Bi urteko gatazkaren ondotik, abendu honetan onartu dute EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontua. Ekainean hordagoa egin zuen Euskal Hirigune Elkargoak, eta Euskal Konfederazioak Maider Behotegi lehendakariaren dimisioa jarri zuen mahai gainean. Baina azkenerako, Parisek finkatutakoa ezarri dute: partaide bakoitzak 100.000 euro emendatuko du oinarrizko ekarpena. Euskal Elkargoak beste 200.000 euro gehituko ditu, helduen euskalduntzera bideratuak; eta hasieran aurreikusiak zituen gainerako 350.000 euroak elkargoko hizkuntza politikara bideratuko ditu. Amore emanez bukatu dute partida, «dezepzionaturik», sinetsita EEPk zapart egiteak «kalte gehiago» eraginen zuela.
Hala ere, lehen aldiz helburu zenbakitu bat finkatu du EEP hizkuntza politikarako: 2050erako biztanleen %30 euskal hiztunak izateko erronka. Bi urtetik behin ebaluatuko dute, eta araberan aurrekontua berrikustera engaiatu dira. Euskal Konfederazioak «trufa» gisa hartu du EEP osatzen duten kideen erabakia; EAJk Euskal Elkargoaren «ausardia falta» azpimarratu du, eta EH Baik «agortutzat» jo du EEPren eredua.Â
Ororen buru, argi gelditu da euskalgintzaren eta mugimendu abertzalearen mobilizazio indartsuagoa behar duela euskararen aldeko hizkuntza politikak. Hala nabarmendu zuen EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek ere joan den apirilean. Euskararen zapalkuntzari aurre egitera deitu zituzten euskaltzaleak Baionan egin zuten mobilizazio jendetsuan. Hainbat ekintza egin ditu aurten ere EHEk, eta euskararen aldeko «jauzia» behar dela aldarrikatu dute. Heldu den urte hasieran epaiketa izanen dute EHEko hainbat kidek Baionako Auzitegian, irailean egin zuten margoketa baten ondorioz.Â
Errektoretzarekin borrokan
Aldaketak izan dira Frantziako Hezkuntza administrazioan. Kargudun berriak izendatu dituzte Bordeleko errektoretzan eta Paueko akademia ikuskaritzan. Eleetan aldaketak nabaritu badituzte ere, ekintzetan zer hobeturik ikusi dute ikastoletako arduradunek.Â
Udaberrian izan zuten lehen bataila, 2025-2026 ikasturterako baliabideak eskuratzeko mobilizazio erraldoia egin baitzuten Baionan. Errektorearekin bildu ziren ondotik, eta, eskatutako guzia lortu ez bazuten ere, barne mailako antolaketarekin egokitzapenak eginez aitzina joateko modua ikusi zuten. Baina irailean haserrea adierazi zuten beste behin, inklusiora bideratutako baliabideen gabeziagatik. Bizi duten larrialdiaren berri eman zuen Integrazio Batzordeak, beste behin, eta Frantziako Estatuaren kontra auzitara jotzeko borondatea agertu zuten.
Anartean, Frantziako Estatuarekin eta EEPrekin hitzarmen berririk sinatu gabe segitzen du Seaskak. Azterketen gaiak pizten du sumindura handiena. Aurten ere mobilizaziora jo dute Seaskako ikasle, guraso eta irakasleek. Ekainean, hainbat irakaslek Hezkuntza Ministerioaren aginduei desobeditu, eta aukera eman zieten ikasleei baxoko ahozko handiaren parte bat euskaraz egiteko.