Gogoan zuten xedea doi bat utopikoa iruditurik ere, mundu justuago baten borrokarako grinak akuilaturik, ideia gauzatzea erabaki dute Christiane Etxaluz eta Jean Pierre Etxaluz anai-arrebek. Familiatik «merezimendurik batere gabe» eskuratu zuten Auzteia etxea, eta inguruko lurren emaitza egitea erabaki dute, «merezimendu aise gehiago duen jendearendako» baliagarri izan dadin. Eta, horrenbestez, proiektu aitzindari bat martxan jarri dute, eta aspalditik elkarrekin lan egiteko xedea zuten bi erakunde elkarlanean ezarri. COL etxebizitza sozialen kooperatiba eta Lurzaindia laborantza lurren babeserako elkarteari egin diote emaitza: lurrak Lurzaindiari eta etxea COLi. Bi helburu izanen dituzte: lurretan laborariak plantatzea eta etxean sei bizitegi sozial egitea. Elkarlan hori lehen «laborantzarako etxebizitza sozial» gisara ikusten dute, eta halako beste proiektuak garatzeko beharra dagoela iruditzen zaie. Imed Robbana COLeko zuzendariaren ustez, bizitegien mundua eta laborantza mundua juntatzea baitezpadakoa da lotuak diren bi problematika hauei aitzin egiteko: lurra babestu eta jendea aterpetu. Laborantzaren eta etxebizitzaren Amikuzeko egoera ikusirik, Etxaluz familiarendako naturala izan da emaitzaren hautua egitea: «Oinordekorik ez dugu, baina konbentzimenduak bai», laburbildu du Christiane Etxaluzek.
Bederatzi hektarea lur ditu sailak; jadanik baratzezain bat ari da bertan biologikoan, eta ondoko hilabeteetan beste bat ere hasiko da, kalamua eta bestelako sendabelarrak landatzeko, baita ekilorea eta garia ere. Lur sail horietan obra zenbait hartuko ditu bere gain Lurzaindiak, gaur egun lurrari dagokion etxean baitute laborategia baratzezainek, baina gerora, etxea berrituko dutenean, laborantzarako eraikina lurren ondoan izatea da asmoa. «Etxaluz familiaren emaitzak laborantza lur bat betiko espekulazio merkatutik ateratzeko modua ematen du», segurtatu du Dominique Ameztoi Lurzaindiko bozeramaileak.
Hasieran, Lurzaindiarengana jo zuten Etxaluz familiakoek, baina Ameztoik esplikatu du halako etxe bat berritzea ez zela Lurzaindiaren ahaletan. «Amesten ahal genuen, baina ezinezkoa izanen zitzaigun», erran du. Aldiz, elkartearen aspaldiko xede bat zen COL egiturarekin lan egitea, eta, familiaren onespena jasota, proiektua aurkeztea deliberatu zuten. «Anitzek uste dute bizitoki eskasia eta laborantza lurraren babestea kontraerranean direla. Baina ez da hala, justuki, elkarrekin aritu behar dugu aldi berean lurra babesteko eta jendea aterpetzeko», segurtatu du Robbanak.Â
Laborantza eremuetan, gainera, bi arazo badirela esplikatu du. «Laborantza etxeak gain behera doaz, eta laborariak izugarri baldintza txarretan bizi dira, usu etxe biziki andeatuetan». Hortaz, parte hartzaile guziek hasieratik argi izan dute Auzteia etxeko apartamentu berrietarik bi ondoko lurretan ari diren laborariendako izanen direla. Christiane Etxaluzen aburuz, justuki, arazo horiei aurre egiteko premiazkoa da laborantza eremuak desertu bilakarazten dituen sistema ekonomikoak «saihestea».
Etxearen arraberritze proiektuak denbora gehiago hartuko duela aitortu du Robbanak. «Etxea arraberritzeko eta sei apartamentu egiteko 500.000 eta 600.000 euro artean beharko ditugu. Hemendik urte bukaerara espero dugu finantzaketa plana egitea, eta behar bezalako dirulaguntzak eskatzea. Ez dugu baztertzen dirua biltzeko kanpaina bat egin behar izatea, munta handiko proiektua baita», esplikatu du. Gisa horretako proiektuak aitzindariak direnez, Robbanak aipatu du arauen aldetik zenbait blokeatze gertatzen ahal direla. Segurtatu du, dena den, Pirinio Atlantikoetako departamenduak eta Euskal Hirigune Elkargoak arrunt babesten dutela xedea, eta laguntzeko prest direla.
Ez zenbat, baina zer
Christiane eta Jean-Pierre Etxaluzen aita arno saltzailea zen, eta 1950eko hamarkadan erosi zion Auzteia Laphizketako Hourcade familiari, laborari gisa plantatu nahi baitzuen. Azken 30 urteotan, ordea, hutsik egon da etxea. «Harri hauei zer erran behar genien? Erortzen utziko genituela?», galdetu du Christiane Etxaluzek, etxearekin harreman afektibo handia zutela esplikatuz. Eta preseski, etxeari eta inguruko lurrei gero bat eskaintzeko deliberatu zuten dohaintza horren egitea. «Galdera ez zen zenbat eskuratuko genuen, etxe honekin zer eginen genuen baizik. Gu ez gara etxe honekin zenbat irabazten ahalko genukeen galdekatzen dugun mundukoak, etxe honetan zer egin daitekeen galdekatzen dugunekoak baizik», adierazi du. Eta bizitza osoan egindako hainbat borrokatan bezala, honetan ere kolektiboaren indarrean sinesten du Etxaluzek: «Elkarrekin arituz mendiak mugitzen ahal ditugu».Â
Lurzaindikoek eta COLekoek behin eta berriz eskertu dute Etxaluz familia egin duen dohaintzarendako. «Guk uste dugu batez ere COL eta Lurzaindia direla eskertu beharrekoak. Gure buruko txoko batean zen ametsa beteko baitute, eta horrek badu mirakulutik», erran du Jean Pierre Etxaluzek. Proiektu honek gisako beste batzuk ekarriko dituela espero dute denek. «Guk animatu nahi ditugu gu bezala ibilbide bukaeran diren eta halako ondare historikoek itolarria eragiten dieten pertsonak ber gauza egitera. Lurralde honetan bizitzen segitzeko kasu egin behar dugu beharrezkoak ditugun bi gauzak babesteko: lurra eta hizkuntza», defendatu du Christiane Etxaluzek.Â
Bestalde, Lurzaindiak eta COLek nahi lukete gerora begira laborantza eremuetan halako proiektuak garatzea, argi baitute etxebizitzaren eta lurraren problematika lotuak direla. «Laborantzako etxebizitza soziala behin betiko babestu behar dugu, Auzteia da lehena, baina beste halako anitz behar ditugu», ondorioztatu dute.Â