Arberoako herritarrak protestan ari dira hainbat etxalderen salmenta «espekulatiboen» kontra. Izan ere, ikusirik azken urteetan etxebizitzen salmenta espekulatibo gero eta gehiago badirela, eskualdeko biztanleek Arberoa Lurra eta Etxebizitza herritar taldea sortu zuten 2023an. Preseski, bi etxalde milioi bat euroan baino gehiagoan salgai eman ziren urte horretan, eta orduan hasi zen taldea ekintzak antolatzen. Irailean zazpi kide epaituko dituzte iaz egindako elkarretaratze baten harira; sostengu kanpaina bat eta elkartasun egun bat antolatu dituzte irail hondarrerako.
Kolektiboa 2023ko maiatzean agertu zen lehen aldikotz, eta Donoztiriko Larrea etxaldearen salmentaren aurka egin zuen. Izan ere, antolaturiko lehen elkarretaratzean salatu zuten etxalde hori 1.270.000 euroan saldu nahi zutela. Ondotik, militanteek jakin zuten bazitekeela Kalifornian (AEB) bizi den norbaitek erostea etxaldea, eta harekin harremanetan sartu ziren. Kolektiboko Xabi Thikoiperen erranetan, eroslegaiari «erabakia aldatzeko» eskatu zioten, «lasaiki», eta egungo «etxebizitzaren krisia» aipatu. Ustez, kausitu zuten erabakia aldaraztea, baina, aste batzuk berantago, Larrea salgai ezarri zuten berriz, 999.000 euroan, eroslegai hura erretiratua zelako. «Halere, horrek poztu gintuen, pentsatu baikenuen gure urratsek fruitua ekarri zutela», adierazi zuen Thikoipek.
Denbora berean, Aiherran, salgai ezarri zuten Etxexuria baserria. 2017an, 250.000 euroan erosi zuten jabe berriek; 2023an, berriz, Hazparneko Puyo Immobilier etxe agentziaren salmenta iragarkian, 1.600.000 euroan agertu zen salgai. Sei urte lehenagoko balioa halako sei zen hori, eta, beraz, kolektiboak erabaki zuen berriz mobilizatzea. Lehenik, 2023ko abenduan, Etxexuria aitzinean elkarretaratu ziren. Iazko urtarrilean, Puyo Immobilier agentziara sartu ziren, agentziaren jabe Jean Michel Puyo salmentak zekartzan problematikez ohartarazteko. Dozenaka lagun bildu ziren han.
Agentziaren salaketa
Iazko apirilean, ekintza egin zenetik zenbait hilabetera, kolektiboa ohartu zen Donoztiriko Larrearen Kaliforniako erosle potentzialak Aiherrako Etxexuria erosteko nahia agertu zuela. Gainera, urte hastapeneko mobilizazioaren ondorioz, agentziako arduradunak salaketa jarri zuen, lapurretagatik, kolektiboaren ekintza denboran aire girotuko sistemaren kontrolagailua desagertu zelakoan. Ondorioz, maiatzaren 18an, kolektiboa berriz bildu zen Puyo agentziaren aitzinean, bost pertsona deituak izan zirelako jendarmeriara, tartean Arño Gaztanbide Aiherrako auzapeza.
«Ez ziren zazpi kide baizik agentzian egun hartan; beste hainbat ere han ginen, eta, beraz, denok gara epaitu beharrak, denok gara errudunak»
TXOMIN HEGI Arberoa Lurra eta Etxebizitzako kidea
Errepresioaren salatzeko elkarretaratzean laurogei bat lagun bildu ziren. Hartan, umorea baliatu zuten antolatzaileek, eta agentziako jabeari leporatu akusazioa zentzugabea zela. «Gure herria saltzen segitu nahi luke, anitz izerditu gabe», erran zuten agiri batean, salaketa ezarri zuenari buruz, aire girotuari erreferentzia eginez. «Ez dugu onartzen rolen alderantziz ezartzeko entsegu hori: agenteak, saltzaile espekulatzaileak eta erosle dirudunak ez dira biktimak, gaur egun bizi dugun etxebizitza eta lur krisiaren hobendunak baizik». Herritarrek fenomeno hori sufritzen dutela azpimarratu zuten berriz. BERRIA egunkariak Etxexuriko mobilizazioetan egon ziren bi herritarren testigantza jaso zuen, espekulazioa gertatu aitzin etxe horretan bizi nahi izan baitzuten.
Ekintzaz ekintza, kolektiboaren inguruko sostengua azkartu da. Kontrako ekintzak ere bai. Izan ere, iragan urteko azaroan Frantziako Poliziak Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre atxilotu zituen, urtarrileko protestan parte hartzea leporatuta. Atxiloketa horiek egiteaz gain, beste kide batzuen etxeak miatu zituzten. Puyo agentziaren aire girotuko kontrolagailuaren desagertzearen ondorioz ezarritako salaketaren emaitza izan zen operazioa.
Horren harira, Ostia sareak eta Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak «Poliziaren larderia metodoak» salatu zituzten. «Militanteen eta Euskal Herrian gure bizi baldintzekin kezkatuak direnen errepresioa berehala gelditu behar da», adierazi zuten. Sare militanteak adierazi zuen atxiloketa eraman zuen jendarmeriako PSIG unitateak egin-molde «gogorra eta onartezina» erabili zuela: «Goizeko seietan sartu dira, atea kasik hautsirik, eta segidan ezarri dizkiete eskuburdinak». Hamar jendarmek parte hartu zuten atxiloketan, eta etxe guzia miatu zuten.
Zazpi kide auzitegira
Geroztik, inkestak aurrera egin eta ondorioak ekarri ditu. Ekainaren 20an, Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak prentsaurreko masibo bat antolatu zuen, berriz ere Puyo agentziaren aitzinean, zenbait kideren auzipetzearen berri emateko. Txomin Hegik Euskal Irratietako uhinetan azaldu zuen zazpi kide «arrazoi harrigarri batengatik» auzipetuko dituztela. «Omen hemen kontrolagailu bat ebatsia izan zela, nahiz eta ez zen batere desmasiarik egon eta oso molde baketsuan iragan zen ekitaldi hori». Auzipetzea «harrigarria» eta «jokoz kanpokoa» dela kontsideratuta, irailean iraganen den auziaren salatzeko bildu ziren.
Irailera artean, Arberoa Lurra eta Etxebizitza herritar taldeak bere esku dituen «baliabide guziak» erabiliko ditu auzipetuen sostengatzeko. Izan ere, hedabideen aitzinean azaldu bezala, kolektiboko kideek Ni ere han nintzen izeneko autoinkulpazio kanpaina bat jarriko dute martxan. «Ez ziren zazpi kide horiek baizik agentzian egun hartan; beste hainbat ere han ginen, eta, beraz, denok gara epaitu beharrak, denok gara errudunak», erran du Hegik. Horrekin batera, kolektiboak aurreikusi du mobilizazioak egitea beste bi egunetan. Irailaren 27an, 10:00etan elkartuko dira, Donoztirin, barraskilo operazio baten egiteko: Donamartiritik, Izturitzetik eta Aiherratik pasatuko dira, eta Hazparneraino heldu. Han, 11:00etan, manifestazioa abiatuko dute Harana plazatik. Zazpi auzipetuei elkartasuna adierazteaz gain, «espekulazioari» aurre egin eta nekazaritza lurrak eta etxebizitza eskubidea defendatuko dituzte, herritar taldeak adierazi duenez. Azkenik, irailaren 30ean, kideen auziaren egunean, autoinkulpazioak epaitegira eramanen dituzte, «militante soil batzuk bakarrik ez baizik eta herri mugimendu oso bat presente» dagoela aldarrikatzeko.