Uda amaitzear da eta harekin ikasturte berri bat hastear. Iraila hilabete gaitzetsia izan da beti. Batzuen kasuan, eginbehar errutinarioen berriz hartzea da: kafe makinako kafe garratza, betiko lankideak berriz topatu, pasa den ikasturteko txostenak hartu eta berritu... Beste batzuen kasuan, ordea, bizi berri baten hasiera da. Gehienbat ikasleok bizitzen dugun egoera da. Begirada lauso batekin begiratzen diogu irailari, ezjakintasun osoz.
Bizi berri honen hasiera bizitokiaren aldaketarekin bat dator. Ingurune berri baten deskubritzearekin. Ikasketak segitzeko atzerriratzen gara, iparraldean. Izan familiagandik, habia utzi eta hegalaldia hartuz, zein sorterritik, gure betiko lekuak alde batera utziz. Ipar Euskal Herriko hainbat txokotatik Kanadara, Parisera, Korsikara eta beste hainbat lekutara jauzi egiten dugu. Usu bakarrik, eta lehen aldikoz aita-amen presentziarik gabe. Baina bakardade hau fite urratzen da. Atzerrian ere, beti euskaldun bat aurkitzen baita. Izan euskal etxeen sarearen bitartez edo asturuz. Diaspora modernoa osatzen dugu. Ongi erranik, diasporaren remake bat.
Remake hitza erratean nola ez zait burura etorriko aitatxik Ameriketara egin saltoa artzain bihurtzeko. Hark ere, familia, ohiturak eta lagunak atzean utzi zituen. Hark ere, hasieran, euforiaz gainezka, habia gogoz utzi zuen. Baina fite, herriminak harrapaturik, berriz ere sortetxera itzuli zen. Goiz ala berant, denak itzultzen gara haurtzaroan hainbeste maitatu ditugun lekuetara. Sarrionandiak dioen bezala, «sorterria nekez uzten du sustraiak han dituenak».