin eta gobernuan ziren batzuekin, erraten nien: «Zer itxaroten duzue bake prozesuan engaiatzeko? Alde bakarrekoa da». Baionan izan zen armagabetze eguna aitzin izan nintzen Eric Morvan prefeta ikusten, Mertxe Colina eta Battitt Salaberrirekin batera. Eman genizkion xehetasunak, eta erran presoak eta iheslariak ari zirela eztabaidatzen eta deliberatzen bake prozesuan parte hartzea bueltarik gabe.  Konbentzitu genuen egiazko bakegile izaten ahal zela, armak entregatu behar zirela eta bere eskuetan zela hori babestea. Nahiz eta ilegala izan, egin behar zela.

(ID_14887979) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-04-22, Zokoa. Mikel Epalza apezetxean
PATXI BELTZAIZ
Atxik Berrituz taldearekin ere aritu zineten lanean 2011tik.

Hamabi elizatara joan ginen, bilkurak egin genituen ofizialki. Hasieran ez genekien ea bururaino iritsiko zen ala puskatuko zen aitzineko saiakerak bezala. Konbentzimendu hori sortzen zaizu urratsez urrats. Armagabetzea parte bat da, armak kentzea. Baina bakearen gakoa gutako bakoitzaren baitan da. Horretan, uste dut gure fedeak eta sinesmenak ekartzen duela indar bat: bakea da bide bat, edo sartzen zara bidean edo ez zara sartzen. Anitzek ez dute ulertu; erraten ziguten: «Zertarako behar dugu bakea? Hemen ez da gerlarik!». Ez dute ikusi hemen izan dela IK, ETA, eta zapalkuntza linguistikoa; politika arloan, Euskal Herria ez da onartua herri gisa, hizkuntza ez da ofiziala, ekonomia, etxebizitza... Bakearen gako horiek guziak irekitzeko dira, baita Elizan ere.

Nola izan ziren Elizako bilkura horiek?

Herriz herri joan garelarik bake beilak egitera, hitza emanez gatazkaren erdian sartuak izan direnei edo biktimei, baina horrek ez du jendea ekarrarazten. Eliza barnean otoitz egiten da bakearen alde, baina Euskal Herriko gatazka otoitz horretan sartzea zen tabu baten haustea. Jakinaraztea jendeari bakegintza hortik pasatzen dela. Heletan adibidez gatazkak ondorio latzak izan ditu; zauri horiek bakoitzaren barnean dira, ez dituzu ikusten. Presoen seme-alabek ere bizi izan dute hori, eskastasuna; badira zauri biziki sakonak, inoiz ez direnak kontuan hartu. Nola sendatzen ahal dira barneko zauri horiek? Artatzen ahal dira hitza emanez, entzunez.

Jean Pierre Marinekin izandako elkarrizketa aipatu izan duzu.

Izan zen atentatu bat Basusarrin (Lapurdi), IK-k egina. Bere alaba eta Uztaritzeko (Lapurdi) bi neska han ziren alabaren urtebetetzea ospatzen gau hartan. Bada nonbait jainko bat: haurrek lo egin zuten goiko ganberan. Bonba ezarri zuten, eta azpiko parte guzia xehatu zuen. Haurrak ere hortik pasatu behar ziren, baina ez zen gertatu. Jean Pierre Zokoakoa da, ezagutzen dut, eta etorri zen nirekin Baionako diozesako ganberara. Ehun bat jende ginen, betea-betea zen. Eta hor bizitu izan genuen elkartze bat biziki hunkigarria. Mintzatzea proposatu nion, eta bere istorioa kontatu zuen; erran zuen ekintzaren egileekin hitz egin nahi zuela, poliziarik gabe, argazkirik gabe. Eskua luzatzen ziela. Gau hartan erantzun zion Gabi Mouescak, baita beste IK-ko militante batek ere. Eta hor ikusi genuen halako gatazka batean inportantea dela denengana joatea, eta elkartze hori bizitzea, denekin hitz egitea. Bakea etsaien artean egiten da. Armagabetzea gauza bat da; herria baketzea, berradiskidetzea, horrek beste lan bat eskatzen du. Horretan du gure taldeak ekarri bere parte interesgarria. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.