Zauri handi bat du matelan gizon gazteak. Poliziak iragan astean atxilotu zuenekoa da; harrapatzeko lurrera jaurti zuten, eta aurpegiak zola jo zuen. 20 bat urte ditu. Zutik dago epailearen aitzinean: ebasketak egitea leporatzen diote. Frantsesik ez daki, eta interpretea du ondoan. Eskuburdinekin sartu da auzi gelara gibeleko atetik, poliziaz inguraturik, eta gibeletik sartu da beste gizon bat, zaharragoa, hura ere eskuburdinekin. Elkarrekin atxilotu zituzten, eta hari ere ebasketak egin izana leporatzen diote. Horrela hasi ziren Baionako Auzitegian iragan ostegun arratsaldeko auzi lasterrak. Bata bestearen gibeletik epaitu zituzten sei gizon, aitzineko egunetan —ustez— egindako delitu batzuengatik. Haietako hiru berehala kartzelatzeko agindu zuen epaileak, eta beste batek eskumuturrekoarekin bete beharko du kartzela zigorra.
Leku berezia da auzitegia, mundu bat eta bestea elkartu daitezkeena. Badira lanera heldu direnak: abokatuak, epaileak, prokuradoreak, segurtasun agenteak, idazkariak, interpreteak, kazetariak... Justizia eskatzera heldu dira batzuk; epaituak izatera besteak.
Auzi gelako atarian beha dira bi abokatu: bakoitzak bere bezeroa du falta; alta, arratsaldean epaitzekoak dituzte. «Permanentzia nuen asteburuan, eta ene bezeroa atxiloaldian egon da. Libratu dute, eta gaurko deitua zuten epailearen aitzinera, baina ez da arribatua. Ez bada heldu, ez dakit defentsa mintzaldia egiten ahalko dudan, ez baitit ahalorderik eman», erran du kezkaturik.

Astean hiru aldiz egiten dituzte auzi lasterrak Baionan. «Gaur ez da deus interesgarririk», xuxurlatu du auzi gelako atarian auzitegian denbora anitz pasatzen duen kazetari batek. Halere, sartu da auzi gelara, baina ez da luzatu. Beste kazetari batekin ondoko egunetan Pauen egitekoa duten auzi bati buruz mintzatu da. Ez dakite zehazki noiz izanen den. Mezu bat igorri dio beste lankide bati: «Noiz da ijito marikoiaren afera?». «Banoa, ez da deus kontatzeko», erran du. Galdetuta, erran du auzi batetik artikulu bat idazteko «istorio kontagarri bat» behar dela. Egun hartakoak ez omen dira hala, edo hari ez zaio iruditzen, behintzat. Beste kazetaria gelditu da.
Auzi idazkaria, prokuradorea eta abokatuak elkarren artean mintzatzen hasi dira auzi saioaren nondik norakoak antolatzeko. Lehentasunez, «behean direnak» epaituko dituzte. Atxilo direnak, hots. Ahoskatzeko zailak omen diren abizenei buruzko txiste bat egin diote abokatuek elkarri. Poloniar jatorriko izen luzea du haietako batek, eta irriz erran du berea ere zaila dela ahoskatzeko. «Immigrante hauekin ez dugu sekula fini!», bota dio besteak, irriz. Epailea sartu da gelara, eta denak zutitu dira, protokoloak agintzen duen bezala. «Auzi saioa irekia da». Denak jarri dira.
Erabakia, bost minutuan
Orduan sartu dira bi gizon, lau poliziaz inguraturik. Eskuburdinak kendu dizkiete, eta epailearen aitzinean ezarri dira, parez. Interprete bat ezarri zaie erdian. Epailea poliki mintzo da, itzulpena egiteko denbora ukan dezan interpreteak. Hainbat galdera egin dizkie. Prozeduran ez diete halakorik leporatzen, baina epaileak behin eta berriz azpimarratu du «Frantzian legez kanpoko egoeran» direla. Prokuradorea ere horrekin tematu da: «Frantziara sartu berri, eta jadaneko delituak eginak!», bota die. Galdera bat egin dio epaileak bati, baina abokatuak ohartarazi dio galdera ez dela bere bezeroarendako, beste auzipetuarendako baizik. «A, bai!», bota du prokuradoreak.
Abokatuen itzulia da. Bietako zaharrenaren abokatuak esplikatu du bere bezeroa gizarteratze prozesu batean hasia dela: «Espainiako zerbitzu sozialekin» hitzordua du datorren astean. Gazteenaren abokatuak azpimarratu du Frantzian duen kondena erregistroa hutsa dela. Auzia bukatu da. Epaileak deliberoa hartzeko atera dira. Bost bat minuturen buruan itzuli dira, erabakia harturik: zaharrenari, sei hilabeteko kartzela zigorra, gibelapenarekin. Gazteenari, lau hilabetekoa, fermu. Izan ere, esplikatu du bi aste barne bi aldiz atzeman dutela ebasten, eta dagoeneko prokuradorearen aitzinera agertzeko deitua zela aitzineko astean. «Ez duzu ikasi», erran dio epaileak. Eskuburdinak ezarri dizkiote berehala. Baionako presondegian pasatuko du gaua.
Interpretea gelatik atera da. Anonimoki mintzatzea onartu du, afera «minbera» batzuk segitu izan dituelako. Iragan berri den auzitik lasai atera da, lana ongi egin duen sentsazioarekin. «Zaila da kontzentratzea, batez ere bi pertsona direlarik epailearen aitzinean denbora berean. Baina elebidunok usatuak gara etengabe hizkuntzaz aldatzen; naturalki egiten dugu», erran du. Gazteleraz eta arabieraz jarduten du, zinpean. Formazioz hezitzaile berezitua da, baina lan hori utzi zuen duela zenbait urte, interprete gisa aritzeko. «Kate beraren beste parte batean naizela iruditzen zait. Ongi ezagutzen ditut epailearen aitzinean ikusten ditudan gazte horiek; sistema beraren biktimak dira, nonbait. Badakigu zer diren gaztaroko transgresioak; areagotzen dira miseria bizi dutenendako». Interprete gisa, iruditzen zaio sistemaren beste maila batean jarduten duela, baina lanaren funtsa berdina dela: justizia eta giza eskubideak.
Bigarren auzi saioa hasi da. Hiru poliziaz inguraturik sartu da beste gizon bat, eskuburdinekin. 40 bat urte ditu. Zentro sozial bateko etxola bati su eman izana eta gizon bati hil mehatxuak egin izana leporatzen diote. Hasieratik hor den kazetariak ordenagailua atera du, eta notak hartzen hasi da. Epaileak gela gibelean den gizon bati dei egin dio, aitzineko bankura jin dadin. Mehatxuak jasan dituena da. Akusatuak epaileari galdetu dio jartzen ahal denetz, min egiten dion zauri bat duelako zangoan, atxiloalditik ez baitu behar bezalako artarik jaso. Onartu du. Hainbat galdera egin dizkio epaileak. Mehatxu batzuk egin dituela onartu du, «baina ez hil mehatxuak». Erran du ez duela berak sua piztu.
Prokuradoreak banan-banan zerrendatu ditu gizonak ukandako kondena guziak. Adikzioak dituela erran du, hainbat aldiz preso egona dela, etxerik ez duela, ezta lanik ere. Presondegi zigor bat eskatu du, baita biktimarengana hurbiltzeko debekua ere. Abokatuak onartu du bere bezeroaren lengoaia «bortitza» izan daitekeela, «bortizkeria handia jasan baitu». Baina behin eta berriz erran du «frogarik ez» dela sua piztu ote duen jakiteko. Epaileak atera dira, eta itzultzean emaitza jakinarazi diote: ikerketa gehiago behar dira sua nork piztu duen jakiteko. Hortaz, berehala libratzen ahal dutela erran du epaileak, eta poliziek eskuburdinarik gabe eraman dute bere aferak hartzera. Biktima kexatu da. «Beldur naiz. Erran nahi du ene etxera etortzen ahal dela noiznahi sua berriz ezartzera! Zernahi da!». Epaileak «sentitzen» duela erran dio, eta edozer gerta Polizia deitzen ahal duela. Auzi gelatik atera da.
Hirugarren auziaren tenorea jin da, baina idazkaria falta da. «Haurrei jatera egitera joan da!», erran du irriz abokatu batek. Ez du nehork irri egin. Idazkaria itzuli da, eta saioa hasi dute. Gizon bat sartu da poliziaz inguraturik, eskuburdinekin. Epailea mintzatzen hasi zaio, baina gizonak erran dio ez duela ulertzen. Abokatua saiatu zaio esplikatzen, baina nekez. «Ez da posible izanen», erran du ufaka epaileak. Interpretea joana dela ohartarazi du idazkariak, eta auzia gibelatu beharko dutela trenkatu du epaileak. Uztailean epaituko dute berriz, eta anartean preso geldituko dela ebatzi du epaileak. Bost minutu baino gutiago iraun du aferak.
«Ez da beti logikoa»
Indarkeria matxistako afera bat izan da ondotik. Eskuburdinekin agertu da gizona, 40 urte ingurukoa. Gela begiratu du, eta gibeleko partean gelditu du begirada, luzaz. Emazte bat bada han, neska gazte batekin. Abokatu batek keinu egin dio aitzinera hurbiltzeko, eta aitzineko bankuan jarri da, biktimen aldean. Emazteak uspeldua du aurpegia, begitik belarriraino. Duela hiru egun atxilotu zuten gizona, bere etxean, auzoek polizia deitu baitzuten kolpeak eta oihuak entzunik. Bikotekide baten kontrako indarkeria leporatzen diote. Epailearen galderei luze erantzun die, aldi oro ukatuz eta biktima bera dela erranez. Andrea arroka baten kontra erori zela erran du, eta gezurretan ari dela. Epaileak oroitarazi dio medikuaren txostenak argitzen duela kolpe batek eragindako uspela duela andreak. Prokuradoreak 30 hilabeteko kartzela zigorra galdegin du haren kontra, horietako hamabi gibelapenarekin.
Gizonaren abokatuak esplikatu du ez dela froga aski kolpea bere bezeroak egindakoa dela segurtatzeko. Gaineratu du presondegietako egoera izugarri kezkagarria dela gainpopulazioagatik, eta giza eskubideak ez direla errespetatuak leku horietan. Erabakia hartzeko atera dira magistratuak. Gelan egon den kazetariak sutearen aferaz idatzi duen artikulua finitu du, eta gelatik atera da. Epailea itzuli da bost minuturen orduko, eta bi urteko kartzela zigorra ezartzea deliberatu du ororen buru. Gainera, biktimarengana eta haren etxera hurbiltzeko debekua ezarri dio, hiru urterako. Epaileak eskoltako poliziei barkamena galdetu die: «Baionako presondegian ez da lekurik gaurko, beraz, Mont-de-Marsanera eraman beharko duzue».
Arratseko zortziak dira, eta azken epaiketa egiteko tenorea da. Arratsalde guzia auzi gelan pasatu du epaituko duten gizonak, beha. Epaileak deitu du, eta aitzinatu da. Bideko polizia kontrol bati uko egin, eta autoz lasterketaldi bat egin zuen apirilean, polizia auto bati ihes egin nahian. Abokatuen greba zela eta, ekainera pusatu zuten haren auzia, eta kontrol judizialpean egon da ordutik. Epaileari azaldu dio dituen aurrekariengatik eta dituen izenagatik eta jatorriagatik «beldurtu» zela kontrola ikustean, eta ez gelditzea deliberatu zuela. «Zozokeria bat izan da. Badu zortzi urte ez dudala deus egin, eta damutzen naiz. Baina ikusten ditugularik poliziaren gehiegikeriak, bada beldurtzekoa», esplikatu du. Epaileak erran dio diskurtso hori «jasanezina» zaiola. Prokuradoreak, berriz, «profil kezkagarria» duela erran dio, eta bi urteko kartzela zigorra eskatu du haren kontra, baita berehala preso sartzeko galdetu ere. Gidabaimena kentzea eta sakelakoa eta autoa konfiskatzea ere galdetu du.

Abokatuak salatu du atxiloaldian izugarri baldintza txarretan ikusi zuela gizona: «Saihets hezurretan biziki min zuen, eta elkarrekin egon ginen tartean odola tu egiten zuen. Joan nintzenean, ez nintzen lasai». Esplikatu du gizonak gizarteratzeko prozesu bat abiatua duela orain dela zenbait urte, eta sare sozialen bidez irabazten duela dirua. «Haatik, sosa ezin du bildu, sakelakoa konfiskatua baitzaio», erran du. «Gure belaunaldiarendako zaila da ulertzea, baina eduki sortzaile gisa irabazten du bizia. Egin duena ukaezina da, baina neurriz zigortzea galdetzen dut», argudiatu du. Epaileak atera dira, eta gizona auzi gelatik atera da. Bost minutu berantago, itzultzean, epailea harritu da: «Non da?». «Trena hartzera joan da», erantzun dio abokatuak. «Sinetsiko banu bezala eginen dut», epaileak. Urte bateko kartzela zigorra ezarri dio, eskumuturreko elektronikoarekin betetzekoa. Baldintza zorrotzak ezarri dizkio horretarako: lan erregular bat lortzea, dependentziak sendatzeko artak jasotzea, eta aurrekariengatik dituen zorrak kitatzea. Gidabaimena kendu diote sei hilabeterako, eta sakelakoa eta autoa konfiskatu. Abokatuaren esku izanen da gizonari kondenaren berri ematea.
Hustu da auzitegia. Epaileak eta abokatuak tarte batez egon dira auzi gelan, afera batzuen inguruan kalakan. Prokuradore batekin ikastaroan den neska gaztea ere atera da. «Ezingo nuke abokatu izan. Zailegia litzaidake indarkeria matxistagatik epaitua den gizon bat defendatzea. Eta prokuradore izatea ere zaila da... Batzuetan bortitzak dira eskaerak, eta ez zaizkit beti logikoak iruditzen. Jateko ebasten duen gazte bat preso igortzea...».