Arrosatik Arberatzerainoko eta atzotik gaurdainoko bizipenak harilkatzea du xede EHZk ondu duen Auzolanaren lurretan liburuak. EHZ 1996-2026 egitasmoa abiatu zuten EHZkoek festibalaren 30. urteurrena ospatzeko: podcast serie bat, udazkenean aterako den dokumentala, eta heldu den astean argitaratuko den liburua. Aitor Servier Etxexuri (Azkaine, 1997), eta Matilda Legardinier Duhalde (Hendaia, 1998) aritu dira liburuaren lantaldean. Atzo aurkeztu zuten lehen aldiz liburua, Donapaleun. Bihar, berriz, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan presentatuko dute, 11:30ean.
EHZ festibalaren 30. urteurrena da aurten. Horren harira, EHZ 1996-2026 egitasmoa abiatu duzue. Helburua da hiru euskarritako lanak ekoiztea festibalari buruz: podcast bat, dokumental bat eta liburu bat. Zertan dira hiru lanak?
MATILDA LEGARDINIER: Podcast seriea osorik atera da, eta denak entzungai dira zenbait plataformatan. Liburua heldu diren egunotan argitaratuko da, eta eskuragarri izanen da liburu denda guztietan. Eta dokumentala, berriz, udazkenean kaleratuko da. Azken edizio hau filmatuko dute oraindik, eta gero muntaketa eginen dute, udazkenean zabaltzeko eta banatzeko.
Lan bakoitzak zer balio komunikatibo du?
AITOR SERVIER: Hiru euskarri horiek ez dira elkarren aldaera soilak; bakoitzak helburu bati erantzuten dio. Podcastekin, batetik, arreta jarri diogu festibalaren behealdeari. 2025. urteko festibalean grabatu baititugu soinu batzuk, ezkutuko lanean ari diren laguntzaileekin, prestakuntza lanetan eta abar. Dokumentalari dagokionez, berriz, iraganari so egin ordez, orainari so eginen diogu, eta, hor, 30. urteurreneko edizio hau antolatzen duen taldean jarriko dugu arreta. Liburuarekin, berriz, saiatu gara nolabait kontakizun bat sortzen, nolabaiteko kazetaritza lan bat egiten, irakurlea barnera dadin 30 urteko ibilbide horretan, eta, batez ere, irakurleak jaso dezan EHZren mugarri nagusi horietan eragina izan duen testuinguruaren berri.
LEGARDINIER: Errango nuke proiektu osoa liburutik abiatu zela. Duela urte bat eta erdi hasi ginen, belaunaldi ezberdinak biltzen zituen bilkura batzuetan, eta, berez, helburua zen liburu bat ateratzea. Eta, azkenean, solas horietatik abiatuta hiru aldaera horiek sortzea erabaki zen. Lantalde ezberdinak egin ditugu euskarri bakoitzarentzat. Liburuari dagokionez, hasi ginen aski fite elkarrizketak egiten, bai parez pareko elkarrizketak, bai talde elkarrizketak, belaunaldien arteko solas bat izateko, eta hortik ideiak eta joerak ateratzeko.
SERVIER: Eta elkarrizketa kolektibo horiekin polita izan da ikustea nola hainbat urteren ondotik memoria freskatzen zitzaien laguntzaile ohi horiei, eta, azkenean, elkar elikatuz osatzen zuten haiek bizitako garaiaren kontakizun kolektibo bat. Memoria ariketa bat izan da, eta, aldi berean, denboraren perspektibarekin, garai bateko gatazken ondotik, nolabait zauriak sendatzeko ariketa bat.
Hainbat titulu proposamenen arteko eztabaida ukan zenuten. ‘Auzolanaren lurretan’ tituluak du lehia irabazi. Zer kontatzen du goiburuak?
SERVIER: Kide zaharragoak elkarrizketatzerakoan behin eta berriz etortzen den ideia da. EHZren antolakuntza eta emaitza ez dira soilik merkatuaren logikaren edo legeen arabera ulertzen ahal. EHZn funtsezko lekua dute kolektiboki egiten diren lanek eta harremanek. Uste genuen esperientzia humano kolektibo hori ongien definitzen zuen hitza auzolana izan zitekeela. Festibala urtero 600 laguntzailek osatzen baitute auzolanean, hiru egunez. Lurretan gehitu diogu, pluralean, dakigun bezala EHZ hainbat kokagunetatik iragan delako eta leku bakoitzean izandako historiak berezitasun batzuk dituelako eta EHZaren beraren lurra aberastu delako tokian tokiko haziekin.
Eta zergatik erabaki duzue kontakizunak kronologikoki egitea?
SERVIER: Hastapenean, burutik pasatu zitzaigun gaika antolatzea liburua, baina uste genuen inportantea zela belaunaldi bakoitzaren kontakizuna jasotzea eta irakurleak ongi barneratzea. Ipar Euskal Herriko eta Euskal Herriko testuinguru batean bizi da EHZ. Hots, EHZ ez dagoela gorabehera politiko eta sozialetatik at. 30 urte hauetan, sekulako aldaketak izan dira musika industrian, eta bereziki argi ikusiko da liburu honetan EHZk nolako gaitasuna izan duen urtez urte eta hamarkadaz hamarkada bere proiektua aldaketa horietara egokitzeko, betiere hasierako filosofiarekin; hots, Euskal Herriari hiru eguneko jaialdi autogestionatu berezi hau eskaintzen.
LEGARDINIER: Praktikoki ere aski interesgarria da, jendea Idauzez oroitzen baita, Lekornez... Eta, beraz, kapitulu bakoitzak kontatzen du herri horretan edo hartan instalatu gareneko historia.
Artxibo lanak garratzi handia du: argazkiak, afixak, albisteak...
LEGARDINIER: Garrantzitsua izan da guretzat testuaren eta argazkiaren arteko elkarrizketa bat izatea, eta eskerrak baditugula argazki bilduma handiak, Medibask-ena adibidez; eta eskertzen ditugu. Zaila zen EHZ testuarekin soilik kontatzea, EHZ ikusgarria baita. Festibal bat da, eta behar zen iruditik pasatu hainbat gauza erakusteko. Barnean diren zuri-beltzezko collageak, berriz, Unai Iturriagak egin ditu.
Biak EHZko laguntzaileak ere bazarete. Horrez gain, Matilda, Elkar argitaletxeko editorea zara. Nola kudeatu dituzu laguntzailearen eta editorearen bi kasketa horiek?
LEGARDINIER: Lan gehiena EHZko laguntzaile bezala egin dut. Liburuaren tituluak dioen bezala, auzolanean egin dugu liburua. Nola uztartu ditut biak? Aski naturalki. Dakidana eman dut EHZren zerbitzuan. Eta amaieran bakarrik izan da lehia editorearen eta laguntzailearen txapelaren artekoa. Baina uste dut ongi pasatu dela. Elkar argitaletxearentzat aski naturala izan da horretan parte hartzea, saiatzen baikara euskal kulturan ari direnean ondoan izaten. Beraz, bi txapeletatik, kontent aritu naiz.
Eta zuk, Aitor, nola bizi izan duzu idazketaren esperientzia?
SERVIER: Sekulakoa izan da. Laguntzaile ohiak ezagunak nituen, baina are hobeki ezagutu ditut, eta haien bizipenen berri izan dut elkarrizketa sorta zabal hau eginez. Eta nik konektatu dut laguntzaile ohi horiekin, neure burua ere identifikatua ikusi dudalako haien bizipenetan, proiektuarekiko atxikimendu pertsonalean eta kolektiboan. Emozionala bezain politikoa izan da.
Nolako tresna izanen da liburua egungo belaunaldiarentzat, eta etorkizunekoentzat?
SERIVIER: Beti kontatzen dudan kontua da, baina gaur egun festibalean engaiatzen diren laguntzailerik gazteenak 16 bat urtekoak dira. Eta pentsa, festibalak 30 urteko ibilbidea du. Apal eta umil erraten dugu, baina uste dugu EHZren 30 urteko esperientzia xume hau inspirazio iturri izan daitekeela Euskal Herriaren luze-zabalean kulturgintzan eta herrigintzan ari den ororentzat. Ez kopiatu behar dutelako guk egiten duguna, baizik eta, denboraren perspektibarekin, liburu honetan argi gelditzen direlako akats batzuk eta baita ongi egindako gauzak ere.
LEGARDINIER: Eta pentsatzen dut, era berean, garrantzitsua zela arrasto fisiko bat uztea gure balioak transmititzen dituena. Erraten da liburuaren barnean EHZ dela gazte anitzentzat militatzeko lehen toki edo esparru bat, eta, beraz, hor fisikoki ere bada, ez gida bat, baina bada aztarna bat, bai.