Egun Antifaxista antolatu dute larunbaterako, Baionan

«Faxismoaren bisaia berriak» eta bilatu beharreko «estrategi antifaxistak» aztertuko dituzte bihar, 15:30etik goiti.

Eric Zemmour eskuin muturreko polemista frantsesa Biarritzera etorri zen eguneko protestak, 2021eko urrian. guillaume fauveau
Eric Zemmour eskuin muturreko polemista frantsesa Biarritzera etorri zen eguneko protestak, 2021eko urrian. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Ipar Euskal Herriko, Parisko eta Okzitania Tolosako talde antifaxistek, Ipar Euskal Herriko GKS eta Kontseilu Sozialistarekin batean, Egun Antifaxista antolatu dute biharko, abenduaren 9rako, Baionan. Faxismoaren hedatzeaz, gaur egun hartu dituen itxura desberdinez eta horri buru egiteko moldeez mintzatzeko xedez, tailer bat eta mahai inguru bat eginen dituzte, Oreka zirkuaren egoitzan. Eguna Baionako errepresioaren kontrako taldearen aldeko gaualdi batekin bukatuko dute, Epaiskan.

«Eskuin muturra normalizatzen eta indartzen ari den testuinguruan» antolatu dute Egun Antifaxista, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kide Oier Urreiztik aipatu duenez. Gehitu duenez, gobernuetara heldua ez den lekuetan ere «politikak eta agenda politikoa baldintzatzeko gaitasun ideologiko handia erakusten du. Frantziako RN eta Reconquete mugimenduen adibidea eman du.

Faxismoak betiko «elementu tradizionalak» atxikitzen baditu ere, bere itxuraren «des-deabrutzea» erdietsi duela uste du Urreiztik, «XX. mendeko esperientzietatik desberdinduz bere burua», eta gaur egun «bisaia berriak» dituela. Baina ez duela kentzen «funtsezko programa nazionalista eta erreakzionarioa beti bera» duela. Urreiztiri egokiagoa zaio, ondorioz, «bisaia zaharberrituak» aipatzea.

Eragin hori karrikan ere ageri dela gehitu du, «proletariotzaren gaineko ondorio latzak dituzten adierazpen jakin batzuk» erabiliz. Egitate horiek hedatzeak «kezkatzen» ditu biharko egunaren antolatzaileak, ikusten baitute «gutxiengo zaurgarrien edo aktibitate politiko bat libreki garatu nahi duten militante iraultzaileen kontrako eraso zuzenak» biderkatzen ari direla, Urreiztik erran duenez.

Beste garai batzuetan hedatu zen faxismoa, eta Kontseilu Sozialistako kideak ez du aldi «bakan» gisa ikusten, baizik eta «krisi kapitalistari» lotua den oldea bezala; faxismoa berriz agertzeko baldintzak «dinamika sozial kapitalistaren barruan» ikusten dituzte. Zehaztu dutenez, klase ertainak rol berezia du halako garaietan. «Klase ertainak bere baldintzak nolabait kaxkartzen ikusten ditu, eta bere estatus soziala mantentzeko aterabide potentzial gisa ikusten ahal du faxismoa». Are gehiago, Urreiztik azaldu duenez, «agortzen ari den sistema erreformistaren» parean «proiektu alternatibo errealik ez delarik». Klase ertainaz gain, gehitu du langileriaren zati bat ere horretan eror daitekeela, «bere momentuko interesak ustez faxismoan ordezkatuak ikus ditzaketelako».

Horretan ikusten du faxismoak egiten duen tranpa, zerbait gisaz. «Antagonismo soziala ezabaraziz eta komunitate nazionalaren etsai komun bat zehazten duen programa bat» aurkeztuz eraikitzen du tranpa faxismoak, Kontseilu Sozialistakoaren erranetan. Tranpa horren bidez «faxismoak kapitalismoa betikotzen laguntzen» duela trenkatu du. Beraz, «burgesiaren interesei mesede egiten dien mundu ikuskera bat da».

Buru egiteko estrategiak

Biharko mahai inguruari Faxismoaren bisaia berriak. Zein estrategia antifaxista erabili gaur egun izenburua jarri diote antolatzaileek. «Faxismoa betiko desagerrarazteko, dinamika sozial kapitalista behar da bukatu», adierazi du Urrezitik, Kontseilu Sozialistarentzat faxismoari buru egiteko bidea zein den laburbilduz. Bestela, sistema kapitalistak «langileria etengabeko kontrakotasunean eta konkurrentzian» ezartzen du, eta «zatiketak zein zapalkuntzak betikotzen».

Ondorioz, faxismoa «antolakuntza komunistaren bitartez» borrokatu behar dela erran du Urreiztik. Horrekin, langileriaren autodefentsa antolatuz eta faxismoa «agertzen den esparru guzietan borrokatuz». Horretarako, mugimendu antifaxista handi baten beharra ikusten du, «joera politizatzailea duena eta munduaren ikuskera antifaxista zabaltzen duena».

Haatik, iduritzen zaio mugimendu handi horrek ez dituela muga batzuk pasatu behar; «adibidez, talde erreformistekin aliatzea». Talde erreformistek «errealki ez baitituzte faxismoa eta kapitalismoa bukatu nahi, edo ez baitute horiek bukatzeko gaitasunik; adibidez, Espainiako Estatuan PSOErekin ikusten ahal dugun bezala».

Parisko, Tolosako eta Baionako talde antifaxistekin antolatu dute Egun Antifaxista, eta harremanak jada eginak zituzten. Pariskoek han egin zen Nazioarteko Jardunaldi Antifaxistetara gomitatu zituzten Kontseilu Sozialistakoak. Urreiztik adierazi du ohartu zirela anitz gauza partekatzen dituztela. Hark dioenez, Parisko talde antifaxistek «lortu dute kultura antifaxista mantentzea». Are, «beren biziak lanjerean ezartzeraino lortu dute faxismoa borrokatzen».

EGITARAUA

  • 15:30: Autodefentsa tailerra, 3, Albert Thomas karrikan. 
  • 17:00: Mahai ingurua: Faxismoaren bisaia berriak. Zein estrategia antifaxista erabili gaur egun?, Oreka zirkuaren egoitzan.
  • Ondotik: Gaualdia, Pannecau karrikako Epaiskan, Iparraldeko Errepresioaren Aurkako Kolektiboaren sustenguz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.