Joan zen egunean, igogailu batean sartu nintzen. 5. botoia zapatu ondoan, ateak zerratu eta «gorantz» abisatu zuen bertako bozak. Orduan hasi zen hitzik gabeko musika bat. Bi minutuko bidaia labur horretarako, isiltasunik ez. Ondotik, medikuaren igurika gelan beste bost pertsonaren ondoan jarri nintzen. Denak beha, telefonoari so, scroll-ean ari ziren; zirrist eta zarrast. Haiei so egon nintzen, baina isiltasunaren pisuak, oharkabean ere, mugikorraren ateratzea eragin zidan.
Gure mundu konektatuan, badirudi estimulazio falta, isiltasun edo hutsune momentuak arazo bilakatu direla, egoera ez-natural gisa sentitzen ditugula.
Isiltasuna, enoatzea, bakardadea eta hutsunea jasanezinak bilakatuz, sistemak produktu edo zerbitzuen bidez betetzeko etengabeko behar artifiziala sortzen du. Jasanezina dena kontsumo aukeraz ordezkatua da, erosketaren bidez konponduko dena.
Egunerokoan, beraz, leku batetik bestera, estimulazio eta harrabotsen zurrunbiloan (irrati, musika, streaming, sare sozial, iragarki...) aitzinatzen gara. Asegabetasun batean, berehalako dibertimenduz gose.
Pausa mentalik ez. Entzun, begiratu, erosi, ez pentsatu: satisfazio eta konpainia ilusioz barra-barra galkatuak gara. Hutsune emozionala betetzen dugu. Gure buruen parean gelditzearen beldurra izanen da frenesiaren behar hori.
Baina pausan, enoatzean, burumuinari menaiua egiteko denbora uzten diogu omen, gauzak beren tokietan emateko edo apalak betetzeko denbora da denbora hutsa.
Azkenean, ez ote dugu denbora huts gehiago behar, behar ordurako beteak izan gaitezen?