CGT, FSU eta LAB sindikatuetako ordezkariak

Allande Goihex, Clement Pottier eta Jojo Malharin: «Badakigu denen beharra badela mobilizazio ahalik eta zabalena egiteko»

Maiatzaren Lehenean sekula ez bezala manifestazio bakarrean bildu ziren Mauleko zenbait sindikatu. CGT izan da sustatzailea, zeinak orain arte uko egiten baitzion LABen eskakizunari. Elkarlanaren alde dira Goihex, Pottier eta Malharin sindikalistak.

 DSC7293 00001
CGT, FSU eta LAB sindikatuetako ordezkariak, Maulen, Maiatzaren Leheneko manifestazioan: ezkerretik eskuinera, Allande Goihex, Clement Pottier eta Jojo Malharin. J.E
Joanes Etxebarria.
Maule
2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urte andana batez LABek beste sindikatuei Maiatzaren Leheneko Mauleko manifestazioa elkarrekin egiteko eskaera egin izan die, baina CGT sindikatuaren ezezkoa izaten zen beti arrapostua. Azken aldietan, ez zen gehiago galdetzen ere. Aurten, jende anitz harritu da, lau sindikatuen artean egin baita deialdia: FSU, Solidaires, LAB eta CGT. Ezustean, CGTko talde batek hartu zuen iniziatiba, eta barne eztabaiden ondotik, beste sindikatuei deia egin. Solidaireseko ordezkaririk gabe baina 250 bat manifestarirekin atera ziren Maulen karrikara langileen eskubideen aldeko nazioarteko egunean. Clement Pottier FSUko ordezkariak (Marseilla, Okzitania, 1980), Allande Goihex CGTko ordezkariak (Maule, 1982) eta Jojo Malharin LABekoak (Maule, 1962) txalotu dute ezohiko batasun hori.

Nola joan zaizue Maiatzaren Lehenean Mauleko lehen manifestazio bateratua?

ALLANDE GOIHEX: Arindua sentitzen naiz. Kontent naiz: jendea hor zen, eta irus. Aitzineko egunetan, merkatuan eskuorriak banatu genituelarik, jendea baikorki harritua zen, eta erraten ziguten azkenean manifestazio bateratua izanen zela Maulen. Ez zen bi manifestazioen artean gehiago hautatu behar; beraz, Maiatzaren Lehenaz kontent, eta giro onaz ere bai.

CLEMENT POTTIER: Arrunt bat egiten dut. Lurralde ttipi bat da gurea, eta, testuinguru politiko eta sindikalean ez ezik, usu elkar ikusten dugu izan errugbian, bestan... Manifestazio bateratuak ekarri du hurbiltasun horiek naturalki berretsi direla, beti hala izan balitz bezala. Pentsa daiteke zentzugabekeria ez ote zenetz orain artekoa, iduriz bukatu dena.

JOJO MALHARIN: Izugarri kontent naiz, ontsa iragan baitzen. Sustut, aurten posible izan baita elkarrekin egitea, hori zen adierazgarriena. Jendetsua izan zen, eta uste dut itxura ona zuela manifestazioak. Denak elkarrekin lan egiteko prest garela erakutsi nahi genuen, eta denak izpiritu horretan jin ziren. Hori zen inportanteena.

Nolaz posible izan da aurten mobilizazio bateratua egitea?

MALHARIN: Guk urtez eta urtez galdetzen genuen, eta ez zuten sekula onartu. Ez zen estrategia bat, baina ez genuen gehiago galdetzen. Gertatu da aurten CGTk hartu duela iniziatiba; guk, prefosta, berehala printzipioa onartu genuen. Gero bildu ginen praktikoki antolaketarentzat. Guk usu Maiatzaren Lehen zabal bat egiten genuen, mugimendu guziei irekia. Ez genuen sekula baldintza edo marra gorririk pausatu inori. Hor nahi zuten absolutuki langileen eskubideetara mugatu; orduan, hola antolatu genuen, guziei leku bat uzteko. Lehen parte bat sindikatuei utzi diegu, eta manifestazioa bukatzean lekua utzi diegu hitza hartu nahi zutenei.

POTTIER: CGTko talde ttipi batetik abiatu zen dena.

GOIHEX: Gure orain arteko posizioa Frantzia mailakoaren kalkoa zen: [Frantzia mailako] mugimendu nazionalekin aritzea. CGTk ez zuen nahi Frantziako intersindikalaz kanpoko beste sindikatu batzuekin bat egin genezan. Mauleko talde lokalean, berriz, aipatu zen Maiatzaren Lehenean bi manifestazio egitea domaia zela, eta gogoetatu zen nola desberdinki egin. Jakin behar da CGTko goi mailan norabideak ematen direla, baina oinarritik eragiteko askatasuna badugula mahai inguruko bozka errespetatzen duguno. Deialdi bateratuaren aldeko botoa nagusitu zenez, gaineko instantzietan entzun gaituzte. Oinarritik abiatu da, eta botoa errespetatu da. Duela zenbait urte LAB sindikatuak galdetu zigun, eta gure instantzietan ezezkoa izan zen; oraingoan guk deitu ditugu beste sindikatuak; FSU, LAB eta Solidairesek baiezkoarekin ihardetsi zuten, eta beste sindikatuek ez dute erantzun.

«Deialdi bateratuaren aldeko botoa nagusitu zenez, gaineko instantzietan ere entzun gaituzte. Oinarritik abiatu da, eta botoa errespetatu da»

ALLANDE GOIHEXCGT sindikatuko ordezkaria
Sindikatuen arteko lana ohikoa zaizue?

POTTIER: Sistematikoa da. Ez da mobilizaziorik izaten sindikatu bakarrarekin, lan sektore zinez berezi batzuetan salbu. Denak gomitatu, eta kontsignak eta borroka moldeak sindikatuen artean adostu ohi dira, oihartzun handiagoa ukaiteko xedez. Gure indarrak zein heinekoak diren badakigu; badakigu, bestalde, 50 urteko kontakizun liberalak saldu duen indibidualismoak ez duela lagundu sindikatuen mobilizazioa. Badakigu denen beharra badela mobilizazio ahalik eta zabalena egiteko eta zerbait kausitzeko; agian, irabazteko ere bai. Sistematikoa da, beharrezkoa delako. Bada zerbait berezia gure lurraldean, Frantzia mailan departamendu bakarra baita bi espazio linguistiko, bi espazio kultural eta potentzialki bi espazio politiko ere dituena. Biak artikulatu behar ditugu, arrunt desberdinak izanik ere antolaketa, dinamika eta mobilizatzeko manera. Euskal Herrian dinamika gazteagoa eta aldarrikatzaileagoa da. Frantzia mailako erakunde nazionalentzat zaila da hori artikulatzea. Badira barne eztabaidak, eta sanoa da azkenean. Beraz, sindikatuen arteko lana sistematikoa da, baina mugimendu abertzalearekin puntualki bakarrik egiten da. Aitzinatu beharko da geroan azkarrago izan dadin. Ene ustez, ezin dugu saihestu, baina eztabaida sortzen du.

GOIHEX: CGTn badira orientazioak Frantzia mailan eta barne eztabaidak maila lokalean. Ez da ahobatezkotasunik, LABek badituelako CGTk sostengatzen ez dituen aldarrikapenak. Baina aldarrikapen batzuetan bat egin genezake. Langileak lehenik ikusten duena enpresa da: lanean ongi izatea eta ongi defendatua izatea. Baina sindikatuek araudiak badituzte, eta hori ezagutzen ez duenarentzat zentzugabea da zatiketa ulertzea. Beste lan sektore batean ari banintz, ez nukeen, beharbada, deialdi bateratuarentzat lan hori eginen. Medikuntza sozialaren sailean, adibidez, egia da LABeko kamaradek anitz segitzen gaituztela, konbergentzia badelako ideietan eta borroketan. Kultura sindikala baduzularik, ulertzen duzu gauza batzuk ez direla onartzen Frantzia mailan, baina gure lekuko eremuan saia gaitezke.

MALHARIN: Zuberoa mailan ez, lehen aldia baitzen elkarlan bat eramaten ahal zela CGTrekin bederen, eta, egia erran, beste sindikatuak ez dira sobera agertzen hemen. Kostaldean elkarlan anitz eramaten da beste sindikatuekin. Kanpaina guztietan saiatzen gara parte hartzen intersindikalean, baina ez dute beti onartzen, hainbat arrazoirengatik. Arazoa federazioekin agertzen da; departamendu mailako sindikatuen batasuna delarik, zaila da horretan sartzea. Lekuko taldeekin aiseago da lan egitea, lan istripuen kontrako protokolo berriarekin egin dugun bezala.

Maulen, maiatzaren leheneko manifestazioan, CGT, FSU eta LAB sindikatuetako ordezkariak: Allande Goihetx, Jojo Malharin eta Clement Pottier
CGT, FSU eta LAB sindikatuetako ordezkari Allande Goihex, Jojo Malharin eta Clement Pottier, Maulen, Maiatzaren Leheneko manifestazioan. J.E
Baionan sindikatuak elkarrekin aritzeak ez du eraginik hemengoa betikotzeko?

GOIHEX: Zinez maila lokalean egiten da hori, pertsonen arabera. Gainera, Irabarnen kongresu konfederala egin zen bi egunez, CGTko buruzagi handiekin, eta lan ildoak eta lan debekuak finkatu ziren. Gaur egun Zuberoako taldea ez da zentzu horretan joan, azpitik gorako bidea egin baitugu, langileetatik abiatuz batasun hau lortzeko. Aldarrikapenak adostu ditugu hori kausitzeko. Horretara heltzeko etapa eta kontrol anitz izan da, dena gardentasun osoz egin baitugu gure militanteei dagokienez. Denak informatuak izan dira eta beste sindikatuek ere zuzen jokatu dute. Denen errespetua izan da nagusi, denen onarpena xerkatu dugu beti, eta lan handia izan da hori.

«Azken asteetan sindikatuen artean komunikatu ditugun mezu guztiek errotik bat egiten dute gure ideiekin»

CLEMENT POTTIERFSU sindikatuko ordezkaria
Heldu den urtean berriz ere deialdi bateratua izanen denetz badakizue?

POTTIER: Gure aldetik segur da gisa horretako urratsekin bat eginen dugula. Gure sindikatua Frantzia mailakoa da; ez dugu sekula posizionamendurik hartu, adibidez, Euskal Herriaren autonomiaz edo independentziaz. Gure sindikatuan ez da sekula gisa horretako gogoetarik egin. Ez duguno horren aldeko edo kontrako posizionamendurik, denekin lan egiten ahal dugu. Azken asteetan sindikatuen artean komunikatu ditugun mezu guztiek errotik bat egiten dute gure ideiekin. Baldintza horietan, ez da dudarik heldu den urtean errepikatzen ahalko litzatekeela.

MALHARIN: Gure gain baldin bada, bai, dudarik gabe! Maulen CGTk zuen blokeatzen orain arte, eta aurten haiei esker egin da. Nik ez dut arrazoirik ikusten ez arra-egiteko, izugarri ontsa iragan baita, bai prestaketan, bai manifestazio denboran, bai ondotik.

GOIHEX: Guretzat, barne mailan, hainbat faktore hartu beharko dira kontuan. Ni laket izan naiz, baina ezin da segurtatu. Gainera, barne mailan, lurraldeko bi kongresu ukanen ditugu, eta horietan finkatuko dira ondoko urteetako talde exekutiboak. Talde horietan dira eztabaidak egiten, eta oraingo taldea osoki alda daiteke. Gidaritza taldearen araberakoa izanen da segida. Espero dut jendeak preziatu duela Maiatzaren Lehen hau, beharbada bakarra izanen baita, edo beharbada ez. Urte bakoitzekoa eraiki beharko da.

«Maulen CGTk zuen blokatzen orain arte, eta aurten haiei esker egin da. Nik ez dut arrazoirik ikusten ez arra-egiteko»

JOJO MALHARINLAB sindikatuko ordezkaria
Zer pisu dute sindikatuek, zuen ustez? Gazteak erakartzen dituzue?

POTTIER: XXI. mendean harrigarri bada ere, jende anitzentzat zaila da sindikatuekiko hurbiltasuna agertzea. Frantziako Hezkuntza Nazionalean ere gauza bera gertatzen da; alta, irakasleak, funtzio publikoaren estatusarekin, abantzu segur dira arazorik ez dutela ukanen. Eskola laguntzaileen kasua okerragoa da, ez baitute estatus bera; usu nahiago dute deus ez erran, edo bakarrik aritu, sindikaturik gabe. Behin eta berriz errepikatzen da sindikalismoa iragana dela, kexu den jendea dela, blokatzen duena, bahitzen duen jendea dela edo ekonomiaren aitzinatzea trabatzen dugula. Baina miliardunak ez dira hunki behar: haiek epe luzeko soa dute. Ondorioz, gazteetan zaila da militantzia atzematea. Dagoena mantentzeko, sindikatuetan, handitzen ditugu ahaleginak komunikazioan, edo marketinean, erran dezagun, apaltzea mugatzeko. Garaipen inportante bat eskas zaigu; badakigu arrazoi dugula eta jendeak ez duela aski irabazten, sosa beste norabait doala, baina ez digute garaipen handirik onartuko sekula. Baina sindikalismorik gabe, antolaketa kolektiborik gabe, ez da aterabiderik izanen.

GOIHEX: Erretreten borrokan, Frantzia mailako zundaketa batek dio langileen %73k ez dutela nahi erretreta 64 urtetan, eta nahi dutela erreformak gibel egitea. Bada langile sindikatu bat, beti bera [CFDT], Frantzia mailako sindikatu nagusia, negoziatzen segitzen duena. CGTk eta beste sindikatuek erretreten erreforma negoziatzeko mahaia utzi zuten, haiek ez. Negoziatzen ari dira gauzak eztitzeko, aitzin-erretreta hartuz 62 urtetan. Maiatzaren 28an bilduko dira sindikatu hori eta Frantziako Gobernua erretreta kapitalizazio bidez egitea negoziatzeko. Gai horrek hiltzen gaitu, denek amesten dugu entzutea erreforma abandonatzen dutela, baina, ez gareno sindikatuak ados «aski!» errateko, ezin da. Data hori beldurrez itxoiten dut, erretreta kapitalizazioz egitea urrats handi bat izanen baita nagusientzat, bankuentzat, aseguruentzat... Gazteen ikuspegitik, hemen ikusten dudana da 35 urte inguruan hasten direla kontzientzia hartzen eta sindikalismora hurbiltzen; gazteagoak nekez erakartzen ditugu. Lehen, nahi genuen kontratu mugagabe bat instalatzen hasteko, baina oraingo gazteriak ez du batere ikuspegi hori. Azkenik, sail pribatuan bereziki, anitz entzuten dugu kexua erakusteko manifestazio sobera egiten dela eta blokeatzen hasi behar genukeela. Espartingintza garaian sindikatuak azkar ziren hemen. Guk ere zerbait kausitu beharko dugu. Saiatzen gara, emeki-emeki.

MALHARIN: Sindikalismoa oso apal da orotan; lehen baino anitzez apalago. Hori ikusten dut kapitalismoaren lorpen bat bezala; lortu dute jendeen baitan indibidualismoa nagusitzea. Elkar laguntza, elkartasuna, sindikalismoaren nortasuna galtzen dira horretan. Egungo egunean, klase borroka ez da gehiago modan, ez delarik bekatu bat horren aipatzea, baina langileen artean baizik. Kapitalistek badakite zer den klase borroka, eta badakite eramaten. Kazetariak eta politikariak ere horretan ari dira, eta langileok, aldiz, badugu kontzientzia hori arra biltzeko. Baina ez dakit nola. Azken berrogei urteetan ateratzen diren lege guztietan gure dretxoak galtzen ditugu, emeki-emeki. Soldatek ez dute inflazioa hurbiletik ere segitzen, Gizarte Segurantza apaltzen da orotan, orain aipatzen dute besta egunen kentzea... Erabaki guzti-guztiak beti langileen eskubideen kontrakoak dira. Jendea behar da horretaz ohartu, baina ez dira horretan. Eskuin muturrera joaten dira, haiek ele handiak dituzte, baina beti bozkatzen dute langileen kontra. Zentzugabekeria da. Behar da jarraiki, erakutsi behar da borrokaren bidez direla gauzak lortzen, edo, gutxienez, haien ataka batzuk gibelarazten. Sindikatuen erantzukizuna ere bada. Erretreten kontra hamar bat greba egun egin ditugu, baina hilabetean bat... Hamarrak segidan egin bagenitu, kanbiatuko zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.