Irri egin dut lagunak hori bota digularik: «Bi bazkari ditut bi egunez; alta, amesten dut deus ez egitea asteburu honetan. Gatuak bezala egin nahi nuke: etzan leku batean, jaiki, eta etzan pixka bat urrunago».
Halako gogo edo behar xumeak, alta, errotik ulertzen ditut. Baina ez da beti erraza asumitzea, etxe kanpoko bizi soziala aitzina doalarik, baina zuk segitzeko gogorik edo gaitasunik ez duzularik. Bazkari bat hor, kontzertu bat han, aperitifa bat orain, baratzea bihar, haurrak beti, baina noiz etzaten ahalko naiz belarretan, eguzkitan, deus ere egin gabe?
Alferkeriaren eskubidea aldarrikatzen hasi nintzen probokazio gisa aspaldian Paul Lafargueren liburu argigarria irakurrita. Akitua sortu nintzela entzun izan dut, edo auher hutsa nintzela ere bai. Baina alferra izateak gaitasunak sortzen dituela ere entzuna dut, indarra edo nekea saihesteko ahaleginak egingo ditu nagiak, ahalik eta esfortzu txikiena eskatzen duenera joko du, indar arin eta sinpleenera heltzeko. Bide sinpleagoa atzemateko gaitasunak garatzen ahalko ditu.
Lana, produktibismoa, gizarteko bizi oinarrietan da; eta, gainera, bonusa badugu hemen: barnealdeko laborantza eremuetako kulturan indartua baita lanaren alde hori, sufritzearen baloratzea gehituz.
Zure bizi coach-a bazter uzten ahal duzu. Aktibotasunean zara egunero, estimuluak etengabeak dituzu; enoatzearen aldeko aldarria egizu! Nola sortu edo aktibatu, ez baduzu pausatzeko denborarik hartzen?
Esperientzia gisa, besta egun bat gehituko nuke Euskal Herriko egutegian: Deusezaren Eguna, Maiatzaren Lehenaren bezperan, biharamunerako pikoan izateko.