Kirolaren munduan handitu da Sebastien Henry (1982, Paris). Errugbilaria izan da hainbat urtez, eta egun, Colosse Aux Pieds d'Argile elkarteko misio arduraduna da. Elkartearen helburua haurrek jasaten dituzten sexu erasoei buruzko prebentzio eta sentsibilizazio interbentzioak egitea da, bai haurrekin, baita haurrekin lan egiten duten helduekin ere. Apirilean, Kanboko eskoletan izan da Henry, interbentzio saioak egiten.
Colosse Aux Pieds d'Argile elkartea haurren kontrako bortizkerien inguruko sentsibilizaziorako elkartea duzue. Buztinezko oinak dituen erraldoia erran nahi du euskaraz. Zer erran nahi du, zehazki?
Colosse aux pieds d'agile frantsesez erabiltzen den erramolde bat da; garaiezina dirudien gauza erraldoi bat aipatzeko erabiltzen da, baina, oinarri hauskorra duenez, azkenean, ahul dena. Colosse Aux Pieds d'Argile elkartea Sebastien Boueilh frantses errugbilari profesional ohiak sortu zuen 2013an, haurren aurkako bortizkeria sexualari buruz prebentzioa egiteko.
Zergatik hautatu zuen izen hori?
Sebastien Boueilhek haurtzaro denboran bortizkeria sexuala jasan zuen, haren ahaide hurbil batengandik, 12 urtetarik 16 urtetara. Hainbat urte geroago, erasotzailearen epaiketa eta kondenaren ondotik erabaki zuen elkartea muntatzea, bizi izan zuena berriz ez gertatzeko xedez. Epaiketa denboran, Boueilhen abokatuak erramolde hori baliatu zuen azken hori deskribatzeko, biziki handia eta indartsua delako —erraldoiaren irudia—, baina bizi izan duen traumagatik ahul bilakatu delako. Erramolde hori biziki ongi abian zaio, eta horregatik elkartea horrela deitzea erabaki zuen.
Eskoletan eta kirol elkarteetan lan egiten duzue gehienbat, ezta?
Bai. Lehenik, haurrekin eta haurrekin lan egiten dutenekin aritzen gara. Haurrei prebentzioa egiten diegu, eta helduekin formakuntzak ematen ditugu. Eskoletan eta kirol esparruan lan egiten dugu gehienbat, estruktura horiek baitira sarbiderik onenak haurrekin harremana izateko eta prebentzioa egiteko. Eta alderantziz ere bai: bi esparru horiek dira biderik onenak haurren erasotzaileentzat.
Eta zein bortizkeria mota tratatzen duzue?
Gure lanaren erdigunean bortizkeria sexualak dira. Baina lana esparru hauetara ere zabaldu dugu: jazarpena, hasiberrien frogak, haurren eta adingabeen sexu esplotazioa, bortizkeria digitala. Jendea gehien harritzen duen elementua da haurrei egindako eraso gehienak hurbileko batengandik eginak direla: familiako batek, familiaren hurbileko batek, eskolako batek... Ezezagun batek erasoak egiten dituen uste komun hori ez da arras egia; egia da izan daitekeela, baina ez da gehien gertatzen dena. Uste komun hori ez da ezabatu behar, baina haurren buruan sartu behar da hurbileko bat izan daitekeela. «Kasu egin kalean», «ez hitz egin ezezagunei» eta halako esaldiak biziki garrantzitsuak dira, baina ez da aski. Ingurukoak egiteko gai direnaz hitz egin behar da gehiago.
«Eskoletan eta kirol esparruan lan egiten dugu gehienbat, estruktura horiek baitira sarbiderik onenak haurrekin harremana izateko eta prebentzioa egiteko. Eta alderantziz ere bai: bi esparru horiek dira biderik onenak haurren erasotzaileentzat»
Azken asteetan Kanboko eskoletan ibili zara, prebentzio saioak egiteko. Zehazki, nola pasatzen dira haurrekin egiten dituzun saioak?
Haurrekin egiten ditugun saioak ez dira helduekin egiten ditugunak bezalakoak, desberdinak dira. Haurrekin garelarik, hitz arinagoak erabiltzen ditugu, gaiak ez ditugu hain gordinki aipatzen, adinari egokitzen gara. Ttipienekin intimitatea aipatuko dugu lehentasunez, izendatuko ditugu parte intimoak, non diren, eta nork begiratzen ahal dituen, nork ez, eta nork hunkitzen ahal dituen eta nork ez. Emozioez ere anitz hitz egiten dugu. Aipatzen diegu helduek haurrekiko ukan behar luketen errespetua, eta haurren arteko errespetua. Ez hitzaren garrantzia ere aipatzen diegu.
Eta haurrek nola erreakzionatzen dute?
Haurrekin ditugun trukaketak beti izugarri interesgarriak eta aberatsak dira. Hasia naiz ohitzen, baina hasi nintzelarik saio horiek egiten, harritu ninduen ohartzeak zein argiak diren haurrak, eta bereziki, ikusteak biziki jakinean direla gai horietaz. Biziki libreki hitz egiten dute, bereziki talde pedagogikotik kanpo den eragile batekin. Batzuetan elkarrizketak nahasgarriak izaten dira haurrek erabiltzen dituzten hitzengatik, ustekabekoak dira, eta zaila da irri ez egitea.
Nolako segipena egiten duzue biktimekin?
Lantaldetan banatuak gara, eta biktimen segipenerako bada talde berezitu bat. Maluruski, usu gertatzen zaigu haur bat guregana jitea saioaren ondotik bizitako erasoak aipatzeko. Gehiegitan gertatzen da. Egoeraren arabera segipen desberdina egiten dugu. Segipen psikologikoa eta juridikoa egiten dugu, larritasunaren arabera. Seinalamenduak egiten ditugu, adibidez, eta gero biktimen segipenaren taldeak esku hartzen du. Biktimarekin lan eginen dute, baina biktimaren ingurukoekin ere bai.
Prebentzio eta formakuntzen eskaera emendatzen ari dea?
Bai, argiki. Gurean, 2025ean, Frantzian, 24 hizlariren artean 3.250 interbentzio egin ditugu. Orotara, 100.000 pertsona inguru sentsibilizatu ditugu. Eta gero eta eskaera gehiago ditugu, bai eskoletan, bai kirol arloan. Gero eta kirol federazio gehiagok gurekin konbentzioak izenpetzen dituzte, haiekin lan egin dezagun. Gero eta kirol federazio gehiagok klubei inposatzen diete gurekin lan egitea, edo estruktura orotan erreferenteak izatea horrelako gaiak aipatzeko. Sentitzen da kirol munduan lanketa bat egiten ari dela.
Zerk eragin du aldaketa hori, zure ustez?
Gaiaren inguruko hitza askatzen ari baita. Hedabideetan gehiago aipatzen da, eta jendea sentikorragoa da. 43 urte ditut, kirolaren arloan handitu naiz, eta halakorik ez zitzaidan sekula aipatu izan, ez kirolean, ezta eskolan ere. Existitzen ez zen gai bat balitz bezala. Uste dut gaur egun, ohituretan sartua dela, edo behintzat, sartzen ari dela. Eskandalu bat gertatzen denean, erreakzio eta gaitzidura gehiago bada. Gurea bezalako estrukturak sortzen dira, eraso sexualen inguruan, baina haurrek jasaten dituzten beste hainbat bortizkeriaren inguruan ere.
Halere, hitzaren askapenak baditu mugak, ezta?
Bai, oraindik badira hainbat oztopo. Bada besteen begirada, eta horrek biktimak beldurtzen ditu. Bada biktimaren erruduntasuna, beldurra, lotsa, sinetsia ez izatearen beldurra, hierarkia… Eta oixtion erran dudan bezala, argi izan behar da haurren erasotzaile gehienak biktimaren hurbilekoak direla, eta horrek biktimak trabatzen ditu aipatzeko eta salatzeko. Bada ingurukoak babesteko nahia, eta ez istoriorik sortzearena. Eta bistan da, bada sexualitatearen inguruan den alimaleko tabua, eta horrek ere trabatzen du, arazorik ez delarik ere; pentsa, beraz, arazo bat badelarik, oraino zailagoa egiten zaie aipatzea.
Gizartearen aldaketa ikusirik, baduzu esperantzarik?
Bada, bai. Bada esperantza iturria. Hitzaren askapena, sexualitatea gehiago aipatzea, badira oraindik oztopoak, baina eskaera handitzen ari da, eta hori seinale biziki ona da. Hori dena kontuan hartuta, erran nahi du badela esperantza.