Xan Aire.

Atxikimenduaren bi alde

2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararekiko atxikimendua, gure etorkizunari begira, elementu inportantea dela diote adituek: Iñaki Iurrebaso soziolinguistak, adibidez, dio euskararen erabilpenak aise apalagoa beharko lukeela izan, ikusiz euskal hiztun gehiengoa goxokiago moldatzen dela erdaraz, euskaraz baino.

Hizkuntzari diogun atxikimenduak eragiten omen du hozka hori goiti, bere apalean, erabilpenean: euskara ikasten ari diren helduak kiskun-kaskun teman, nor-nori-nork deabru haren labirintotik garaile atera beharrean; horien artean ez, baina haurrekin bai euskaraz ari diren burasoak, ikastolatik ateratzean, etxeko otorduetan, jostetan. Seme-alabak euskaldun bilakatzeko bide bat zedarritu nahian.

Buraso horiek berak zaizkigu Plazara-k antolatu tailer edo mintzaldietara hurbiltzen, bereziki sesitu nahian zerendako, adin batetik goiti, horien haurrak ez diren halaxe euskaraz ari. Adoleszentziako sudur puntako zirtoinekin batean heldu den gaitza ote den: hots, krema poxi bat emanez pasatuko ahal den, ala aferak iraunen ote duen... Burasoak euskarari atxikiak izanik ere, horien mugetara helduak ote diren.

Segurtamena eta konfiantza

Elorri Garat psikologoarekin ondu dugun mintzaldian, atxikimendu istorio hori abordatzen dugu, baina bertze zentzu batean harturik: bereziki John Bowlby eta Mary Ainsworth psikologoek garatu atxikimenduaren teoriatik. Atxikimendua oinarrizko beharretan kokatzen dute: janaria, loa edo higienearen heinean. Atxikimenduak jendeari garatzeko eta esploratzeko segurtamena eta konfiantza ematen dio.

Haurrak inguruko helduei atxikitzen dira, horiek arta, babesa eskaintzen baitiete; orduan dira atxikimendu figurak bilakatzen: bereziki burasoak edo etxeko helduak lehen haurtzaroan, baina atxikimendu-figurak anizten dira haurrak handituz bezala. Dantzan sartzen dira orduan haurtzainak, irakasleak, hezitzaileak, animatzaileak, trebatzaileak, maisuak, sortzaileak, gazte helduak, militanteak, hautetsiak, ofizio ezberdinetako langile edo nagusiak… hainbat erreferente eta lopide, belaunaldi gazteei euskaraz garatzeko eta esploratzeko segurtamena eta konfiantza emateko.

Euskaldun izateko era bakarra ez den bezala, euskaldun bilakatzeko eta egonkortzeko bideak ere anitzak dira. Zer egiten du gazte batek, ordea, proposatua zaion euskararen aldeko militantzian bere tokia ez badu aurkitzen? Gure hizkuntza komunitatetik urruntzea nahi ez badugu, baloratzen ote ditugu libertimenduetako bolanta, klubeko entrenamenduak euskaraz eraman nahi dituen trebatzailea, bere ofizioan euskaraz funtzionatzea bilatzen duen langilea, barnealdean euskaraz oraindik espontaneoki ari den heldua?

Burasoek zedarritu bideari segi, atxikimendu-figura horiek zein inportanteak diren, jendartean barna gazteak aniztasunean eta segurtamenean euskalduntzen laguntzeko!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA