Esaldi hauek irakurtzen ahal dituzue Baionan, azaro bukaeran Frantziako Kultura ministroaren laguntzarekin eta lekuko hautetsiekin batera estreinatu zuten museo zaharberrituan: «Beste munduaren percepcio berria» eta «Zergatik fascinatzen ditu Italiak artistak?».
Obra multzo batzuen aurkezpen testuaren gainealdean, handiz idatziak diren tituluak dira. Hala xantza gurea —euskaldunez ari naiz; beraz, barne sartzen zaitut irakurle— elebidunez dira testuak. Plazera hartu dut bisita egitean, obra aurkezpenak euskaraz irakurtzea. Baina batzuetan esaldia bi edo hiru aldiz irakurri behar izan dut. Duda sartu zait. Anitzek dugun gutiagotasun konplexu horrekin jantzita: Artea da, ez dut dena harrapatzen, horregatik izango da? Baina berriz irakurrita, ergatiboa eskas zela edo esaldiak ez zuela ez buru ez buztanik ohartu, eta ulertu. Ulertu dut, goi mailako museo gisa aurkezten duten honetan, errespetu eskasa gure hizkuntzarekiko. Berriz ere, euskarazko itzulpenetan hutsak badira. Testu anitz bada irakurtzeko, eta, tarteka, oharkabean hortxe huts bat, eta ondoko gelan testu labur batean, beste huts ttipi bat. Baina handiz fascinatzen eta percepcio irakurri ditudalarik, begietako minaren ondotik kexua etorri zait. Uste duzue frantsesezko testuan hutsak badirela?
Pare bat egun lehenago Baionako beste museora joan nintzen. Badakizue, anitzek egin dugun beila, euskaraz argitaratua izan den lehen liburu ttipi horren ikustera joan naiz. Kasik hunkitu ahal izan dut nik ere.
«Beste jendek uste zuten, ezin eskriba zaiteien», zioen duela kasik 500 urte, heufcara garbian argitaratu olerkian. Berriz ere, frogatu beharko zaie enganatzen direla eta euskara ez dela museoa apaintzeko edergarri bat.