Hizkuntzalaritza klinikoaren inguruko jardunaldi bat antolatu zuen Udako Euskal Unibertsitateak uztailaren 4an, Baionako campusean. Autismoa eta elebitasunaren inguruko hiru urteko tesia abiatu du Kattalin Bidart ikertzaileak (Baigorri, 1997), eta parte hartu zuen jardunaldi hartan. Lantzen hasi den ikergaia «terrenotik» heldu da, problematika konkretu batetik, Bidartek dioenez: «Hizkuntza nahasmenduak dituzten haurren gurasoek zera pentsatzen dute, beren haurrak hizkuntza batekin jadanik zailtasunetan direnez, hizkuntza bat gehitzeak zailtasun horiek azkartuko dituela». Gainera, ikertzaileak gehitu du profesional batzuek ere gomendioa egiten dutela autismoa edo hizkuntza nahasmenduren bat diagnostikatu zaien haurrekin hizkuntza bakarrean aritzeko, «aurreiritzietan» oinarrituta. Ikertu beharreko eremua zaio, beraz, eta datuak eman nahi ditu.
Ez da bakarkako ikerketa izanen, beste eragile batzuekin proiektu orokorrago batean baitago neuropsikologian masterdun eta hizkuntzalaritzan doktoregaia den ikertzailearen lana: eskuz esku ariko dira Tourseko (Frantzia) unibertsitatea, Hego Euskal Herriko Elebilab eta Lindylab ikerketa taldeak eta Kattalin Bidart partaide duen Iker laborategia. Bidartek «Autismoaren Espektro Nahasmendua duten haur elebidunen hizkuntza gaitasunak» ikertuko ditu. Beste taldeetan, haur elebakarrekin ariko dira; Bidart, berriz, elebidunekin, hiru taldetan: autismoaren diagnostikoa dutenak, hizkuntza garapeneko nahasmendua diagnostikatua dutenak eta diagnostikorik ez dutenak aztertuko ditu. Ikertzaile talde guztiek protokolo esperimental bera baliatuko dute, bukaeran emaitzak konparatu ahal izateko. Bidartek 150 parte hartzaile behar lituzke orotara, eta boluntarioak xerkatzen ditu.
Elebitasuna auzitan
Hipotesi batetik abiatu da doktoregaia: elebitasunak ez duela eragin negatiborik autismoa duen haur baten hizkuntza gaitasunetan. Bidarten erranetan, hipotesia «onartu edo ezeztatuko» du emaitzen arabera, baina 2016az geroztik gaia landu dutenen artean «denak ados dira errateko elebitasunak ez duela eragin negatiborik». Afera da ingelesa eta frantsesa direla ikertu gehienetan, ez euskara. Elebidun izateak onurarik ekartzen duen ala ez, hori eztabaida iturri da ikertzaileen artean.

Euskal Herriko testuinguruan hizkuntza gutxitu baten ikertzea interesgarri zaio Bidarti: «Erronka handia da euskararen inguruko ikerketak garatzea euskaldunen beharrei erantzuteko ahal bezain zuzenki». Haren erranetan, euskararen egoera diglosikoaren eraginez, profesionalek hizkuntza bakarra gomendatzen dutelarik, ez da preseski euskara aholkatzen gehienetan. «Gizartean euskararen presentzia aski murritza denez, horrek eragina du haurraren elebitasunean, hizkuntza bakoitzaren kantitate eta kalitatean, eta bakoitzaren erabileran».
Genero lanketa
Autismoaren alderdi batzuk barnatzeko beharra lukete, Bidarten iritziz. Adibidez, uste du «generoen arteko ezberdintasuna» ikertu gabeko eremua dela: «Autismoaren diagnostikoa pausatzeko, badira bi irizpide nagusi: interakzio sozialetan zailtasunak erakustea, eta interes biziki mugatu eta errepikakorrak ukaitea. Eta ohartu dira interakzio sozialetan emazteek kamuflaje soziala egiten dutela: nahiz eta zailtasunetan izan, egokitzea lortzen dute».
«Gizartean euskararen presentzia aski murritza denez, horrek eragina du haurraren elebitasunean, hizkuntza bakoitzaren kantitate eta kalitatean, eta bakoitzaren erabileran»
KATTALIN BIDARTIkertzailea
Bere ikerketaren gaia ez bada ere, diagnostikatu gabeko autismoak izan ditzakeen ondorioak xehatu ditu Bidartek. «Batzuetan, diagnostikoa berant pausatzen delarik eta pertsonak gizarteari egokitzen ikasi duelarik, zailtasunak ekartzen dizkio; batzuetan, depresioa eta antsietatea».
Hiru urteko finantzaketa izango du tesia lantzeko, eta «terrenoko problematika» horri atzemanen dizkion erantzunak baliagarri izatea espero du. «Helburua da emaitzak baliagarri izatea profesionalentzat, familientzat eta haurrentzat. Espero dut ikerketaren bukaeran emaitzak dibulgatuko dizkiegula interesatuak diren guztiei».