Azkarateko Harizpea, edarien laborategi

Edabeen Etxea sortuko dute Azkarateko Harizpean. Herriko Etxeak bultzatu du proiektua, Tequio kooperatibarekin, eta nahi dute etxea edari ekoizleen bilgune izatea, ekonomia bultzatzeko eta esperientzien laborategi izateko.

Azkarateko Edabeen Etxea, herritarrei aurkeztean, iaz. TEQUIO
Azkarateko Edabeen Etxea, herritarrei aurkeztean, iaz. TEQUIO
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urratsez urrats diseinaturiko proiektua da Azkarateko Edabeen Etxea. Urte batzuk beharko dira ireki aitzin, baina iragan astean abiatu zuten ofizialki bidea, partaide guziek dokumentu bat izenpetuta Deikaztelun, Nafarroan. Xedea da Harizpea Euskal Herriko edari ekoizleen elkargune izatea; erakusleiho bat, bai, baina baita hori baino zerbait gehiago ere. Ekoizleendako laborategi bat egin gogo dute bertan: saltoki bat, ostatu bat, sukalde bat, hartzitze leku bat, baita jakitateak trukatzeko gune bat, coworking eremu bat eta logela batzuk ere. Azkarateko Herriko Etxeak sustatu du proiektua, baina ikerketa eta kontzertazio anitz egin ditu proiektua gauzatu aitzin; horretan lagundu du, preseski, Tequio Baionako kooperatibak. 

Ez da lehen aldia Tequiok Ipar Euskal Herrian hirigintza xedeak egiten dituela. 2021ean, Mendikotako herriko plaza berrantolatzen hasi ziren, herritarrekin eta lekuko eragileekin ondutako proiektu baten bitartez. Kooperatibaren eramailea da Sonia Martin del Campo; «herriaren eta herritarren izarira eginak diren» egitasmoak egitea du erronka. «Gisa anitzetako jakitatea duten boluntarioz osaturiko sare bat badugu, eta bakoitzaren jakintza baliatzen dugu gure proiektuak garatzeko. Gero, bagara langile batzuk ere, eta gure lana da herriko etxe ttipiak laguntzea eta egitura guzien arteko elkarlana kudeatzea», azaldu du. Azkaraten «herritarren eta inguruko eragileen aberastasuna» kontuan hartu dute Edabeen Etxea pentsatzeko. Lan handia izan da, eta hasierako xedea erabat eraldatu dute bilkuraz bilkura. 

«Gisa anitzetako jakitatea duten boluntarioz osaturiko sare bat badugu, eta bakoitzaren jakintza baliatzen dugu gure proiektuak garatzeko»

Sonia Martin del Campo Tequio kooperatibako kidea

Xedea nondik heldu den ulertzeko, gibelera so egin behar da. Izan ere, 2022ko maiatzean «espekulazioaren» kontrako eragileen jomugan izan zen Azkarateko kasu bat: bi etxe —Harizpea eta Etxeberria— eta laborantzako lursail bat enkantean saltzeko agindu zuen epaileak, ondasunen jabeen arteko desadostasunak zirela eta. Enkantean salduz, ordea, prezioen mugatzeko tresna oro —SAFER eta EPFL, adibidez— eginahalik gabe gelditzen da. Horrek herritarren eta espekulazioaren kontrako eragileen haserrea piztu zuen; hainbat mobilizazio izan ziren, eta dozenaka lagunek enkantearen auzi saioa oztopatu zuten. Epaileak auzi saioa gibelatzea erabaki zuen, eta horrek parada eman zion Philippe Etxenike auzapezari jabeekin beste negoziazio bat abiatzeko. Aitortu du bataila luzea izan zela, baina ororen buru jabeek onartu zutela etxeak eta lur zati eraikigarriak herriari saltzea, eta laborantza lurrak, berriz, laborari batzuei, merkatuko prezioan. «Hori lortu eta, beharrezkoa zen proiektu oso baten inguruko gogoetak egitea; elkargoak eta EPFLk gomendatu ziguten plan xehe bat egitea, hamabost bat urterako». Lan horren egiteko deitu zuten  Tequio kooperatiba. Hastapenean, gazteendako etxebizitzak egitea zuten asmoa, baina fite ikusi zuten ezin izanen zutela hori bakarrik egin. «Denek nahiko argi ikusten genuen alde publiko bat eta alde ekonomiko bat izanen zituen egitasmo bat nahi eta behar genuela», azaldu du Etxenikek.

«Halako proiektuak hasten ditugunean, auzapezek hau erraten diguten gehien: ‘Ez gara sekula helduko’. Bada, horren kontra egitea da gure misioa; aterabideak badira, eta, herrian errotua den proiektu bat egiten bada, herritarren babesarekin, gauza anitz egiten ahal dira», esplikatu du Martin del Campok. Gehitu du garrantzitsuena izaten dela proiektua bizigarria izanen dela bermatzea: «Ez bakarrik hasierako ideiak eta horien plantan ezartzea, baizik eta ondokoa ere, proiektua behin martxan izanda, biziarazteko dinamika». Horregatik, azterketa xeheak egin dituzte, bai hirigintzaren ikuspegitik, baita ikuspegi soziologikotik ere. Tequioko langile Marine Boehmek azaldu du «konfiantzazko herritar batzuen» inguruan antolatu dutela prozesua, «sinergiak» eta «partaidetzak» garatu ahal izateko.

Edarien sare bat

Herritarrekin eta herriko elkarteekin bildu dira maiz, eta hor piztu zen edarien inguruko proiektuaren ideia. «Hasieran, tokiko ekoizpenen ideia jin zen, baina bagenekien jadanik bazirela horrelakoak. Gero, proposatu zuten arnoaren inguruan zerbait egitea, eta, emeki-emeki aztertuz, ohartu ginen zinez bazela edarien ekoizle sare bat, jakitate berezi bat, dinamika bat», erran du Boehmek. Alkoholik gabeko edari ekoizleen eta hartzidura tekniken inguruko grina berezi bat sentiturik, laborategiaren ideia jin zitzaien. «Edarien inguruko eragile anitz badira gure inguruan, eta esperientziak egiteko leku bat eskaini nahi genien, jakitatea trukatzeko leku bat, eta ekoizpenak nabarmentzeko leku bat», laburbildu du auzapezak.

«Partaide izan nahi duten laborariak eta ekoizleak kalitatezko eta tokiko laborantzan ari dira, eta xedea da gerora araudi baten inguruan lan egitea, beste mozkinekin egiten den gisara»

PHILIPPE ETXENIKE Azkarateko auzapeza

Mementokotz, hogei bat ekoizlek interesa agertu dute proiektuan parte hartzeko: konbutxa, kefirra, tea, tisana, arnoa, jusak, garagardoak, sagardoa, txokolatea, garagar kafea... Denetarik izanen da. «Partaide izan nahi duten laborariak eta ekoizleak kalitatezko eta tokiko laborantza ereduan ari dira, eta xedea da gerora araudi baten inguruan lan egitea, beste mozkinekin egiten den gisara», zehaztu du Etxenikek. Horregatik, EHLGrekin ere harremanetan jarriak dira. Bestalde, aztertu nahi dute edari horiek zer interes izan dezaketen sukaldaritzan eta gastronomian, eta horregatik, partaidetza berezi bat eginen dute Donibane Garaziko Nafarroa lizeoarekin. Harizpea etxeko sukaldea, beraz, baliagarria izanen da ikasleendako.

Laguntza publikoaren beharra

Erran gabe doa halako proiektu baten gauzatzeko baliabide handiak behar direla. Harizpea etxean obrak egitea izanen da lehen urratsa, eta arraberritze anitz behar izanen ditu; orotara 817 metro koadro izanen dira erabilgarriak; gainera, herrian bestelako obrak ere beharko dira egitasmoak erakarriko duen jendea behar bezala hartzeko —aparkalekuak, adibidez—.

Azkarateko Edabeen etxea.
Azkarateko Edabeen Etxearen inguruko partaide guzien izenpetzea, iragan astean, Deikaztelun. TEQUIO

Mugaz gaindiko proiektua da Edabeen Etxea, batu dituen partaideei esker: Leartiker, Markina-Xemeingo Elikagaien Teknologia Zentroa (Bizkaia); Biosasun oliba olioa ekoizteko Deikazteluko enpresa (Nafarroa); Eztibeltza kooperatiba, eta elikagaien hartziduran berezitua den Bankako Hartzi enpresa. Horri esker, urtarrilean banatu zituzten Europako diru laguntzen Poctefa deialdian parte hartu ahal izan dute, eta hortik jaso dituzte lehen diru laguntzak. Azkarateko auzapezak erran du bideragarria izan dadin proiektuaren %80 diru laguntzen bidez finantzatu beharko luketela, eta beste %20a Azkarateko Herriko Etxeak emanen lukeela. 2029ko Poctefa deialdi nagusitik baliabide gehiago lortzea da asmoa. Arraberritze obrendako bi milioi euro beharko dituzte, gutxi gorabehera. Dena den, «interes orokorrerako xedea» dela segurtatu du Martin Del Campok.

Philippe Etxenike auzapezak, bestalde, erran du herriko etxeari utziak izan zitzaizkion beste ondasunekin, Etxeberria etxearekin eta inguruko lur eraikigarriekin, beste gogoeta batzuk abiatuak dituztela. Zehaztu du ez direla berehala plantan emanen, eta ondoko hamar edo hamabost urteei begira pentsatu dituztela. Lehenik, haurtzain etxe bat eraiki nahiko lukete. Gero, etxebizitza sozialak egin nahi lituzkete BRS (Kontratu Erreal Solidarioa) programaren arabera, eta belaunaldiarteko etxebizitza bat. Hilerria handitu beharra dutela ere azpimarratu du. «Horiek dira herritarrekin eta hautetsiekin mintzaturik gogoan ditugun xedeak. Ez dakigu dena egin ahal izanen den, baina asmoak horiek dira», erran du Etxenikek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.