Bizikletak eta oinezkoak lehentasuna izan daitezen borrokan

Txirrind'ola elkartekoek salatu dute oinezkoak eta txirrindulariak ahantziak izan direla 2019an tranbusaren obrak hasi zirenetik. Loic Correge Mugikortasun axuantak erran duenez, bidegorri sarea hobetu dute eta heldu diren urteetan garatu nahi dute.

Baionako San Izpiritu zubiko bidegorria, maiatzaren 6an. PATXI BELTZAIZ
Baionako San Izpiritu zubiko bidegorria, maiatzaren 6ko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
2025eko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilaren 8an Txirrind’ola elkartekoek zera salatu zuten Facebooken eta Instagramen, Baionako San Izpiritu zubiko obrak bukatuak izan arren, txirrindularien egoera ez dela hobetu, garraio publikoaren zirkulazioa ez dela arindu eta oinezkoak direla galtzaile nagusiak. Azken finean, «irabazle bakarra» autoa izatea deitoratu du.

Beñat Blazquez Txirrind’ola elkarteko kidearen hitzetan, aspaldiko arazoak dira bidegorriak Baionan. Haren irudiko, 2019an tranbusaren obrak hasi zituztelarik, txirrindulariak eta oinezkoak «ahantziak» izan ziren. Errate baterako, elkarteko kideak zehaztu du Baionan badirela gune zail «anitz» oinezkoentzat eta txirrindularientzat. Hala, zehaztu du «zailak eta lanjerosak» direla San Izpiritu zubia, San Leongo hilerri ingurua eta Marracq auzotik Polo Beyris auzorainoko bizikleta konexioak.

Dena den, Blazquezek ez du nahi soilik eremu zail jakin horiei buruz hausnartzea. Haren erranetan, bidegorrien gogoetak orokorragoa izan behar du, eta «ongi pentsatu» behar da etorkizuneko hiriaren eredua. «Nolako hiria nahi dugu bihar? Autoa jaun eta jabe izatea nahi dugu ala haurrak toki publikoetan jostatzen ikusi nahi ditugu?». Baionako Herriko Etxeari erabakiak hartzeko garaia heldu zaiola erran du, eta uste du mesfidatu egin behar dela herriko etxeko heldu den urteko bozen kanpainako zuriketa berdeaz. «Orain, bizikletekin eta oinezkoekin zer egin erabaki behar da. Hauteskunde bezpera ere nabari da; heldu den urteari begira hiriko magazina gune berdez jantziko dute kontzientzia onarentzat, eta kito».

«Orain, bizikletekin eta oinezkoekin zer egin erabaki behar da. Hauteskunde bezpera ere nabari da; heldu den urteari begira hiriko magazina gune berdez jantziko dute kontzientzia onarentzat, eta kito»BEÑAT BLAZQUEZTxirrind'ola elkarteko kidea

Bidegorriak egin aitzin mintzatu eta trukatu nahi lukete Txirrind’ola elkartekoek herriko etxearekin, bideak eraikitzean taldearen iritzia kontuan hartua izan dadin. «Txorakeriak dira, baina pistak diseinatzeko garaian hor izan nahi genuke. Adibidez, oinezkoentzat edo bizikletentzat egiten diren pasabideak eta konexio guneak nola egin proposa dezakegu».

«Errespetuaren» alde

Alta, Baionako Herriko Etxearen erantzuna bertzelakoa izan da. Loic Correge Mugikortasun axuantak erran duenez, «egiazko» politika bat dute leku publikoa kudeatzeko. Hain zuzen ere, haren arabera, oinezkoak eta bizikletak lehenesten dituzte, garraio publikoa ondotik, eta, azkenik, autoa hartzen dute kontuan.

Hori baino gehiago, bizikletaren aldeko «zinezko» politika bat dutela segurtatu du Corregek, eta ez du nahi izan soilik San Izpirituko zubiaz aritu. «Ez banaiz oker, 21 kilometro pista egin ditugu bizikletentzat, eta zehaztu nahi nuke mugikortasun politikak San Izpiritu zubia baino gehiago hartzen duela».

2019an tranbusaren obrak hasi zirenetik, Corregek erran du «etengabeko hobekuntza» ekarri diotela bidegorri sareari. Nabarmendu duenez, ez dira gune zailak Txirrind’olak hala jotakoak, herriko etxearen mantenuari esker. «2019an puntu beltzak genituen bidegorri sarean. Gaur egun oraindik batzuk badira, baina uste dut zinez anitz hobetu garela Baionan. Bidegorriak sortu ez ezik, zinez hobetu dugu sarea, eta, ongi mantentzeari esker, kudeaketa ona segurtatu dugula erran genezake».

«2019an puntu beltzak genituen bidegorri sarean. Gaur egun oraindik batzuk badira, baina uste dut zinez anitz hobetu garela Baionan. Bidegorriak sortu ez ezik, zinez hobetu dugu sarea»LOIC CORREGEBaionako Mugikortasun axuanta

Bidegorriak garatzeko xedea du Mugikortasun axuantak. 2030erako, orain halako bi bizikleta egotea nahi luke; horrez gain, bizikletak «segurtasunez» aterpetzeko bi babesleku eginen dituztela jakinarazi du.

Oro har, Corregek adierazi du herriko etxeak aterabidea atzeman diola San Izpirituko segurtasun eta kudeaketa arazoari, zubiaren alde bat oinezkoentzat izatea deliberatu dutelako, eta bertze aldea, soilik bizikletentzat. Axuantaren ustez ez dago segurtasun arazorik, baina errespetuz jokatzera deitu ditu oinezkoak eta txirrindulariak. «Ohartu gara geroz eta gatazka gehiago direla bidegorrietan oinezkoen eta txirrindularien artean. Denen errespetua behar dugu leku publikoetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.