Joan den neguan dermatosi nodular kutsakorraren aferak laborantza arloa nahasi zuen. Protestak egin, eta prefeturarekin hilabeteetan elkarrizketak eraman eta gero, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak egoeraren aitzinamenduen berri eman zuen iragan astean, Uhartehirin. Salatu dute prefeturak ez duela hitza bete.
Abendu hasieran, osasun zerbitzuek osorik hil zuten Ariege departamenduko 208 behiko tropa bat, dermatosi nodular kutsakorraren kasu bat atzeman ondotik. Paristik manatua izan zen hiltze masiboa. Izurriaren kontrolatzeko neurri gogor horri erantzuteko, Ipar Euskal Herriko laborariek A64 autobidea blokeatu zuten, Beskoitze eta Ahurti artean, bi noranzkoetan. ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak eta Coordination Rurale sindikatuek deiturik iragan ziren blokeatzeak. Horren ondotik, prefeturak txertatze kanpaina hasi zuen, eta protokoloaren kanbiamendua espero zuten laborariek.
Eritasuna pil-pilean zelarik, txertatze kanpaina hasi zen. Kanpaina otsailean hasi zen, eta egun, Pirinio Atlantatikoetako departamenduko behien %97 txertatuak dira, hazkuntzen %96an. Prefeturaren txertatze helburua zen behien %95 txertatzea, hazkuntzen %75ean. Laborari anitz horren kontra agertu ziren, baina azkenean, hainbat sindikatuk, ELBk bezala, txertatzeko deia egin zuten, abiatu zen «sua itzaltzeko», Xabi Harluxet ELBko kidearen arabera. Horrekin batera, prefeturak erran zien laborariei txertoa eginen balute bildu eta protokoloaren gaia berriz landuko zutela. Baina orain hilabeteak pasatu direla, prefeturak «hitza jan» die: «Ez gara berriz bildu, eta ez dugu berririk. Eritasuna berriz agertzen bada, eta Euskal Herrira lehen aldiz sartzen bada, behi bat kutsatu eta tropa osoa hil beharko dute. Araudia oraindik ez dugu aldatu. Alta, hori izan da prefetarekin ukan genuen hastapeneko hitza».
Laborarien «kriminalizatzea»
Txertatzea onartu dutenen kontrako «gezurra» bada alde batetik, baina ELBk beste arazo bat ere salatu nahi izan du: txertatzeari uko egin diotenen kontrako «jokamoldea». Harluxetek azaldu du Euskal Herrian oraindik bospasei behi hazlek ez dituztela kabalak txertatu, eta horren ondorioz, prefeturak jendarmeak bidali dizkietela etxaldeetara. «Laborariek jendarmeen bidez ukan dituzte mehatxuak. Laborariak kriminalizatzen ari dira. Berriz ere, eritasuna ez delarik sekula departamendura sartu, eta txertatze immunitatea kausitua izan delarik». Hain zuzen ere, eskuratu duten zigorretarik bat zera da: 750 euroko isuna pagatu behar izatea behika, etxaldeetan fite «igaiten» ahal den zenbakia. Horrez gain, ezin dituzte behiak hiltegietara eraman, behiak «arras sano» izanki ere.
Prefeturarekin harremana «hoztua» dute, ez da elkarrizketarik gertatzen. «Gai horren inguruko borta guziak hesten dizkigute. Tematzen dira. Eta gu, beraz, haserre gara». Heldu diren asteei begira «kezkatuak» dira laborariak, euli eta eltxoen garaia hastear delako, mamutxa horiek baitute dermatosi nodular kutsakorra garraiatzen eta transmititzen. «Dudan gara, eritasuna jinen da Euskal Herrira? Ez da jinen? Jinen bada, orain arte egiten zen bezala gertatuko da: behi kutsatu kasu bakarragatik, tropa osoa hiltzea. Eta guk ez dugu utziko hori pasatu dadin, ezin liteke. Borrokatuko gara horren kontra».
Dermatosi nodular kutsakorra A ereduko eritasun gisa klasifikatua da Europako araudietan. Klasifikazioa ez zaie egokia iruditzen laborariei: «A mailako eritasunak dira tuberkulosia edo horrelako eritasunak, jendeari transmitituak izan daitezkeenak. Dermatosi nodularra ez da jendeari transmititzen. A mailako eritasunak hiltze orokorrari behartuak dira. Galdetzen dugu B mailara jaustea dermatosi nodularra», azaldu du ELBko kideak.