Lagun batekin txoriendako bi ttattolatto eraikiko genituela trenkatu genuen. Krokisa marraztu, izariak hartu, zura erosteko kalkuluak egin (eta inkas, aise gehiago aurreikusi). Erosketak egitera gindoazela, autoan, gure eginbeharrak adostu genituen: zer egin lehenik, zer tresna erabili... Lanean hasi ginen, beraz, aldizka, turnabisa, disko makina, arkatza, abisak, eskuairak, eta nibela dantzarazten. Zenbait hutsegiteren eta buruhausteren ondotik, ez genuen bukatu: ondoko asteburuan ere argituko du.
Astean zehar, sorpresaz, Instagramen brikolaje iragarki batzuk ikusten hasi nintzen: xantieretako nik dakita zer zulagailu potente merkealdian, oilategi ttattola bat merke-merkea... Hara, telefonoak gure behin-behineko xintxuketa sukarraldia entzun ote zuen?
Oro har, sakelako telefonoak informazioak biltzen ditu: non garen, zer diogun, zer maite dugun... Gainera, azken denboretan, adimen artifizialak eta algoritmoek elkarrekin, eskaintza oraindik ziblatuagoa egiten digute. Orain, eroste ekintzak antizipatzeaz gain, algoritmoek ongi etorriko zaigun eskaintza helarazten digute, pagatzeko prest garen prezioak finkaturik.
Hots, adimen artifizialarekin, bi pertsonak prezio ezberdinean ordainduko dute produktu bera. Salmenten optimizazio abila. Prezio finkorik ez da; beraz, dena espekulazioa, berdintasunik eza, alienazioa.
Orduan, ez baduzu nahi itzaleko robot edo jende bat zuri beha egon dadin, telefonoa baratze zolako ttattolattoan utz ezazu. Algoritmoak zer proposatuko ote du txorien kantuak entzun ondoan?