Udazkenak badu izaera malenkolikoa, tristea. Zuhaitzak biluzten ditu, usu gu geu gure mamuen aurrean biluzten gaituen modura. Zaila da jakitea noiz uzten dion zuhaitz batek gerizpe eta babes izateari, noiz igarotzen den goxo hartzen zaituen itzal izatetik itzal egiten dizun edo itzalean uzten zaituen enbor izatera. Ilargiaren argitan korapilatu ziren bi gorputz biluzi horiek ba ote dakite, benetan, noiz igaro ziren elkarrekin korapilatzetik elkar korapilatzera?
Maitasuna eta gorrotoa urrats motz batek banatzen dituela esan ohi dute. Asko maitatu izan dut bizitzan, hitzez marraztea bera ezinezko egiteko bezainbeste, baita sufritu ere, ustekabeko eklipse batek ilunpean utzi ninduenean. Min ematen dit haren faltak. Tristatzen naute efemerideek: «Gugan zauriak direlako. Norberak bakarrik minez ospatzen dituelako», Anarik oroitarazten digun modura. Baina mina eta gorrotoa ez dira ber gauza.
Gizon zuri, zis, heterosexuala naiz. Patriarkatuan hazia, katekesia egina eta mikro eta makro matxismoz inguratua bizi izan dena. Segur aski, azaroko igande arratsalde hits batean bere autoan sartu eta Angeluko Charles Carrere biribilgunean bere bikotekide ohia eta anaia autoz nahita harrapatu zituen hura bezala. Argi dago ez dugula maitasuna berdin ulertzen. Ezta haustura ere. Ezta mina ere. Ez dakit zeri egotzi behar zaion erokeria jasanezin hori. Ez 2024an Baionako prokuradoreak ikertu dituen 377 —eta itzalean geratu diren— indarkeria matxistako kasuak ere. Baina argi dago guztion ardura dela hau gelditzea: anaia, lagun, aita, senide, herritar, militantzia kide. Guztiona. Aitzakiarik gabe. Aski da!