Asteburu bat Espelleteniaren laugarren urteari

Karrikondo eta Larrondo kudeatzaile gazteek Larzabaleko Espelletenia gunea zaharberritu zuten 2022an. Gaurko eta biharko kontzertuak, antzerki bat eta gaualdi bereziak antolatu ditu Baipeleteniak, gunearen animazioan ari den elkarteak.

Espelleteniako kudeatzaileak, Jeremi Larrondo eta Maialen Karrikondo, Larzabalen. PATXI BELTZAIZ
Espelleteniako kudeatzaileak, Jeremi Larrondo eta Maialen Karrikondo, Larzabalen. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
2026ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larzabale sartzean den kulturgune, ostatu, jatetxe eta hotel bat da Espelletenia. Badu orain lau urte modu horretan berrireki zutela gunea. 2022tik hona, lau urteko ibilbidea egin dute, eta, laugarren urtemuga ospatzeko, gaur eta bihar zenbait animazio izanen dira.

Maialen Karrikondo da gaur egungo Espelleteniaren kudeatzailea. Kontatu du lekua 1966an sortu zutela haren aitatxik eta amatxik. Ostatua baliatzen zuten ezkontzak eta bazkariak egiteko, bereziki. Zenbait urteren ondotik, ostatua gerente bati utzi zioten, ber modura atxiki zuena. Baina badu orain lau urte, Karrikondori eta haren bikotekide Jeremi Larrondori gutizia piztu zitzaien lekuaren negozio funtsa erosi eta lekuari beste hats bat emateko. «Lekua berriz hartuz, nahi genion beste xede bat gehitu: Espelletenia arraberritu nahi genuen kultur ekitaldiak proposatzeko, euskara erdigunean emanez, euskara babesteko gure ibarrean. Betiere, berezkoa zuen funtzioa atxikiz, ostalaritza atxikiz. Elkartzeko toki bat sortu nahi genuen, kulturaren inguruan». Eta hala egin dute lau urteotan: mintzaldiak, kontzertuak, bilkurak, tailerrak, erakusketak... 

Egin dutenaren poderioz, azken lau urteotan, Espelletenia Ipar Euskal Herriko euskal kulturgintzaren aterpe garrantzitsua bilakatu da. Baina Karrikondok esplikatu duen bezala, hasieran ez da beti erraza izan: «Hastapenean, programazioa egiterakoan, ez genuen baitezpada irizpiderik. Baina orain, doikuntza ttipiak eginez, lortu dugu hari gorri bat bezala atzematea. Adibidez, urtean bi sasoi kultural egiten ditugu, bata udaberrian eta bestea udazkenean. Eraginkorrak izatea lortu dugu. Eta alde horretan izan dira aitzinamendurik handienak».

Karrikondok argi du: «Lau urtez lekua anitz aldatu da, eta oraindik aldatuko da». Espelleteniak fama lortu badu ere, heldu diren urteetara begira proiektu berriak plantan eman nahiko lituzkete. Horien artean, lo egiteko lekua «bultzatzeko» xedea dute, eta, hain zuzen ere, hirugarren estaian ohetegi kolektibo bat gehitu nahiko lukete, taldeei lo egiteko leku bat proposatzeko, prezio murriztuan, eta, Hego Euskal Herriko elkarteekin harremana sortzeko, edo hainbat formakuntzari aterpea eskaini ahal izateko. Horrez gain, liburu denda bat proposatu nahiko lukete: izan ere, orain arte liburutegi xoko bat badu ostatuak, baina gerora, liburuak saltzeko gunea ere izatea nahiko lukete. Beti ekitaldi kulturalak proposatuz eta garatuz.

Denen tokia

Karrikondok «babesleku» gisa definitu du ostatua. «Jendeak badaki hona jiten ahal dela, lasaiki egoteko lagunekin edo familiarekin. Gainera, emazte batzuek kontatu digute duela hamar bat urteko Espelletenia zailago zela elkartzea gizon anitz jiten baitzen, eta leku guzia hartzen baitzuten. Egun, erran digute giroa eta energia aldatu zuela, eta orain babestuak sentituz bezala etortzen direla. Zinez, denendako lekua da». Artistek ere eskertzen omen duten lekua da. Kudeatzaileak esplikatu duenez, artista anitzek diote zaila izan daitekeela oholtza gainera igotzea, izan leku pribatu edo publikoetan, desmartxa anitz egin behar baitira, eta ez dela beti «erraza»: «Artista anitzek eskerrak eman dizkigute, kontent direlako horrelako lekuen ukaiteaz. Eszena beti hor dute, nahi dutenerako, eta soinua ere beti prest da».

Orain arteko ibilbidea ospatzeko egitaraua gaur hasiko da, eta bihar bukatuko. Baipeletenia irakurle elkartea ibili da bi egun horien antolaketan. Gaur gauean, jatetxean Chouffe garagardoa edateko eta tartifleta jateko gaualdia eginen dute. 21:00etatik goiti kontzertuak emanen dituzte: Physis VS Nomos eta Pelax taldeak arituko dira. Bihar, 18:00etan, Adriene Bergson-Johnson antzerkia emanen dute Itzuli konpainiako Maryse Urrutik eta Martin Antxiak. Ondotik, pizzak jateko aukera izanen da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.