Final aitzineko faseetan sartua da Xilaba Ipar Euskal Herriko bakarkako bertso txapelketa. Bihar eginen dute azkena, Bardozen, eta hortik landa erabakita geldituko da zein bertsolarik kantatuko duen urtarrilaren 31ko finalean, Donibane Lohizunen. Miren Artetxe finalisten artean izanen da, iragan asteko Baigorriko saioa irabazi baitzuen; beste bost leku daude. Antolaketa lanetan buru-belarri aritu da Ainhoa Elizondo (Andoain, Gipuzkoan, 1977). Xilabaren inguruan pizten den «grina» bereziak euskararen «oasiak» ahalbidetzen dituela azpimarratu du.
'Bideek bidea' leloa du aurtengo Xilabak. Zein dira bideak, eta zein da bidea?
Lelo hori Marga Berrari proposatu genion diseinua egiteko. Euskal Herrian lehen bertsolaritza elkartea Ipar Euskal Herrian sortu zen, Bertsozaleen Elkartea aitzin. Bide bat hasi zen orduan, eta gero horrek abiapuntua eman zion Euskal Herri mailako lehen egitura osatzeari, 1980an Bertsularien Lagunak sortu zen arte. Sortzaileek, eta gero hainbat belaunaldik, bakoitzak bere bidea markatu du. Bide ezberdinetatik gaur egungo bidea markatu da, eta etorkizunean ere hala segituko du.
Preseski, gaur egungo bidea zein da?
Beste bideek eginiko lanari esker gara bide honetan; bata bestea gabe ezin da ulertu. Badaukagu hezkuntza proiektu nagusi bat Bertsozale Elkartean, transmisioari erabat lotua, eta proiektu horren barnean badago hezkuntza arautuan egiten dugun lana, eskola ordutegi barnean, eta hortik kanpo daukagun bertso eskola sarea, haurrena eta helduena. Guztira 35 bertso eskola ditugu Ipar Euskal Herri osoan. Bestaldetik, gure sustapen proiektua daukagu: bertso eskoletatik hasi, eta bertsolariak, bertsozaleak, publikoa, antolatzaileak... egitura horren sustatzeko proiektua. Horren atalik ikusgarriena Xilaba da. Beste adar bat ikerketari lotua zaio: garai bateko bertsoak artxibatu, grabatu, biografiak osatu... Izan bertsolarienak, gai emaileenak, antolatzaileenak edota bertsozaleenak. Askotan borondatezko lanean ibili diren jende horienak, alegia. Eta hori guzia Xenpelar dokumentazio zentroan zenbakitua da. Gure ahal mugatuekin ere badugu sare bat bilketa lan horretan ari dena.
Bakarkako Xilaba da aurtengoa; nola prestatu duzue?
Azken bakarkako Xilaba 2021ean egin zen. Tartean taldekakoa egin da, baina orain ikusten ari gara bazela gosea. Jendeak lehia maite du: zerbait pizten du, hori horrela da. Denetariko iritziak egongo dira, baina interes berezia pizten du. Urtean gutxi gorabehera 130 bertso saio antolatzen dira Iparraldean, baina Xilabak pizten duen grina hori ez da denetan ikusten. Aurten 24 bertsolarik parte hartu dute, belaunaldi berri bat etorri da, bost bertsolarik lehen aldiz hartu baitute parte. Joan diren edizioetan baino emazte gehiago badira. Halere badago lan bat egitekoa oraindik ere, 24tik bederatzi baitira emazteak. Baina gero, aurrera segitzen dutenak, justuki, emazteak dira. Final aitzineko fasean gaude, eta zazpi emazte daude hamabitik. Lehen aldia da Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Odei Barroso ez direla lehian. Oso lotua dago belaunaldi aldaketarekin; bertsolari oso trebeak eta famatuak baziren belaunaldi horretan, baina ez parte hartzea eta lekuko hori uztea erabaki dute. Hori ere polita da, hain zuzen belaunaldiartekotasuna baita elkartearen ardatzetako bat. Polita da hori ikustea Xilaban ere: bertsolari gazteenak 19 urte ditu, eta zaharrenak, 54.
Nola doa aurtengoa?
Lau urte eta gero, eta aipatu ditugun bertsolari horiek gabe, kezka puntu bat bagenuen ikusteko nola abiatuko zen Xilaba hau. Balorazio sakonago bat eginen dugu, baina egia da orain artekoa oso ona izaten ari dela. Hasieratik, Bidarteko lehen saiotik, sartze guziak agortu ziren, jendea kanpoan gelditu zen... Poz handia hartu genuen jendearen egarria ikusi genuenean, eta saio guztietan hala izaten ari da. Aberatsa izan da, bertsokera desberdinak ikusi ditugulako plazan, bai euskalkiari lotuak, baita gaiei heltzeko moduari eta ideien garatzeari lotuak ere. Emazteen ahotsa ere nabari da, beste leku batetik kantatzen ahal dutelako. Doinu berri batzuk plazaratu dira, bestalde, eta hori ere interesgarria da.
«Inportantea da haur horiek erreferentziak izatea, ez bakarrik emazteak ikusteko, baizik eta bertsolaritzan aritzeko modu ezberdinak badirela ikusteko: zenbat eta aberatsagoa izan Xilaba bat, orduan eta aberatsagoak izango dira erreferenteak ere»
Elixabet Etxandik eraso matxista bat jasan zuen oholtzan, kantatzera zihoala. Zer diozue horri buruz?
Hausnarketa handi bat bada elkartean feminismoaren eta berdintasunaren inguruan, eta ez da kasualitatea geroz eta emazte bertsolari gehiago egotea oholtzan; lan baten emaitza da, eta hausnarketa etengabekoa da. Gure kontraesan eta gure kezka guziekin, gaia ardatz bat da elkartean. Hori esanda, argi dago saio horretan gertatu zena onartezina dela, horrelako jarrera eta keinu matxistak jasatea neska batek trikota kendu duelako... Irmoa eta garbia da elkartearen jarrera: ez dugu halakorik onartuko; nahi dugu plazak gorputz, ahots eta kolore guztientzako lekuak izan daitezen, eta horretan lanean segituko dugu.
Bertso eskoletako haurrentzat erreferenteak sortzeko ere balio du Xilabak, ezta?
Ohartuak gara bertso eskoletan neska gehiago izan arren plazetan kantatzeko pausoa errazago ematen dutela mutilek. Ikerketak eginak izan dira horren inguruan, eta arrazoi ezberdinak daude, baina lantzen ari gara. Inportantea da haur horiek erreferentziak izatea, ez bakarrik emazteak ikusteko, baizik eta bertsolaritzan aritzeko modu ezberdinak badirela ikusteko: zenbat eta aberatsagoa izan Xilaba bat, orduan eta aberatsagoak izango dira erreferenteak ere, eta haur horiek ikusiko dute leku bat izan dezaketela diren bezalakoak izanda. Asko gogoetatzen dugu zeri kantatu. Mundu honetako aldi hau tokatu zaigu, eta, aldi bakoitzak bere soinu banda duen bezala, bere bertsoak ere baditu. Norbaitek oraingo bertsoak aztertuko balitu, pixka bat hobeto ulertuko luke zer gertatzen den munduan, Euskal Herrian eta mundu intimoan. Hala, antzerkiak eta beste arteak bezala, bertsolaritzak mundu honen idazkari lana egiteko balio du. Ximun Fuschek ere halaxe erran zuen antzerkiari dagokionez. Dena den, lehen lotura hizkuntza da, arte hau euskaraz bakarrik egiten baita. Euskara hutsean egiten den arte bakarrenetakoa da kasik; beraz, saioak betetzen direla erraten dugunean, erraten ari gara euskaraz betetzen direla. Bertsolaritzak ez du zentzurik hizkuntza gabe, eta garrantzitsua da komunitate gisa erantzun hori izatea. Gure herriaren adierazteko modu bat ere bada.