Mauletik Marseillara eta Marseillatik Londresera. Hori da egin duen bidea Hannah Erdozaintzi Etxartek (Maule, 2008), bere ttipitako ametsa betetzeko asmoz: dantzari profesionala bilakatzea. Euskal Herrian hasi zen, Maulen; ondotik, Basusarri joan zen, eta handik, Miarritzeko kontserbatorioraino. Kolegio garaia bukatu, eta argi ikusi zuen urrunago joan behar zuela ibilbidea segitzeko; horregatik, Marseillako dantza eskola nazionalera sartu zen, bere bizia gibelean utziz. Hiru urte pasatu eta gero, Londreseko ballet eskola nazionalera jauzi egin du aurten, 18 urte dituela. Euskal Herritik mila kilometrotara hartu du telefonoa.
Mauletik Marseillara, eta orain, Marseillatik Londresera joan zara. Zure lehen asteak dituzu han; nola doa sartzea, momentukoz?
Ontsa doa. Egia da pixka bat bitxia dela, dena berria baita: lekua, jendeak, hizkuntza… eta zaila da jendeekin hitz egitea, eta hizkuntza berriaren ikastea. Dantza eskolako lehen egunak ukan ditugu, eta lehen egunak ikasle berrientzat ziren. Gai anitz aipatu ditugu, sustut osasuna eta ongizatea: hitzorduak ukan ditugu mediku, psikologo eta nutrizionista batzuekin. Eta berantago, deia eskolan direnak ezagutu ahal izan ditugu, eta dantza kurtsoak hasi ditugu.
Dantzaren pasioa ez duzu berria. Zein izan dira zure lehen urratsak dantzan?
Sei urterekin hasi nintzen dantzan Mauleko Dantza Bideak elkartean. Egia da ttipidanik ukan dudala harremana eta interesa Euskal Herrian den kulturarekin. Oroitzen naiz burasoekin joaten ginela maskaradak ikustera, dantza ikusgarriak ikustera Miarritzen Maitaldia garaian… Beraz, aski fite nahi izan nuen dantza klasikoa hasi, eta zuzenean maitatu nuen. Anekdota gisa, nire balleteko lehen zapatak jantzi nituen bezain laster, pozez negar hasi nintzen. Biziki momentu azkarra izan zen. Ondotik, Basusarrin hartu nituen kurtsoak, eta bertako irakasleak pusatu ninduen urrunago joatera; erran zidan Miarritzeko kontserbatoriora joateko. Beraz, bertara sartu nintzen. Dantza klasikoaz gain, Maulen nintzelarik ere, bizpahiru urtez euskal dantza egin nuen.
Maulen bizi zinen, baina Miarritzen dantzatzen zenuen.
Kolegio osoan, seigarrenetik hirugarrenera, ene burasoek egiten zituzten joan-jinak Mauletik Miarritzera, lau aldiz astean. Eta Miarritzeko kontserbatorioan ber gauza erran zidaten: urrunago joan behar nuela. Eta entseatu behar nuen konkurtsoak pasatzen Frantzia mailan eskola onenetan sartzeko. Parisko eskolan sartzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu, ez ninduten hartu. Eta, beraz, Marseillako dantza eskola nazionalean (Okzitania) entseatu nuen, eta han bai, hartu ninduten.
Nola bizi izan zenuen lizeo garaian zure Euskal Herriko bizia uztea eta dena arrahasi behar izatea?
Garai hartan pentsatu nuen lizeo garaia zela onena hastapen bat hasteko. Gauza da, dantza munduan, etxetik goiz joan behar dela bide egiteko eta urrun joateko. Eta goiz etxetik joanez, gerora begira, prestatzen zaitu edonora joateko, eta joateko beldurra gainditzeko. Halere, zaila izan zen, kolegioan lagunak bainituen, eta nahi bainuen Etxepare lizeora joan Seaskan ibilbidea segitzeko, baina banekien erabaki onena izanen zela goizik joatea etxetik. Mauletik Marseillarat pasatzea bitxia izan zen, sustut hain gazte izanki. Han harrera familia batean nintzen, eta egia errateko, gaizki pasatu zen. Baina bi urte berantago familia aldatu nuen, eta anitzez hobeki iragan zen.
Horrez gain, intentsitate handiko hiru urte ukan zenituen han: lizeoko ikasle zinen, astean hogei ordu dantza eskoletan... Nola lortu zenuen dantza, eskola eta bizi pribatua uztartzea?
Antolaketa bat eskatzen du, baina, behin oreka atzemana dela, egingarria da. Baxo orokor bat pasatu nuen, eta beraz, lizeoko edozein ikasle bezala kurtsoak nituen egunero. Astearte eta ostegun arratsetan dantza klaseak nituen lizeoaren ondotik. Asteazken eta ostiraletan, banuen dantza arratsalde osoan, bospasei orenez. Larunbat goizetan ere beste lau orduz. Anitz egiten du, eta denbora guti uzten zidan beste lizeoa kudeatzeko, etxeko lanak, azterketak. Gainera, aski berant sartzen nintzen, eta ohiko etxeko lanez gain, dantzan ere badira etxeko lanak: luzaketak egitea, gorputza zaintzeko ariketak egitea...
Marseillako eskolak zer ekarri dizu?
Dantza klasikoaz gain, beste dantza mota bat ikasi nuen: dantza garaikidean murgildu nintzen. Biziki interesgarria izan da, ene gorputza moldatzen ikasi nuen, anitz maitatu dut. Bertan, hainbat proiektu egin genituen; koreografo proiektu bat, adibidez: koreografo baten lanez inspiratuz, sortu behar genuen koreografia bat, bi urtez. Ni Marcos Morauz inspiratu nintzen. Biziki interesgarria izan zen. Hainbat ikusgarri egin genituen; adibidez, Beltxargen aintzira Marseillako Operan, Casse-Noisette, Giselle eta halakoak. Festibaletan dantzatu genuen, batzuetan orkestrekin...
Hori guzia egin ondoren, ikasle batzuek audizioak eta konkurtsoak prestatzen eta pasatzen dituzte beste eskola batzuetara sartzeko. Nik, beraz, konkurtsoa pasatu nuen Londresko English National Ballet Schoolera sartzeko.
Holakoetan, nola pasatzen dira audizioak?
Lehenik, hautaketen aitzineko fasea egin behar da: bideoak bidali behar dira hainbat ariketa eginez, dantza ariketak, eta argazkiak bidali askotariko jarrerak erakusteko. Ondotik, txosten bat bidali behar nien eni buruzko informazioekin, motibazio gutun bat eta guzti. Fase horretan hautatu egin ninduten, eta beraz, audizioak pasatu behar izan nituen, iragan otsailean. Audizioa gainditu nuen; hilabete geroago jakinarazi zidaten mezu elektroniko baten bidez.
Dantza klasikoa mundu zorrotza dela erraten da.
Bai, bada zorroztasun handia. Zorroztasuna gorputzarekiko, bereziki erraten baita badela gorputz kanon berezi bat dantza klasikoa egiteko, eta gainera, ikasleek ere zorroztasuna gehitzen digute horri begira. Bada ere zorroztasuna gure lanean: egunero behar dugu gure alde ederrena erakutsi, akituak bagara ez da erakutsi behar; egunero prest izan behar dugu gure onena emateko, eta egia da batzuetan zaila izaten dela, denak bezala akituak izaten gara eta. Baina nik hori gainditzen lortu dut, sustut lagun onei esker, ene Euskal Herriko lagunak nahi dudalarik deitzen ahal ditut, eta gure klasean giro goxoa da. Presioaz gain lehiakortasuna gehitzen bada gure artean, zinez zaila izaten ahal da.
«Egunero behar dugu gure alde ederrena erakutsi, akituak bagara ez da erakutsi behar; egunero prest izan behar dugu gure onena emateko, eta egia da batzuetan zaila izaten dela»
Gorputzaren presioari begira, uste duzu zure gorputzarekiko harremana zaildu dizula dantzak?
Nik xantza dut irakasleek erraten baitidate kapazitate onak ditudala eta gorputz egokia dudala dantza klasikoa egiteko. Beraz, ez dut sekula ukan arazorik horrekin. Baina egia erran, ene klasean anitzek badituzte arazoak janariarekin, edo konplexuekin. Zaila eta tristea da horren ikustea.
Beste bizimodu bat hastear zara aurten ere, Londresko English National Ballet Schoolen hasi baitzara.
Eskola horretako konkurtsoak pasatu nituen, munduko eskolarik onenetarik bat baita. Sartzea iragan da, eta jadanik kontent naiz osasun mailan prebentzioa egin baitigute, ez zauritzeko eta abar. Dantza klasikoan baditugu gauza desberdinak: dantza klasikoko eskolak, oinetako puntak lantzekoak, Pas De Deux... Momentuz ditudan kezkak dira lagun berriak egitea, egunerokoan ingelesez hitz egitea zaila baita. Oinarria badut, baina ene izatea osoki ez dut lortzen erakusten ingelesez. Zorroztasunarenak ere pixka bat kezkatzen nau, ea arribatuko naizen haien eta ene helburuetara.
Eta justuki, zein dira zure helburuak?
Ene helburuak dira bi urteak hemen egitea; baditut bi urte dantzari diploma ukan arte. Urtean zehar badira bi ebaluazio, eta ebaluazio horietan erabakitzen ahal dute jendea kanporatzea. Eta ondotik, lortzen badut, beste konkurtso batzuk pasatu nahiko nituzke mundu mailan, profesional gisa hasteko.