«Etxerik ez duen eskale bat jiten bazaigu mediku kabinetera marranta baita, badakigu arazoa ez dela marranta, baizik eta kalean lo egiten duela eta ez duela egunero elikatzeko baliabiderik». Honela laburbildu dute Lena Monville orotako medikuak eta Amina Messabis gizarte laguntzaileak berriki ireki duten Baionako osasun zentro komunitarioaren filosofia. Zehazki, osasun zentroa Baiona iparraldeko Santa Gurutze auzoan kokatua da, nagusiki immigraziotik eratorritako langile klaseko herritarrak biltzen dituen ZUP lehentasunezko auzoan. 3.000 biztanle inguru bizi dira bertan.
«Osasun zentro komunitarioak erran nahi du herritarrentzat egina eta herritarrekin egina dela», esplikatu du Monvillek. Osasun zentroan, etxeko medikuak eta kontsulta arruntak egiteaz gain, beste eskaintza «osoago» eta «orokorrago» bat proposatzen diete pazienteei, haien beharrei zehazki erantzuteko, arta «zabalagoa» emanda. Horregatik, osasun zentroan, orotariko bi mediku badira, koordinatzaile bat, baita gizarte laguntzaile bat ere, pazienteen segipen eta laguntza soziala bermatzeko. «Munduko Osasun Erakundeak erraten du: osasuna ez da bakarrik eritasunik ez ukaitea, hori baino gehiago da: ongizate orokorra izatea da. Horrek erran nahi du kontuan hartu behar direla pazientearen egoerak: etxebizitza, paperak, lan baldintzak eta abar. Horregatik ditugu gizarte laguntzaileak zentroan, pazienteak hainbat desmartxatan laguntzeko», azaldu du Messabisek. Momentuz bost langile dira, baina gerora nahiko lituzkete beste aditu batzuk errekrutatu lantaldea indartzeko: psikologo bat eta emagin bat, besteak beste. Frantziako Estatuan horrelako beste hamabost zentro badira; lehena 2006an sortu zuten, Tolosan (Okzitania).
Osasun zentroak elkarte moduan funtzionatzen du, eta pribatua da. Frantziako osasun zentro komunitarioen sareari zuzenki lotua da. Artaz gain, medikuntzan gertatzen diren desberdintasunen kontra borrokatzea da egituraren helburua, eta horregatik nahi izan dute Baionako Santa Gurutze bezalako auzo «prekario» batean plantatu. 2024an abiatu zuten proiektua, auzoaren «diagnostikoa» eginez, gizarte laguntzaileak esplikatu duenez: «Atez ate pasatu ginen, biztanleekin hitz egin genuen haien beharrak detektatzeko eta zentroaren funtzionamendua finkatzeko». Orokorrean atera diren auzokideen behar nagusiak «pluralak» izan dira Monvilen arabera: luzera begirako segipenak, zuzenean pertsona batekin hitz egin ahal izateko lekua ukaitea, etxeko bisitak adinekoentzat, laneko osasun problematikak, segipen soziala, segipen psikologikoak bereziki gazteentzat, ber problematikak dituzten beste pertsonekin harremana sortzea, hitz egiteko taldeak ukaitea...
«Anitzetan gertatzen zaigu norbaitengana joatea kontsulta bat proposatzeko eta ez onartzea diru eskasagatik. Hori guztia hautsi behar eta nahi dugu»
AMINA MESSABIS Gizarte laguntzailea
Azaldu dute auzo «prekarioetan» medikura joateko eta orokorrean osasunaren inguruko segipenak egiteko ohitura «arras guti» badela, ahalmen ekonomikoarengatik eta irisgarritasunarengatik: «Lehentasunezko auzo horietan, irisgarritasuna izugarri garrantzitsua egiten zaie biztanleei. Usu, familiek auzoaren barnean garatzen dituzte ohiturak, eta dena auzoan egiten dute. Erraten bazaie emagin bat ikusteko Hiriburura joan behar dela, ondoko herrira, ez zaie interesatuko, eta ez dira joanen. Horrek sortzen du zaintzaren eta artaren ukatze handia badela auzo horietan. Anitzetan gertatzen zaigu norbaitengana joatea kontsulta bat proposatzeko eta ez onartzea diru eskasagatik. Hori guztia hautsi behar eta nahi dugu», zehaztu du gizarte laguntzaileak. Horretarako, osasun zentroak pagatzeko molde berezi bat plantan eman du: Gizarte Segurantzak zuzenean ordaintzen ditu kabineteko langileak, eta horrela, pazienteak ez du pagatzerik, eta ordaintzekotan prezioaren parte ttipi bat besterik ez. «Osasuna denen esku izatea nahi dugu», erran du medikuak.
Diskriminaziorik gabeko gunea
«Gure xedea da medikuntza sistema tradizionalean gertatzen diren diskriminazioen kontra joatea. Hain zuzen ere, ikerketek erakusten dute pertsona arrazializatuek eta emazteek besteek baino tratu txarragoak errezibitzen dituztela artatuak izateko tenorean; eta are zailagoa da emazte arrazializatuentzat», esplikatu du Monvilek. «Diskriminazio horietaz kontziente» direla erran du, eta horiek kontuan hartu dituztela proiektua muntatzerakoan. «Gure zentroan diskriminazioen eta desberdintasunen aurka borrokatzen gara: baldintzarik gabeko harrera egiten dugu. Gure jendartearen kontrako norabidea hartzen saiatzen gara», gehitu du.
Oinarritzat duten kontzeptu bat da medikuaren «posturari» eta «jarrerari» kasu ematea: medikua ez dela denaren jakituna, eta kontuan hartu behar duela pazienteak bere osasunari eta bizitzari buruz duen ezagutza. «Kontsultan ezin da aipatu ez pazientearen iragana, ezta bizitzeko moldea ere; horrekin batera lan egin behar dugu. Ezin zaio paziente bakoitzari erran egunero kirola egin behar duela eta egunean bost barazki eta fruitu jan behar dituela, osasunerako ona baita. Hori ezin zaie denei erran ez baikara denak parekoak. Ez da egokia. Gu gatzaio pazienteari egokitu behar». Hortaz, paziente bakoitzarekin lanketa orokorragoa egiten dute, «gizarte eta medikuntza» ikuspegia kontuan hartuta.
«Gure zentroan diskriminazioen eta desberdintasunen aurka borrokatzen gara: baldintzarik gabeko harrera egiten dugu. Gure jendartearen kontrako norabidea hartzen saiatzen gara»
LENA MONVILE Medikua
2024tik gaur egunera, proiektua muntatzeko hainbat traba ukan zituzten, halere: «Hasieran, zaila zen esplikatzea zer den osasun zentro komunitario bat, eta erraten ziguten Baionan aski mediku bazela, eskaintza aski bazela. Ados ginen, ez dugu informazioa ukatzen, baina guk ez dugu ber eskaintza proposatzen, beste zerbait proposatzen dugu, bereziki aspektu kolektiboan oinarritua dena». Nahiz eta hasieran proiektua begi txarrez ikusia izan, pazienteek harrera «ona» egin diote zentroari azkenean. «Berriki ireki badugu ere, bertako jendeak eskertzen gaitu. Auzokide andana heldu zaizkigu, eta kasik egunero paziente berriak badira. Horren beharra zuten. Taldeko saioak ere eraman ditugu, eta biziki baliagarria izan zaie. Arras kontent gara», borobildu du Messabisek.