«Nafarroako eta Lapurdiko bideak elkartzen diren tokian, denborak bere eskuekin laztandu duen baserri zaharra da Tomasenea, istorioen gordailu zaharra. Ardiak izan dira bere azken bizilagunak, eta artzain bat, urte batzuk lehenago bizitzaz betetako leku hori ahanzturan erortzea nahi ez zuen artzaina». Hitz horiekin hasten da Baserriberri dokumentala. Izen bereko Baserriberri proiektua du aipagai: hamabi langabetuk Dantxarineko baserri zahar bat zaharberritu ahal izan dute zurgintzako prestakuntza ukan ondotik, landutakoa praktikan eramanez. Izan ere, mugaz gaindiko proiektua izan da Baserriberri, eta Akitania Berriko eskualdearen, Euskal Autonomia Erkidegoaren, eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin gauzatu da. Partaide eta ordezkariek espero dute mugaz gaindiko trebakuntza gune baten sortzeko «lehen urratsa» izatea.
Tomasenearen berritze prozesu «humanoa» eta «teknikoa» bildu ditu Carlos Portella Nunes zinemagile brasildarrak Baserriberri dokumentalean. Bi urte eta erdiko prozesuari bukaerako puntua jartzeko, proiektuan parte hartu duten ikasle, irakasle, antolatzaile eta partaideak bildu ziren ekainaren 12an, Donibane Lohizuneko Select zinema gelan, proiektuaren bukaerako ekitaldia egiteko eta dokumentalaren estreinatzeko.
Irakaskuntza prozesu hori plantan emateko, Angeluko Les Compagnons, Nafarroako Donibane eta Gipuzkoako Easo Politeknikoa eta Bidasoa ikastetxeetako langileak elkartu ziren ezagutzak batzeko eta transmititzeko. Ekitaldiaren lehen partean, hamabi parte hartzaileetatik sei etorri dira beren bizipenak eta oroitzapenak gogorarazteko: Antoine, Yalo, Esteban, Julen, Aitor eta Ander. Seiak jatorri, kultura eta hizkuntza ezberdinetako ikasleak dira; batzuek zurgintza hurbiletik ezagutzen zuten lehenagotik, beste batzuek arras guti, baina denak zurgin izateko trebatuak dira orain. Sei ikasleek aho batez diote esperientzia «aberasgarria» eta «ahaztezina» izan dela nahiz eta unagarria izan tarteka.

Ikasleen bizipenak irudikatzeko, filma proiektatu dute. Lau urtarotan banatua da, eta bakoitzak erronka bat irudikatzen du, formakuntzaren lehen egunetatik hasita Tomasenea baserria osorik berritua izateraino. Jon Garmendia idazleak prozesua olerki bidez kontatzen du filmean. Txalo zaparrada batekin bururatu da proiekzioa.
Portella Nunesek lanaren prozesua zaila baina ederra izan dela kontatu du: «Uste dut proiektu biziki osoa, konplexua eta parte hartzailea izan dela. Konplexua izan zen hasieran, ez nekielako nola egin proiektu poetiko eta artistiko bat eta ber momentuan eraikuntzaren problematika eta arazoak erakutsiz. Saiatu naiz drama isil bat irudikatzen, hau da, etxearen isiltasuna. Horrez gain, Tomasenearen irudia aldatzen ikusten dugun ber, protagonistak ere aldatzen ikusten ditugu. Liluragarria izan da esperientzia, hastetik buru».
Etorkizunera luzatu
Instituzioetako eta ikastetxeetako ordezkariek ekitaldiaren muinean kokatu duten erronka eta galdera zera izan da: etorkizunari begira, zer-nola gauzatu mugaz gaindiko formakuntza gune bateratu baten ideia eta asmoa. Erakunde gehienetako ordezkariek «beharrezkotzat» jo dute mugaz gaindiko formakuntza gune hori.
«Etorkizunari begira jarri nahi genuke gaur. Beti aipatzen dira mugaz gaindiko lankidetzarako oztopo juridikoak eta administratiboak, eta egungo galdera da Baserriberri ez ote den adibide ona oztopo horietatik haratago joan eta lehen urratsa egiteko aspalditik sortu nahi den formakuntza gunea osatzeko», horiek izan dira Amaia Rekarte proiektuaren koordinatzaileren hitzak. Ber iritzia eman du Andde Sainte-Marie Akitania Berriko Eskualdeko kontseilariak: erran du proiektua «osoa» izan dela, lan integratzailea izan baita, kulturak, jatorriak eta hizkuntzak nahasi dituena. «Agian, Baserriberrik erakutsiko du nola sortu mugaz gaindiko gune iraunkorra. Agian mugaz gaindiko gobernantzan ari garenok hori sakonkiago aztertu behar dugu, eta eragile berriak sarrarazi».
Ekitaldia parte hartzaileei oroigarriak banatuta burutu da. Tomasenea konpontzeko erabilitako egur plaka bat eskaini diote bakoitzari; plaketan Zu zira Baserriberriko zura esaldia zegoen zizelkaturik.