Apirilaren 1etik 3ra, Grenobleko (Frantzia) futbol zelaietan lehiatuko dira Baionako Etxepare lizeoko mutilak. UNSS Frantziako Estatuko lizeoen arteko lehiaketaren karietara, txapelketako finalak jokatuko dituzte: bost sailkapen fase gainditu ondotik, bide luzea egin beharko dute autobusez, sailkatu diren beste taldeen aurka aritzeko. Hamabi jokalariez gain, taldearen osatzeko entrenatzaile bat eta epaile bat aurkeztu behar dituzte. Argazkilari batekin joateko aukera dute, eta lizeoko ikaslea den argazkilari bat izanen dute bidaiaren segitzeko.
Abentura Miarritzen hasi zuten, urrian. Lehen hiru faseetan, Ipar Euskal Herriko lizeoen aurka lehiatu dira: Baionakoak, Uztaritzekoak, Donibane Lohizunekoak eta Hazparnekoak. Partidak irabazi ondotik, laugarren fasean Biarnokoen aurka aritu behar zuten, baina azkenean bearnotarrak ezin izan ziren aurkeztu, eta Angeluko eta Akizeko lizeoekin lotu dituzte partidak. Azkenik, Akitania Berriko eskualde osoko lehiaketarako sailkatu ziren, eta Limogesen izan zuten partida. Balentria han ere, eta Grenobleko txartela lortu dute Baionako ikasleek, partida bakarra ere galdu gabe.
«Guretzat pribilegio bat da Bernat Etxepare lizeo euskalduna ordezkatzea Frantziako txapelketa batean. Nahi dugu erakutsi euskal taldeek inportantzia eta maila dutela»
UNAI DUHALDE LAYUSÂ Etxepare lizeoko ikaslea eta jokalaria
Terminaleko 11 ikaslek eta bigarreneko hiru ikaslek osatzen dute taldea. Jokalarien artean bederatzi dira lizeotik kanpo ere futbolean ari direnak; beste hirurak errugbian ari dira. Futbolean ari direnek usaia dute elkarrekin aritzeko: «Gutariko lau Hazparneko taldean ari gara, beste bi Maule eta Donibane Garazi biltzen dituen Euskadi talde bateratuan, eta azken hirurek Donibane Lohizunen jokatzen dute», azaldu du Amets Giacomini Garai Hazparneko taldekideak.
Taldearen barneko giro ona azpimarratu dute taldekideek. Unai Duhalde Layus talde horren parte da, eta haien arteko harremanak «biziki onak» direla erran du. «Denek elkar ezagutzen dugu, eta anitz irri egiten dugu. Hori sentitzen da gero zelai barnean, beti elkar entzuten eta elkar motibatzen dugulako. Badakigu beti bata bestea laguntzen ahal dugula eta hori zinez laket da». Gehitu du txapelketa horretan parte hartzeak aldarrikapen politikorako ere balio duela: «Guretzat pribilegio bat da Bernat Etxepare lizeo euskalduna ordezkatzea Frantziako txapelketa batean. Nahi dugu erakutsi euskal taldeek inportantzia eta maila ona dutela». Hirugarren aldia da Etxepare lizeoko mutiko talde bat UNSS futbol txapelketaren azken fasera heltzen dela. 2022an gertatu zen azken aldiz: ikasleak txapeldunorde atera ziren Dijonen (Frantzia) izandako finaletik. Â
Bidaia luzearen kostua
Ibilbide luzea egin beharko dute finala jokatzeko, beraz. Bederen hamar bat orduko autobus bidaia egin beharko dute finaletako lekura heldu aitzin. Grenoblerako bidaia luzearen diruztatzeko, sos bilketa abiatu dute Interneten bidez. Izan ere, 7.000 euroren gastuak aurreikusten dituzte orotara, eta garraioari dagozkio parte handiz. Lizeoak ezin dituenez horrelako gastuak aitzinatu, laguntza xerka ari dira ikasleak.
Han bertan hiru eguneko egitarau «potoloa» ukango dutela azpimarratu du Giacomini Garaik, kontuan hartuta partida bakoitzak 50 minutu iraunen duela. Apirilaren 1ean, multzoko bi partida izanen dituzte, eta ostegunean, final-laurdenak eta finalerdiak —aitzin galtzen badute ere, sailkapen partidak ukanen dituzte—. Azkenik, ostiralez jokatuko dute final handia.
Bestalde, aurten beste kirol batzuetako txapelketetan ere aritu dira lizeoko ikasleak. Mutiko eta neskek hiru hiruren kontra aritzeko saskibaloiko txapelketan parte hartu zuten, eta Ipar Euskal Herri eta departamendu mailan gelditu ziren. Eskubaloian ere, departamenduko finalean galdu zuen nesken taldeak. Azkenik, igeriketa talde bat eskualde mailako txapelketan parte hartzekoa zen, baina azken orduan ez joatea erabaki zuen. Talde hori Excellence izeneko mailan aritzekoa zen: horrek erran nahi du bi urtez segidan txapelketako lehen hiruretan bukatu dutela maila horretan sailkatzeko.