Euskal Herria Zuzenean festibalak 30 urte beteko ditu aurten, eta, horren ospatzeko, Uhinen ildoan izeneko podcasta abiatu du. Elixabet Aizager (Donapaleu, 1985) urte luzez EHZn laguntzaile eta antolatzaile egona da, eta plazerekin parte hartu du emankizunean. 1996an Arrosan hasi eta Arberatzeraino, festibalaren ibilbidea segitu du amikuztarrak. Oroitzapen onak eta gorabeherak gogora ekartzeaz gain, argi adierazi du pertsona gisa heltzeko eta hazteko tresna bat izan dela harentzat festibala.
EHZren 30 urteen karietara, podcast bat abiatu du festibalak; parte hartzaileetan zara. Zure xerka etorri ziren?
Bai, niregana etorri ziren, galdetzera ea podcast horretan parte hartu nahi nuen. Nik baiezkoa eman nien, laguntzeko plazerez. EHZren 30 urteak ospatzeko, nahi zituzten hainbat sorkuntza egin: dokumental bat, liburu bat eta Uhinen ildoan izeneko podcasta.
EHZren hainbat aldi bizi izan dituzu, laguntzaile eta festibalari gisa.
Ene lehen EHZ Arrosan izan zen. Irrigarria da, orain ohartzen bainaiz biziki gazteak ginela: laugarrenean nintzen Kanboko Xalbador kolegioan. Gurasoek konfiantza osoz uzten gintuzten esfera horretan murgiltzen. Zinez festibalari soil gisa, berriz, Irisarrin edo beharbada Lekornen bizi izan nuen lehen aldikotz. Ordura arte, beti antolakuntzan edo laguntzan ibili nintzen. Idauze-Mendin hasi nintzen, eta, ondotik, Heletan eta Lekornen ere, laguntzaile edo arduradun gisa.
Arduradun eta laguntzaile postu guztietatik pasatu zinen?
Bai, eta biziki interesgarria da ikustea gaurko belaunaldiak zer egiten duen. Iduri du 30 urte horietan gauzak errepikatzen direla alde horretatik ere. Lau orduko txanda arruntekin hasi nintzen —anitzek egin izan ditugu holakoak. Gero, haurren xokoan sartu nintzen, arduradun gisa, Udalekurekin partaidetzan. Eta Idauze-Mendiko azken urtean, talde eragilean sartu nintzen: garai hartan, administrazio kontseilua zen.
Preseski administrazio kontseilu horretan izaniko bizipen bat aipatzen duzu podcastean.
Oro har, festibalak beti izan ditu garapen fase handiak eta gorabeherak: akordeoi bat bezalakoa da. Garai hartan, Idauze-Mendin, festibalak zailtasun ekonomikoak zituen. Belaunaldi zaharrekoek eten bat ikusten zioten EHZri. Oroit naiz hein batean erotzat hartu gintuztela festibala berriz hartzea planteatu genuelarik talde berri batekin. Ene oroitzapenetan bada biltzar nagusi bat, Xuriatean egin zena, Hazparnen, non argiki erabaki zen festibalari segida eman ala ez. Begirune osoarekin, zaharragoak egiazki inkiet ziren ikusten baitzuten zertan hasi nahi genuen... Gero, erran gabe doa, beti lagundu gaituztela. Baina momentu hori pario ausart bat izan zen.
Garai hartan EHZk erabaki zuen herri baten barnean izatea, herritarrak proiektuaren barnean integratuz.
Formatu aldaketa bat izan zen. Publikoak zituen beharrei beste erantzun bat ekarri behar zitzaien. Herri batean sartzeak aberastasun handia ekarri zuen, baina konplikazioak ere bai. Herritarrekin lanketa aberatsa izanik ere, batzuetan zaila izaten zen. Adibidez, Heletan, zazpiehun biztanleko herri batean, ez genuen ondotik Irisarrin ukan zuten ideia zoragarria ukan: plazako gunea egunez denei irekitzea. Guk hetsi genuen, eta konplikatua izan zen. Pentsatu behar zen zentroko biztanleen asteburu osoko egitaraua aldatua zela. Gainera, garai berean, EHZ garapen handiko aldi batean zen: Manu Chaok 12.000 ikusle jinarazi zituen gau berean... Ikaragarria izan zen, baina biztanleekin sekulako lanketa eraman behar izan genuen aitzinetik. Herritar guziekin: herriko etxeko hautetsi eta langileekin, laborariekin, erizainekin, esne bilketariarekin...
Oroitzen naiz hor bizi zen Heletako herritar batek eskumuturreko elektroniko bat zuela, eta lanera joan behar zuela asteburu horretan. Baina tenore batzuetatik goiti ezin zen etxetik atera... Jujeari idatzi izan behar genion, eta EHZko eremuan sartu eta ateratzeko ziurtagiria ekarri. Autoa leku jakin batean utzi behar izan zuen, behar zuelarik joan eta etorri ahal izateko... Anitz eskertu zuen arduratu izana, baina ez dakit festibalaz gozatzeko parada ukan zuenetz.
30 urte horiei so, zein dira azpimarratuko zenituzkeen aldaketa nagusiak?
Entzun izan dudan eta arrunt onartzen dudan kritika bat da gure garaian EHZren antolaketa hierarkikoagoa zela egungoa baino. Izan daiteke tronpatzea, gaur egun ez baitut barnetik bizi, baina kanpotik hala iruditzen zait. Egia da garai hartan administrazio kontseiluak kristoren indarra zuela. Uste dut lortu dutela hierarkia horren zerbaiten hausten. Uste dut feminismoaren aldetik ere aitzinatu dela festibala, parekotasunari buruz eta arduren banaketari buruz. Bestalde, festibalaren helburuei lotuta, EHZ Euskal Herrira arrunt ireki da. Gu, berriz, Akitaniara buruz itzultzen ginen gehiago, batzuetan. Euskal Herri osora hedatzea zinezko abantaila da, halarik ere. Sekulakoa da! Iparraldekoa da, hemendik egiten baitira antolaketa eta urte osoko lana. Baina gaur egun festibal denboran gurutzatzen den jendea, izan publikoan edo izan laguntzan, Euskal Herri osokoa da, eta jende hori saretzen da, harremanak sortzen ditu, eta balioen aldetik bat egiten du.
Amikuztarra izanik, EHZ Arberatzen ikustea bada zerbait, ezta? Eta gerora begira, non eta nola ikusten duzu festibala?
Izugarri pozik nintzen EHZ Amikuzera partitu zelarik, baina ez naiz leku bati bereziki lotua. Festibalak badu ikaragarrizko askatasun bat, urtez urte, belaunaldiz belaunaldi atxikitzen duena. Aldatzen ahal da, gauzak asmatzen dira, baina betiere eskeletoa edo erdiko zurtoina atxikiz. Ondotik, betiko galdera: EHZk zer garapen mota nahi du, zenbaterainokoa? Nire ustez, 30 urteko garapen fase hauetan beti egin dira galderak antolaketa ereduaren inguruan. EHZri zerbait desiratzen badiot, desiratzen diot neurri berekoa egotea, eskala humanokoa, hemendik goiti ere alternatiboa izateko gisan. Ahal bezain autonomoa egotea ere bai, nahiz eta diru bilketak beharrezkoak diren, autonomia eta askatasuna atxikitzeko. Uste dut hor atzeman duela ekonomia oreka bat.
Oroitzapenak milaka dituzkezu, baina bat atxikitzekotan, zein litzateke?
Buruan baditut oroitzapen on anitz; gogorrak ere bai. Manu Chaoren kontzertua izan zenean, adibidez, ez ginen ohartzen zer antolatzen ari ginen. Aitatxik alzheimerra zuen, eta amatxirekin etorri zen. Ikusten zuen jendea trumilka arribatzen, eta ez zekien zer gertatuko zen ere. Harritua zen alde guzietatik lasterka ari ziren hainbeste gazte ikusirik. EHZk bideratzen duen belaunaldi trukaketa agerikoa zen, eta enetzat oroitzapen biziki ona izanen da beti.