Baionako eguneko harrera zentroa hetsi dute, baldintza txarrengatik

Laguntzaileek erran dute higiene baldintza «txarregiak» daudela eta material egokia falta zaiela. Egun guziz, dutxatzeko eta gosaltzeko aukera ematen zien ehun pertsona beharduni baino gehiagori.

Gosari banaketa, Baionako eguneko harrera zentroan. GUILLAUME FAUVEAU
Gosari banaketa, Baionako eguneko harrera zentroan. GUILLAUME FAUVEAU
2025eko uztailaren 16a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Baionako besten denboran usaian bezala ateak hetsi baditu ere, eguneko harrera zentroak ez ditu segidan berriz zabalduko. Zentroak garbitzeko eta gosaltzeko aukera ematen zien egunero 100-120 pertsona beharduni. Laguntzaileek salatu dute higiene baldintzak «txarregiak» direla eta ez dutela «material dezenterik». Lokala hestea deliberatu du elkarteak; hilabete hasieran iragan zen administrazio biltzarrean bozkatu zuten erabakia. Euskal Hirigune Elkargoa da egoitzaren jabe; obrak egingo dituztela jakinarazi du Jean Rene Etxegarai erakundeko lehendakariak, baina «zailtasunak» aipatu ditu.

Francoise Irubetagoiena Harambillet zentroko lehendakariak kontatu du labezomorroek lokala inbaditu dutela, «dutxetatik sukaldera, osoki». Hasieran arratoiak atzeman zituzten, eta ondotik intsektuak biderkatu egin dira. Higiene faltaz gain, Irubetagoienak esplikatu du laguntzaileek ez dizkietela «usaian bezalako oinarrizko zerbitzuak» eman ahal behardunei.

Atherbea elkarteak kudeatzen du materiala, «ahal bezala». «Behardunen puxkak garbitzeko garbigailuak panan gelditzen dira erregularki, eta sistema elektrikoak argindar arazoak eragin ditu behin baino gehiagotan», zentroko lehendakariaren hitzetan. «Dituzten diru laguntza apalak emanda laguntzen digute». Orotara laurogei bat laguntzaile dira; baldintza horietan ezinezkoa bilakatu zaie beren eskukada eskaintzea.

«Behardunen puxkak garbitzeko garbigailuak panan gelditzen dira erregularki, eta sistema elektrikoak argindar arazoak eragin ditu behin baino gehiagotan»

FRANCOISE IRUBETAGOIENA HARAMBILLETBaionako eguneko harrera zentroko lehendakaria

Badira 30 urte elkarteak bere zerbitzuak proposatzen dituela Baiona ingurunean. Irubetagoienaren ustez, Baionan dagoen lokalaren egoera «okertuz joan da pixkanaka». Zentroa ireki aitzin, ostatu bat zegoen bertan; elkargoa haren kargu egin zenean, obra zonbait beharrezkoak izan ziren pertsonen aterpetzeko. Hala ere, lekua ez da osoki egokitua izan, eta, ondorioz, lokalaren egoera orokorra asko ahuldu da. «Adibidez, dutxak diren lekuetan mutxidurak agertu dira, paretak ez direlako eginak uraren aurka babesteko. Azkenik, labezomorroek ezinezkoa bihurrarazi dute harrera egitea, nahiz eta tratamendu fase ezberdinak aplikatu». Hori dela eta, «harrera lekua hestea hautu bakarra bilakatua zen», elkarteko lehendakariaren ustez.

Elkargoaren promesa

Baionako Lesseps kai bazterreko lokala Euskal Hirigune Elkargoaren eskutik lortu zuen elkarteak, 2020an. Hastapenean «behin-behineko aterabide» izan behar zuena iraunkor bihurtu zen, aterabide faltagatik. Elkargoak lokal berri bat atzemanen zuela zin egin zien, baina ez dute deus eskuratu. Arnaud Fontaine elkargoko Gizarte Kohesioa eta Prekaritatea Saileko lehendakariordeak France Bleu irratiari esplikatu dionez, kostaldean, eta «batez ere Baionan», «zaila» da leku baten atzematea.

Anartean, Irubetagoienak aitortu du «konfiantza galdu» duela elkarteak. Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak Sud Ouest egunkariari segurtatu dio lokalean konponketak «ahal bezain laster» eramanen dituela. «Obrak zifratuak izan dira, baina oraindik enpresak aurkitu behar dira, eta obraren egiteko egutegia finkatu behar da». Egoerak «pena» eragiten diola gehitu du, eta adierazi urtero ikusten dela prekaritatearen «progresioa» eta horrek zama gehitzen diela elkarte batzuei.

«Obrak zifratuak izan dira, baina oraindik enpresak aurkitu behar dira, eta obraren egiteko egutegia finkatu behar da»

JEAN RENE ETXEGARAIEuskal Elkargoko lehendakaria

Testuinguru kritiko horretan, bi aldeak bihar elkartzekoak dira eztabaidatzeko. Bi puntu nagusi aipatuko dituzte: lehenik, egin beharreko obren egutegia; eta, bestetik, obren garaian izanen diren alternatibak. Elkargoak aipaturiko lehen estimazioen arabera, obrak urrian bukatuko lituzkete «kasu hoberenean», ez aitzin. 

Etorkizunari begira, eguneko harrera zentroko lehendakariak argi utzi du «kalitatezko baldintzetan» bakarrik egingo dutela berriz harrera: «Ez gara ibiliko aterabide baten zain, ez dugu aterabide brikolaturik onartzen ahal». Elkarteak neurri «zuzenak eta finkoak» goitatzen ditu.

Horrez gain, kolektibo solidarioak adierazi du bere laguntza eskaini diola Sokorri Katolikoa erakundeari. Mementokotz, Baionako eguneko harrera zentroa hetsia den artean, haiek baizik ez dute segurtatzen prekaritatean diren pertsonen harrera. Elkarlanean aritzea erabaki dute orduan. Bestalde, agorrilaren 4tik goiti Eguerdiko Mahaia elkarteak bere zerbitzuak berriz eskainiko ditu udarako, Gaueko Mahaiak neguan egiten duen gisan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.