EHZ, bigarren aldiz Arberatzeko erritmoan

Arberatzeko lehen esperientzia ontzat jo, eta Amikuzen segitzeko motibazioa badute EHZko antolatzaileek. Ekainaren 27tik 29rako egitarau aberatsa proposatuko dute.

EHZ festibaleko irudi bat, Arberatzen, 2024ko ekainaren 29an. GUILLAUME FAVEAU
Hainbat lagun iazko Euskal Herria Zuzenean festibalean, Arberatzen, ekainaren 29an. GUILLAUME FAVEAU
Joanes Etxebarria.
2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lehena ontsa joan zen, eta Amikuzeko esperientzia errepikatuko dute aurten. Irisarritik Arberatzerako jauzia egin zuen iragan urtean Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalak, eta aurten gune berrian errotuko da 1996. urteaz geroztik world company-aren parean herrien rocka oholtzaratzen duen hiru eguneko ekitaldia. Dantzak, zirkuak, tailerrek, hitzaldiek, musikak eta beste animazioek Amikuzeko lurrari erritmoa ekarriko diote berriz; ekainaren 27tik 29ra eginen dute, Lurraren herritmoa lelopean.

Aurten, iazko formula hartu zuten plazaz eta pentzeaz gain, Arberatzek ate gehiago irekiko dizkio EHZri. Bat bereziki, elizaren atea; zer eta Altxalili queer kabareta plazaratzeko, Queer Falafel performance egile libanoarrari lekua uzteko eta Ane Lindane bilbotarraren bakarrizketaren plaza bilakatzeko. Elizan «egun guztiz gauzak» izanen direla hitzeman du Maixa Igoa antolatzaileak. Bakarrizketa, antzerki eta musika mota desberdinak jabetuko dira herriko elizaz.

Iaz amikuztartua

Arberatzeko lehen aldiaren bilana egin zuten iaz, urriko biltzar nagusian; «biziki positiboa» izan zen, Kattina Haran antolatzailearen erranetan. «Aroa kiskun-kaskun izan bazen ere, euri pixka bat egin baitzuen, ederra izan zen, eta jendea jin zen. Jende berria ere bai: konturatu gara Amikuze eskualdeko jendea etorri zela», esplikatu du Haranek. Laguntzaileak ere ez ziren eskas izan, eta maila guztietan ontzat jo dute Irisarritik Arberatzera egin zuten jauzia. 

2024ko EHZ jaialdiko irudi bat. GUILLAUME FAVEAU
Iazko EHZ jaialdiko musika emanaldi bat, Arberatzen. GUILLAUME FAVEAU

Irisarriko formula bera esportatu bazuten ere, eguna plazan antolatuz eta iluntzean kontzertuak pentzean antolatuz, Arberatzera egokitzeko «teknikoki desberdin pentsatu» behar zutela zehaztu du Haranek. Egokitu ziren, amikuztarren jarrera «onarekin» kontatuz, antolakuntzako kideak preziatu duenez. «Badugu harreman aski sendoa Zabalik elkartearekin, Amikuzeko ikastolako gurasoekin, AEKrekin, Arberatzeko besta batzordeko batzuekin, inguruko enpresekin, herriko etxeekin eta laborari batzuekin ere bai». 

Festibalaren biltzar nagusiaz gain, amikuztarrekin ere hainbat biltzar egin, eta hor ere ona izan zen EHZren Arberatzeko lehenaren balorazioa. Aurten, «bereziki zirkulazioa hobetzeko» laguntza emanen dute lekuko herritar anitzek, eta beste batzuek lan txandatan izena emana dute. Baina, Haranen arabera, «batez ere muntaketan eta desmuntaketan ageri da haien presentzia», iragan urtean egun oroz amikuztarrak izan baitziren, «laguntzeko motibatuak».

Bertako (h)erritmoa

Usaian bezala, kultur eskaintza zabala proposatuko du aurten ere EHZk, haurren xokotik pentzeko kontzertuetara, plazako programazioak aberasturik. Lurraren herritmoa leloarekin, bere izaera alternatiboa azpimarratu du barnealdeko festibalak, aurkezpen orrian irakur daitekeenez: «Hemengo (h)erritmotik eraikitzen da EHZ. Lurra denen ondasuna den heinean, EHZk ere hala izan nahi du, herri batez osatua eta herriaren erritmoak markatua, produktu kultural merkantilizatuen erritmo frenetiko eta esponentzialetatik kanpo».

«Edizio ederra izan zen iazkoa, eta jendea jin zen. Konturatu gara Amikuze eskualdeko jendea etorri zela»

KATTINA HARAN Antolatzailea

Ohiko antolaketa moldearekin prestatu dute hilabete bukaerako asteburua, lan batzordetan antolaturik programazioa, teknika eta beste sailen arabera. Transmisioa lantzen dutela segurtatu du Haranek, eta Irisarritik Arberatzera antolatzaile taldea aldatu dela esplikatu du: «Batzorde batzuk arrunt berritzen ari dira. Aski naturalki egiten den zerbait da». EHZko kideak taldean sartzeko gomita egin dio «motibatua den» edonori, nahiz onartu inplikazioa eskatzen duela, eta «urte osoko segipena» ere bai.

Aurtengo edizioaren aurkezpena Donapaleun, otsailaren 27an. GUILLAUME FAUVEAU
Aurtengo EHZren aurkezpena, Donapaleun, otsailaren 27an. GUILLAUME FAUVEAU

Eraso matxisten kontrako protokoloa ere aipatu dute antolatzaileek, lantzen segitzen baitute. «Arduradunak beti sentsibilizatzen ditugu protokoloari begira, eta beti ikusten dugu zer hobetzen ahal genukeen», erran du Haranek. EHZk, urtean zehar ere, protokolo hori «gogotik» partekatzen du beste eragileekin. Haien materiala ere prestatzen diote behar duenari, eta dohainik uztearen ordainez arautegi bat betetzea eskatzen dute; arauen artean, preseski, «sartzen da erasoen kontrako zerbait egitea», Haranen hitzetan, «sentsibilizazio banderolak ezartzetik protokolo bat plantan ezartzeraino».

Aurtengo berezitasun bat azpimarratzekotan, haurrei egiten dieten eskaintza aipatu dute EHZko kideek. Larunbat eta igandearekin —ekainaren 28 eta 29an—, haurren xokoa irekiko dute, egun osoan «makillajea, puzgarriak, tailerrak eta eskulanak» proposatzeko, Igoak zehaztu duenez. Han ikusten ahalko da, besteak beste, Pontx pailazoa. «Egun osoko programa izanen da haurrendako, 09:30etik 18:30era», zehaztu du Igoak.

Eztabaida xokoaren egitaraua

 

EKAINAK 28 (LARUNBATA)

  • Lurraren defentsa. Marienia Gelditu, Urdaibai Stop eta Aroztegia Gelditu kolektiboetako kideak.
  • Faxismoa Euskal Herrian. Jenofa Berhokoirigoin kazetaria, Donostiako bi ekintzaile antifaxista eta Ipar Euskal Herriko sare antifaxistako ekintzaileak.
  • Landareak. Tailer gisa, landareen kontsultategia, Jakoba Errekondorekin.
  • Errezitala. Uxue Alberdiren irakurketa musikatua, Eñaut Elorrietak lagundurik.
  • Kirola eta herrigintza. Euskal Herri osoko kirolariekin, Kiroletik herrigintzara.
  • Inperialismoa. Askapenaren bidez, Gerra inperialistak eta Europa mailako berrarmatzea.

EKAINAK 29 (IGANDEA)

  • Arte politikoa. Libanoko eta Palestinako bi artistaren hitzaldia.
  • Euskararen egoera. Ekhi Erremundegi kazetaria, Mattin Irigoien euskaltzalea eta EHEko kide bat.
  • Herri mugimenduak. Tailerra, Joxemi Zumalabe fundazioarekin.
  • COVID-19. Pandemiaren kudeaketaren gaineko gogoeta.
  • Poliziaren infiltrazioa. Madrilgo Distrito 14 kolektiboko kideak, besteak beste.
  • Sorgin ehiza. Asisko Urmenetaren hitzaldi ilustratua.

MUSIKA TALDE BATZUK

  • Wizard.

     Bordeleko (Okzitania) hirukoteak post-punk musika jotzen du. Iaz atera zuten Not Good Enough lehen diskoa aurkeztuko dute EHZn.

  • Olaia Inziarte. Kantari nafarra bere taldearekin arituko da larunbatarekin. Zerrautsa bere bigarren diskoa joko du.

  • Hop Hop Crew. Hainbat eraginetako bost musikarik osatzen dute taldea, eta hautematen da estiloen arteko nahasketa. Besta giroko musika eskainiko dute.

  • Maskak. Itsasuko eta Bidarraiko kideez osatua, ezagun bilakatu da iaz Buruz buru izeneko lehen diskoa plazaratu zuen pop-rock-elektro estiloko taldea.

  • Galder. Berri Txarrak, Kuraia, Dut eta Bazka taldeetako kide ohiak Esc izeneko bakarkako lana aurkeztuko du.

  • Henge. 2015ean Manchesterren (Ingalaterra) sortu taldeak lau disko plazaratu ditu. Sortu duten Cosmic Dross musika estiloan ari dira. Esperientzia «kosmikoa».

  • Txaptrax. 2022an abiatu xedeak bide egin, eta txalaparta, musika elektronikoa eta argi eszenografia nahasten dituen proiektua aurkeztuko dute Ipar Euskal Herriko bost artistak.

  • Voltaire. Tekno, house eta elektroa nahasten dituen musikari frantsesa da. Cod3 QR zigiluko artista, berritzailea bere estiloan.

  • Kalume. Ipar Euskal Herriko hamar musikarik osatzen duen taldeak bidea hasi berri du. Plaza eta gaztetxeetan munduko musikak eta euskal kantuak jotzen dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.