«Gerrak, eraso inperialistak eta olatu erreakzionarioak mehatxuak dira Kataluniaren eta Euskal Herriaren etorkizunerako». Euskal Herria Bildu eta ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoa bat datoz honetan: nazioarteko egoerak dakarren arriskua oso handia da. Bartzelonan elkartu dira indar politiko bien zuzendaritzak, eta, nazioarteko egoera konplexua aztertzearekin batera, «herrien burujabetzaren aldeko apustua» berretsi dute.
Koalizio abertzaleak esan du «giro eraikitzailean» egin dutela bilkura Kataluniako alderdi independentistaren egoitza nagusian: «Ezkerreko bi indar subiranistaren harreman sendo eta egonkorren fruitu izan da». ERCk eta EH Bilduk elkarlan eta batasun estrategiko bateratua dute 2019az geroztik, «Kataluniako herritarren eta euskal herritarren interes komunak defendatzeko eta nazio justu eta askeak eraikitzeko bidean pausoak ematen jarraitzeko».
Bi alderdietako buruzagi nagusiak izan dira bileran: Oriol Junqueras ERCko presidentea eta Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia. Horiekin batera egon dira Elisenda Alamany ERCko idazkari nagusia, Oriol Lopez idazkari nagusiaren albokoa, Sonia Jacinto EH Bilduko Antolakuntza idazkaria eta Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetarako idazkaria.
NATOri buruzko galdeketak, 40 urte
Berrogei urte beteko dira aste honetan Espainia NATOn mantentzeari buruzko erreferenduma egin zenetik. Hego Euskal Herriko eta Kataluniako herritarrek erakunde hartan egotearen aurka bozkatu zuten galdeketa hartan. Bada, EH Bildu eta ERC «kezkatuta» agertu dira nazioarteko egoera dela-eta, eta nabarmendu dute badela garaia «bakearen, herrien burujabetzaren eta nazioarteko zuzenbidearen errespetuaren alde apustu irmoa eta ausarta egiteko».
Ohartarazi dute «gutxi batzuek bultzatutako deriba militarista eta belizistak ondorio zuzenak» izango dituela herritarren bizi baldintzetan. Gogorarazi dute gerraren ondorioak «langileek eta herri sektoreek» ordaintzen dituztela beti. Hori dela eta, ERCk eta EH Bilduk «diplomazia, negoziazioa eta ezberdinen arteko akordioak» defendatu dituzte, bakea bermatzeko biderik onena hori dela iritzita.
Indar politiko biek jorratzen duten ekintza batasunaren «egiteko nagusia» zein den ere azpimarratu dute: «Gure nazioen eskubideak defendatzea, eta 78ko erregimenaren hipotekak gaindituko dituen estatu eredu plurinazionala bultzatzea, burujabetza osoa lortzeko bidean». Helburu horrek Katalunia eta Euskal Herria nazio gisa aitortzea ekarri beharko luke «ezinbestean», eragile bien arabera, «esparru guztietan katalana eta euskara hizkuntza ofizial gisa aitortzearekin batera».