Dantzatu, dantzatu ahal ezin izan dutenen omenez. Eta dantzatu, dantzatzeagatik zigortuak direnei. «Itzalen, xuxurlen, eta borroka lurperatuen lurraldea da Gaua. Obra horren bidez, mendeetan zehar dantzatzetik debekatuak izan arren dantzatzen segitzea erabaki zutenen figurak aipatu nahi izan dituzte lau antzezlek». Halaxe aurkeztu dute Ibawa dantza kolektiboko lau kideek haien lehen sorkuntza: Gaua. Euskal Herriko sorgin ehizaz inspiratu ziren lau kideak, emazteen zapalkuntzari buruzko dantza emanaldia sortzeko. 2024ko urte bukaeran eman zuten Gaua-ren lehen bertsio laburra, eta denbora joan ahala eta sariak eta bekak irabazi ahala, obra luzatu ahal izan dute. Lanaren azken bertsio luzatua gaur emanen dute Itsasuko Errobi Festibalean, 21:30ean. Lau kideetarik bat da Amelie Delaunay dantzari eta koreografoa (Paris, 1997); kolektiboan duten sortzeko prozesua eta Gaua-ren mezuak kontatu ditu, Malandain estudioetan, bi errepikaren artean.
2024an eman zenuten Gaua lehen aldiz. Orain arte, nolako harrera ukan du piezak?
Xantza anitz dugu, harrera biziki ona egiten baitigu publikoak. Eta hori hasieran ez genuen espero. Hunkigarria da jende anitz hunkitua baita. Ez genuen uste, baina gizon anitz ere malkotan jiten zaizkigu eskertzera. Eta horri esker ohartzen gara gure lana unibertsala dela, atenporala eta multikulturala dela; edonor hunki dezake, bere istorioa izan edo beste batena.
Ibawa kolektiboa sortu zenuten, laurak Hendaiako kanpin bateko sukaldean lanean ari zinetelarik.
Parisen hazi nintzen. Dantza ikasketak egin ditut: jazza lehenik, eta ondotik dantza garaikidea ikasi nuen, Espainian. Han ezagutu nituen Lou [Cisnal], Elisa [Picq], eta Marine [Postel]; ber eskolan ikasi genuen. Behin ikasketak bukatuak, Euskal Herrira jin nintzen udako lan bat egiteko Hendaiako Euskalduna kanpinean, eta, kasualitatez, beste hirurekin kanpineko sukaldean lan egiten berriz topatu ginen. Kanpina Adelaide Daraspena zen, eta hark proposatu zigun kanpinaren animaziorako emanalditxo bat egitea. Eta hortik, Adelaidek erran zigun zinez zerbait egin behar genuela laurek. Lortu zigun data bat Hendaiako Gau Beltzean, 2024an; beraz, aski fite lanari lotu ginen.
Beraz, horretarik, Ibawa kolektiboa eta Gaua emanaldia sortu zenuten.
Gau Beltzaren gaitik abitu ginen, beraz pentsatu genuen gaua, sorginak eta akelarreak aipatzea, interesatzen zaizkigun gaiak direlako. Hortaz, anitz xerkatu genuen Euskal Herrian izan zen sorgin ihiziaz, eta orokorrean emazteen historiaz Euskal Herrian. Eta azkenean, historia horrek mundu osoko emazteen historiari oihartzun egiten dio. Nahi genuen absolutuki salatzen zuen pieza bat egin, emazteen ahotsa transmitituko zuena, errepresioa ezagutu eta ezagutzen duten emazteak irudikatzeko, eta hori guztia dantzaren bidez. Dantza izan da luzaz tresna bat emazteak erreprimitzeko, eta oraindik hala da herrialde batzuetan: emazteek dantzatzeko debekua dute. Beraz, Gaua, lehenik, Euskal Herriko sorginen iruditik abiatu zen, emazte horiek demoniotzat eta munstrotzat hartuak izan ziren, independenteak baitziren, eta ez baitziren gizonen menpe. Hori dena zentzuzkoa da, izan duela 400 urte edo gaur egun, eta borrokatzen segitzen ez badugu, oraindik luzaz iraunen du.
«Artea politikoa dela ere erran dezakegu, gero eta zailagoa baita artea egitea, eta arteaz bizitzea, izan zentsura edo diru laguntzen moztea edo apaltzeengatik. Guk xantza eta laguntza anitz ukan dugu, baina gure lagun batzuei ez zaie batere hala pasatu»
Salatzeko egin duzue emanaldia. Dantza politikoa dea?
Bai. Artea, orokorrean, politikoa da. Ene iduriko, dena da politikoa. Artearen bidez pasarazten dira hitzik gabeko mezuak, ez baita beti erraza hitz zuzenak atzematea nahi duguna errateko. Dantzaren bidez badira mugimenduak, badira bisaiaren adierazpenak… Biziki zabala da. Hitzak erabiltzerakoan aski fite erranahi bakar baten baitan hetsia izan gaitezke, gaizki uler daitezke. Aldiz, dantzaren bidez, adibidez, bakoitzak bere interpretazioa egin dezake, eta nork bere burua ikus dezake kontatutakoan. Gertatu zaigu Gaua ematea eta jendeak ikustea Greziako emazteak, edo Korsikakoak. Horrek erakusten du edonork uler dezakeela obra, nork bere ikuspuntutik.
Artea politikoa dela ere erran dezakegu, gero eta zailagoa baita artea egitea, eta arteaz bizitzea, izan zentsura edo diru laguntzen moztea edo apaltzeengatik. Guk xantza eta laguntza anitz ukan dugu, baina gure lagun batzuei ez zaie batere hala pasatu: oraindik biziki zaila zaie sortzea, lokalik ez baitute atzematen, edo ez baitute aski dirurik. Ikusten dugu artea eta kulturaren arloak direla lehenik hunkituak eta zapalduak krisi garaietan. Hori ikusi genuen COVID-19aren pandemiaren garaian, kultura larriki hunkitua izan baitzen.
Atorra beltza, baserritar gona eta plataforma handiko zapatak janzten dituzue. Zuen jantziek zer erran nahi dute?
Nahi genuen absolutuki euskal tradizioko gona bat jantzi, hemengo ohiturei begi kliska bat egiteko. Gona izan da, halaber, emazteei inposatua izan zaien jantzi bat; luzaz emazteek ezin zituzten galtza luzeak jantzi. Eta Euskal Herrian, halere, gona aski sinbolikoa da. Jantzi tradizional horri kontrastea egiteko, nahi izan dugu beste zapata pare lodi bat jantzi, horregatik ditugu plataforma handiko zapatak. Horrez gain, denek ber atorra dugu baina desberdinki emana eta apaindua: bakoitzak detaile ezberdin bat du, erakusteko nahiz eta berdin jantziak garen desberdinak garela eta bakoitzak dugula gure nortasuna.
Sorginak eta sorginen ihizia anitz aipatua izan da. Baina gertatzen da aipamen horien oinarrian aurreiritziak, klixeak eta folklorea egotea. Obra sortzerakoan, zeuen buruei galdera pausatu ote zenieten?
Bai. Kasu eman dugu sorgin gaiztoaren klixean ez sartzen. Gauza da lau garenez taldean beti garela hausnarketan. Bakoitzak gure ikuspuntua dugu, nahiz ber gauza erran nahi dugun, eta horrek bide ematen digu eztabaidak sortzeko eta elkarren iritziez elikatzeko. Eta azkenean, besteen ikuspuntua kanpoko begi gisa erabiltzen dugu. Gure sorkuntza ahalik eta zintzoena izatea nahi dugu, eta betiko istorioez urrundu; haurrak beldurtzen dituen emazte zahar eta bakartiaren istorioaz, adibidez.

Justuki, lau koreografo eta dantzari zarete. Nola sortzen duzue launaka?
Ene ustez, launaka izatea da gure ahuleziarik handiena zein punturik azkarrena. Segur, errazagoa da koreografo bakarrarekin lan egitea, usaian fiteago egiten delako. Launaka bada ideia gehiago, eta hautu gehiago egin behar dira. Gure elkarlana komunikazioan oinarritzen dugu. Komunikazioak dena aberasten digu, bagoazelako pentsatu ez genituen lekuetara. Anitz pentsatzen dugu, gauza anitz zalantzan ematen dugu. Halere, azpimarratzekoa da anitz lagunduak eta segituak garela, Malandainekoek haien estudioak prestatzen dizkigute, adibidez. Estudio edo lokalen kontua konpainia anitzentzat zailtasun handia da, eta izan daiteke oztopo bat. Guk lehiaketa eta konkurtsoak irabazi ditugu, beraz, egonaldiak ere irabazi ditugu gure lana luzatzeko.
Hainbat sari irabazi eta gero, lehen lana luzatu ahal izan duzue. Gaur, lehen aldiz, Gaua emanaldiaren bertsio luzea emanen duzue, Itsasun. Zuen hautua da hainbat eszenatokitan dantzatzea? Egin izan dituzue eszena handiak, ttikiagoak, karrikan…
Bai. Berez, Gaua karrikako emanaldia zen, eta denbora joan ahala, hori atxiki nahi izan dugu. Ez luke zentzurik dugun gaia ikusita emanaldia oholtza handi edo konbetzionaletan soilik ematea. Askatasuna nahi dugu hautatzeko non eta noiz emanen ditugun emanaldiak. Karrikaren abantaila da, gainera, badela publiko bat ez zena berez jitekoa, baina hortik pasatu delako ikusgarria begiratu duena. Iragan den igandean Baionako bestetan izan ginen, gaur Itsasuko Errobi Festibalean… Horrek modua ematen digu publikotik hurbilago izateko.